
Udalak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak Iruñeko Bertso-paperak Lehiaketaren bigarren ediziorako deia egin dute eta lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Nafarroako egileek zein nafar ez diren baina Foru Komunitatean bizi den pertsona orok parte hartu ahalko dute. Literatur-lehiaketa honen xedea da bertsolaritza eta bertso-paperen modalitatea(bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoak) bultzatu eta sustatzea.
Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Bertsoen doinua zehaztu beharko da. Lehenengo edizioan bezala, oinarriek hiru kategoria ezartzen dituzte parte hartzaileen adinaren arabera. A kategoria 2008an edo geroago jaiotakoei zuzentzen zaie, eta gutxienez bi bertso eta gehienez lau aurkeztu beharko dituzte. B kategoria 2004tik 2007ra bitarte jaiotakoei zuzentzen zaie. Lanek gutxienez 4 bertsokoak izan beharko dute, eta, gehienez, 8koak. Azkenik, C kategoria 2003an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lanek gutxienez 12 bertsokoak izan beharko dute, eta gehienez 16koak, eta horrez gain, nolabaiteko batasuna osatu beharko dute.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek beren lanak eta datuak www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.eswebguneetan aurkeztu beharko dituzte, horretarako prestatutako formulario bat betez. Halaber, lanak aurkezteko beste edozein bide erabili ahal izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusten direnen artean. Kasu horretan, gutun-azal itxi batetan aurkeztuko dira, eta haren barruan, lanaren kopia bat. Gutun-azalaren kanpoko aldean, honako testu hau idatzi behar da: Literatur lehiaketa – Bertso-paperak Lehiaketa, kategoria eta lanaren izenburua. Gutun-azalaren barnean beste gutun-azal bat sartuko da, itxita; horren kanpo aldean lanaren izenburua idatziko da, eta barne aldean orri bat sartuko da, egilearen datu pertsonalak adierazita.
A eta B kategorietan gehienez hiru lan aurkezten ahalko dira; C kategorian lan bakarra. Bertso-paperak Lehiaketaren edizio honen epaimahaikideak Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak izendatu ditu, eta Amaia Telletxea, Mikel Beaumont eta Sustrai Colina izanen dira. Aurreko urtean 24 testu aurkeztu ziren lehiaketaren lehenengo edizioan. A, B eta C kategoria bakoitzeko sariak Ekhi Rojo Rodríguezek, Beñat Astiz Isasik eta Saioa Alkaiza Guallarrek irabazi zituzten, hurrenez hurren.
Sariak kategoria bakoitzeko hiru lan onenentzat
Kategoria bakoitzeko hiru sari banatuko dira. A kategoriakoak kultura-bonuak izanen dira, 150, 100 eta 50 eurokoak. B kategorian, saria diru-kopuru bat izanen da, 350 euro irabazlearendako, 200 euro bigarren postuarendako eta 150 hirugarrenarendako. C kategorian sariak biderkatu dira: 1.500 euro obra onenaren egilearendako, 1.000 euro bigarren sariarendako eta 500 hirugarren postuarendako. Kategoria guztien sariak banatzeko ekitaldia aurtengo udazkenean eginen da.
C kategorian lehen saria lortzen duenak baimena emanen die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteari emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean, sariarekin batera emandako diru-ordainaz bestekorik jaso gabe. Lehenengo argitalpen edo ekoizpen hori egiteko salbu, saritutako lanak ustiatzeko eskubideak egile bakoitzarenak izanen dira.