Udalak eta MECAk akordio historikoa sinatu dute, eta haren bidez, lehen aldiz arautuko dira entzierroen telebista-eskubideak

Udalak eta MECAk akordio historikoa sinatu dute, eta haren bidez, lehen aldiz arautuko dira entzierroen telebista-eskubideak
Bi entitateek RTVE eta EITBrekin sinatu dute hitzarmena, eta horri esker, bi erakunde publikoek euskaraz eta gaztelaniaz emanen dituzte lasterketak eta hirak 650.000 euroko diru-sarrerak izanen ditu urtero
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta Iruñeko Erruki Etxeak (MECA) hitzarmena sinatu dute gaur (asteartea), hiriak, historian lehenengo aldiz, entzierroa emateko telebista-eskubideak arautzeko. Hitzarmenak bi instituzioak hiriko bi hizkuntzen erreferente diren irrati eta telebistako erakunde publikoekin (RTVE gaztelaniaz eta EITB euskaraz) lotzen ditu, eta, ondorioz, espazio publiko pribilegiatuak lagako dira entzierroak grabatzeko, eta, aldi berean, urtean 650.000 euroko diru-sarrerak ekarriko dizkio hiriari (% 65 Udalarendako eta % 35 MECArendako). Joseba Asiron Saez alkateak eta Camino Oslé Guerendiáin Erruki Etxea fundazioaren patronatuaren lehendakariordeak gaur goizean sinatu dute akordioa Udaletxeko harrera-aretoan.

Ekainaren 15ean, astelehena, Udalak, RTVE Corporación de Radio y Televisión Española erakundeak eta EITB Euskal Irrati Telebistak hitzarmena sinatu zuten datozen lau urtetan sanferminetako entzierroak grabatu eta hedatzeko, bai eta jaietako beste ekitaldi batzuk ere. RTVEk grabatu eta gaztelaniaz emanen ditu eta, aldi berean, irudiak lagako dizkio EITBri euskaraz eman ditzan. Iruñeak espazio publikoaren erabilera lagatzen du entzierroak hobeki grabatu eta eman ahal izateko, eta, horren truke, urtean 650.000 euro jasoko ditu hiriak, bai eta entzierroen 40 urtetik gorako artxibo historikora sartzeko baimena ere, RTVE entitate publikoak baitu jabetza. Kopuru horretatik, RTVEk 550.000 euro jarriko ditu, eta EITBk, 100.000 euro. 

Zenbateko osoa honela banatuko da: % 65 Udalarendako eta % 35 MECArendako, zezen-plazaren barruan grabatzeko baimena ematearen truke. Hala, Udalak 422.500 euro jasoko ditu eta Erruki Etxeak, 227.500 euro. Zenbateko hori 2027ko urtarrilaren 1ean berrituko da, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako kontsumoko prezioen indize orokorraren urtetik urterako aldaketaren arabera. Hitzarmenaren arabera, zenbateko hori urtero ordainduko da irailaren 30a baino lehen. Horri guztiaz gain, RTVEk diru-sarrera netoak izanen balitu irudiak nazioarteko merkatuan merkaturatu eta hedatzeagatik, % 15eko ekonomia-partaidetza emanen lioke Iruñeko Udalari 50.000 eurotik gorako urteko zenbateko netotik. 

Horren truke, Iruñeko Udalak beharrezko informazioa eta laguntza emanen dio RTVEri entzierroen ibilbideari dagokionez, aurretik zehaztutako espazio publikoen erabilera esklusiboko lagapena barne, entzierroak modu egokian ekoitzi eta eman daitezen. Lagapenak lasterketak igarotzen dituen kaleak, iritsiera eta entzierroaren bukaera (zezen-plaza) barne hartzen ditu, grabatzeko perspektiba mesedegarriagoa izateko. Udala arduratuko da baimenak emateaz eta espazioak egokitzeaz. Iruñeko Erruki Etxeak gauza bera eginen du zezen-plazaren barruan. 

Aurreko astean ikus-entzunezko enpresek eta Udalak sinatutako hitzarmena uztailaren 17an berretsi zuen MECAko patronatuak. Behin batzordearen oniritzia jasota, banaketa arautuko duen hitzarmena sinatu dute gaur. Udalak ezaugarri horiek dituen hitzarmen bat sinatzen duen lehen aldia da, eta hari esker, hiriaren nortasun-ikur garrantzitsuenetako baten grabazioa arautu eta Iruñeko hizkuntza-errealitatea zabaltzen eta babesten da. Gainera, horrek bide ematen du Iruñearekin lotutako beste kultura-ekitaldi batzuk sustatzeko lankidetzan aritzeko. 

¿Te ha sido útil esta página?