Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria Nazioarteko XX. Poesia Sarian parte hartzeko deia egin dute: apirilaren 30ean bukatuko da lanak aurkezteko epea

Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria Nazioarteko XX. Poesia Sarian parte hartzeko deia egin dute: apirilaren 30ean bukatuko da lanak aurkezteko epea
Gaztelaniazko zein euskarazko lanak aurkezten ahal dira, gai eta forma librekoak eta 400 eta 800 bertso-lerro bitarteko luzerakoak
Fitxategi
Premio Internacional de Poesía ‘Ciudad de Pamplona’

 

Apirilaren 30ean, 14:00etan, amaituko da epea Iruña Hiria XX. Nazioarteko Poesia Sarirako olerki-bildumak aurkezteko. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak berriz ere deitu dute lehiaketa; aurreko edizioetako oinarriak mantentzen ditu eta saria 3.000 eurokoa da, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioetarako, eta lan irabazleak argitaratuko dira. 

Pertsona orok parte hartzen ahal du, edozein nazionalitate izanik ere, betiere aurkezten diren lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatziak badira. Modalitate eta egile bakoitzeko obra bakar bat aurkezten ahalko da Aurkeztutako lanek guztiz argitaratu gabeak izan behar dute, aurretik ebatzitako beste ezein lehiaketatan saririk eskuratu gabeak, eta une honetan beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen ari ez direnak. Aurreko urteetan irabazle izandakoak ezin izanen dira aurkeztu. Poema-bildumen gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa.

Jatorrizko lanen lau ale aurkeztu behar dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta. Poemak tarte bikoitzean idatzita egonen dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak. Sariaren epaia apelaezina izanen da, eta ekainean emanen da argitara. Epaimahaiaren osaera epaia ematen denean emanen da jakitera. 2025ean, lehiaketara 342 olerki-bilduma aurkeztu ziren, 324 gaztelaniaz eta 18 euskaraz, 109 emakumezkok eta 233 gizonezkok sortuak.
Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariak 20 urte beteko ditu aurten, eta aurreko edizio guztietan Udalaren babesa izan du horretarako sinatutako hainbat hitzarmeni esker. Lehenengo bederatzi edizioetan modalitate bakarra izan zuen gaztelaniazko poema-liburuendako. 2016ko ediziotik aurrera euskarazko modalitatea txertatu zen.

Lanak aurkeztea
Lanak posta ziurtatu bidez edo posta elektroniko bidez bidaltzen ahalko dira. Posta ziurtatuaren bitartez bidaltzekotan Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa) igorriko dira, gutun-azalean honako hau adierazita: ‘IRUÑA HIRIA XX. Nazioarteko Poesia Sarirako’. 

Lanak lema eta plikako sistemaren arabera aurkezten ahalko dira. Azalean, izenburua eta lema idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilearen izen-abizenak, adina, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota helbide elektronikoa. Horrekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu. Aurkeztutako lana ezin izanen da erretiratu lehiaketa egiten ari den bitartean.

Halaber, lanak posta elektroniko bidez bidaltzen ahalko dira honako helbidera: ateneo@ateneonavarro.es; bi fitxategi bidali beharko dira: batean lana erantsiko da, eta bestean, egileari buruzko datuak jarriko dira (izen-abizenak, adina, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota helbide elektronikoa). 

¿Te ha sido útil esta página?