Udalak eta hiriko liburutegi publikoek Irakurri, gozatu eta oparitu programarekin bat egiten dute, euskarazko liburuen irakurketa sustatzea helburu

Udalak eta hiriko liburutegi publikoek Irakurri, gozatu eta oparitu programarekin bat egiten dute, euskarazko liburuen irakurketa sustatzea helburu
Maiatzaren 31 arte, erosketa-txekeak banatuko zaizkie liburutegi publikoetako euskarazko liburuak maileguan hartu eta irakurtzen dituztenei

Irakurri, gozatu eta oparitu euskarazko liburuen irakurketa bultzatzeko kanpaina da, Euskaltzaleen Topaguneak abiatu eta 40tik gora Udalen laguntza duena, tartean Iruñeko Udalarena. Aurtengoa hamahirugarren edizioa dugu. Kanpainak euskaraz irakurtzea bultzatu nahi du, eta horretarako, liburutegi publikoetan euskarazko liburu bat irakurtzeko maileguan hartzea saritu nahi du, euskarazko liburu berriak erosteko trukatu daitezkeen txekeak banatuz. Maiatzaren 31ra arte iraungo du.
 
Euskarazko liburu bat maileguan hartu eta ondoren irakurtzea saritu nahi da, nola eta liburuaren prezioaren % 35eko balioa duen erosketa-txekearen truke. Dinamika erraza da oso. Erabiltzaileak euskarazko liburu bat hautatuko du liburutegi publikoetako batean, eta etxera eramanen du, irakurtzeko. Irakurritakoan, liburua liburutegira itzuli eta irakurketa-fitxa bete beharko du, irakurritako lanaren inguruan. Behin fitxa beteta, liburutegiko arduradunak erosketa-txeke bat emango dio. Txeke hori erabiltzea da azken urratsa: txeke horrekin % 35eko deskontua izanen dute euskarazko liburu bat erostean, izan liburua norberarentzat izan norbaiti oparitzeko. Txekeak programari atxikitako Iruñeko liburu-dendetan soilik trukatzen ahalko dira.. Iaz 9 liburu-dendak egin zuten bat Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainarekin, hiriko hamar liburutegi publikoez eta Civicanekoaz gain.

Apiril eta maiatzean, zozketa bana eginen da, 30 euroko erosketa-txartelak banatzeko programaren erabiltzaileen artean, euskarazko liburuen truk aurkez ditzaten. Txeke horien bidez ezin izanen dira erosi eskola-liburuak, hiztegiak, gramatika-liburuak eta entziklopediak. Pertsona batek eskuratzen ahal dituen txeke-kopurua mugaturik dago. Izan ere, lau txeke eskuratzen ahalko ditu gehienez ere, bi apirilean eta bi maiatzean.

Euskaltzaleen Topagunea irabazi-asmorik gabeko kultur erakundea da, eta euskarazko irakurketa bultzatzeko programa hau aldi berean antolatzen du euskararen esparruko berrogei udal baino gehiagotako liburutegietan. Erroturiko ekimen honen helburuak honako hauek dira: irakurzaletasuna bultzatzea, liburutegi publikoen erabilera sustatzea, euskal literatura ezagutarazi eta sektore hori indartzea eta euskararen presentzia sendotzea herritarren arteko kultur kontsumoan.

¿Te ha sido útil esta página?