Iruñeko Udalak Nafarroako Retinarekin batera aurkeztu du gaur Iruñeko saltoki zaharrak audiogidaren bigarren zatia, Nafarroa ikusten material inklusiboen sortako hamargarrena. Oraingoan, gidoiak ibilbidea egiten du hiriko bizitzan eta hiri-bilbean enblematikoak izan diren 20 saltokiren historian, bitxikerietan eta pasarteetan barna. Horietako batzuk, gainera, bizirik daude oraindik, ehun urteak beteta. Guztiak Alde Zaharrean daude, eta 1890 eta 1920 artean sortu ziren.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Idoia Albéniz Merino materialen gidoilariak gaur azaldu dituzte CD bikoitz horretan dauden edukiak (saltoki zaharrei buruzko materialen bi zatiak daude bilduta hor). Gidoiek interesa pizten zuten egiaztatzeko, berariazko hitzaldiak egin ditu Albénizek 2016az geroztik Civivox sarean, Ikusi, entzun... eta txalo egin jarduera jasangarrien zikloaren barruan. Ziklo hori egonkorra da udal-programazioan, eta urtero hitzaldiak, zinema-saioak eta lantegiak eskaintzen ditu, horien edukiak dibertsitate funtzionala duten pertsonendako egokiak direlarik.
Audioan, besteak beste, aipatzen da Udaleko Osoko Bilkura batzuk Maeztu farmazian egin zirela bertan Udaletxean baino beroago zegoelako, Fábrica de Calzados Goñik Londresen saltzen zituela salgaiak, Café Iruñara argindarra iritsi zenekoa eta establezimendu hori 80ko hamarkadako heavy-musikako bideoklip batean atera zenekoa. Kontatzen da, baita ere, gaur egun La Fama mertzeria den saltokia gozotegia izan zela bere garaian, eta bertako jabea “oso gozozalea” zela, edp Lange Etxea, latorrizko jostailuena, Lehen Mundu Gerratik ihesi Kamerunetik zetozen bi alemanek sortu zutela 1916an, eta Parisko Konde-Kondesak urtero etortzen zirela bisitan Biarritzetik Iruñera, eta bidaia aprobetxatuta alabendako zapatak erosten zituztela Iribarren abarketa-dendan.
Nafarroa ikusten ekimena 2010ean abiatu zen, Udaletxeko fatxadaren deskribapen irisgarriaz. Orduz geroztik ibilbide luzea egin du, hiriko hainbat ondare-mugarri landuta. Gaur aurkeztutakoarekin, 10 dira guztira eskuragarri dauden audiogidak. Udalak eta Nafarroako Retinak, gune berriak sortu nahi dituzte topatzeko, elkar ezagutzeko eta kultura- eta gizarte-jarduera sustatzekoak, hori bai, ikusmen- edo entzumen-desgaitasun motaren bat duten pertsonendako egokiak. Azken xedea zera da: desgaitasuna dutenen eta haien ingurukoen eskubideak eta interesak defendatzea, horrek mesede egiten baitio gizarte osoari.
Audiogidak
2010. urteaz geroztik, Nafarroako Retinak, Irisgarritasun Unibertsala Elkartearen bidez eta Iruñeko Udalaren laguntzaz, hamar audiogida egin ditu honako eduki hauekin: Udaletxeko fatxada, Entzierroa, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, San Fermin kapera, Musika-kapera, Taconera parke historikoa eta Gazteluko plaza. Gida horien ostean ehun urtetik gorako saltokien lehen zatia iritsi zen, eta horri gehitu zaizkio Iruñeko harresiei buruzkoa (iaz) eta gaur aurkeztutakoa.
Material horiek guztiak gaztelaniaz eta euskaraz daude eskuragarri, eta doan deskargatu daitezke Nafarroako Retinaren webgunetik (www.retinanavarra.org). Asmoa da edukiak entzun ahal izatea autoan, mugikorrean edo beste jardueraren bat egiten den bitartean, eta MP3 formatuan daude. Edonola ere, eduki horietako hiru elkarteak YouTuben duen kanalean daude, eta interesdunek aurrez eskatuta, materiala doan eskuratu daiteke CDan. Material horietako lau udal-webgunean ere badaude: Udaletxeko fatxadari buruzkoa, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarena, San Fermin kaperarena eta Entzierroarena.
Idoia Albeniz
Iruñeko ehun urtetik gorako saltokiak gidoiaren egileak Nafarroako Retinaren audiogida-proiektuaren hamar sailetako bederatzi idatzi ditu, Musika-kaperakoaren gidoia Aurelio Sagasetak egin baitzuen.
Idoia Albeniz Historian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (2004), eta interes historikoa duten zenbait tokitan egin du lan, hala nola Iruñeko katedralean eta Xabierko Gazteluan, baita erakusketa batzuetan ere, Juan de Goyeneche eta nafarren garaipena XVIII. mendeko monarkia hispanikoan, Isilaldiak, 22 pintore nafar edo Errusiako inpresionismoa delakoetan, adibidez.
Iruñeko saltoki zaharrak II. Establezimenduak
- Bazar Edén
- Herederos de Ortega
- 095
- La Gran Ciudad de Londres
- Óptica Rouzaut
- Casa Lange
- Droguería Emilio López
- Carpintería Ibáñez
- Carpintería Pedro Trinidad (erraldoi-eramailea eta konpontzailea)
- Carpintería Justo Martinicorena
- Construcciones Rufino Martinicorena
- Transportes Zabalza
- Curtidos Ayestaran
- Gerardo Areta
- Juan Fernández. – Churrería Mañueta
- Claudio Lozano- 2 Cafeteras
- Vinoteca Murillo
- Alpargatería Iribarren
- Calzados Pablo Goñi
- Fábrica de pieles Pablo Goñi