Enrique Maya Iruñeko alkateak Udalaren izenean eta Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak bi entitateen arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Iruña 2030 Hiri Agendarekin bat datozen ekintza eta proiektu bateratuak garatzeko. Lankidetza-esparrua ezartzen duen akordioa lau urtez egonen da indarrean eta beste lau urtez luzatzen ahalko da.
Hitzarmen horren bitartez hala Udalak nola Nafarroako Unibertsitate Publikoak klima-aldaketarekin eta jasangarritasunarekin, gizarteratzearekin eta hiriko auzoen arteko orekarekin, kudeaketa publiko berritzailearekin, kulturarekin eta turismoarekin eta ezagutzaren ekonomiarekin eta berrikuntzarekin lotutako ekintzak egiteko aukera aztertuko dute, izan ere, horiek dira Iruña 2030 Hiri Agendaren bost arlo tematiko nagusiak. Bi aldeek proposatzen ahalko dituzte ekintzak, eta aukerak eta baliabideak biltzeko moduak aztertuko dira horiek gauzatzeko. Entitate bakoitzeko bi pertsonak osatuko duten hitzarmenaren jarraipen-batzordearen ardura izanen da gauzatuko diren proiektuak zehaztu eta hautatzea, bai eta gainbegiratzea ere.
Udalak proiektuak martxan jartzeko eskura dituen baliabideak jartzeko konpromisoa hartu du, unean uneko aukerek eta erabilgarritasunak ahalbidetzen duten neurrian. NUPek, bere aldetik, ekimenaren deskribapena, hura gauzatzeko epea eta aurrekontu zenbatetsia nahiz lortu nahi diren emaitzak azalduz aurkeztuko ditu proiektuak. Alde bakoitzak proiektu bakoitzean dagozkion jarduerak gauzatuko ditu, adostutako lan-banaketaren arabera. Ekimenak finantzatzeko baliabide propioak eta kanpoko baliabideak kontuan hartuko dira, hala nola laguntza eta dirulaguntza publikoak.
Hitzarmen hori martxoan Nafarroako Unibertsitatearekin sinatutakoaren osagarri da. Bi kasuotan, Iruña hiri jasangarriagoa, berritzaileagoa eta inklusiboagoa egiten duten ekimenak sustatzea da asmoa, Iruña 2030 Hiri Agendaren helburuen barruan dauden proiektuen bidez.