Udalak eta haurren eta nerabeen zazpi erakunde komunitariok bere gain hartuko dute auzoetan ‘babes-eragile’ izateko ardura

Udalak eta haurren eta nerabeen zazpi erakunde komunitariok bere gain hartuko dute auzoetan ‘babes-eragile’ izateko ardura
Foru Legeak jasotakoari jarraikiz, lauhileko honetan jarriko da abian prebentzio komunitario publikoko partaidetzapeko sistema
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta zazpi auzotako haurren eta nerabeen beste hainbeste erakunde komunitariok hitzarmenak sinatuko dituzte entitate horiek haurrekin eta nerabeekin engaiatutako ‘babes-eragile’ gisa aintzatetsi eta 3 eta 17 urteko adingabeen aurkako indarkeria- eta babesgabetasun-egoerei aurrea hartu eta egoera horiekin lotutako esku-hartzeak eta detekzio goiztiarrak egiten laguntzeko ekintzak gauzatzeko.

“Haur eta nerabeekin lotutako prebentzio komunitarioko zerbitzuko erakunde” izendatu diren zazpi elkarte / fundazioak honako hauek dira: Aldezar elkartea (Alde Zaharra), Umetxea Sanduzelai elkartea (Sanduzelai), Siñarzubi haur eta gazteen federazioa (Txantrea), Hazialdea elkartea (Ermitagaña-Mendebaldea), Batean Arrotxapeko elkarteen federazio komunitarioa (Arrotxapea), Buztintxureando Txuri haur eta gazteen elkartea (Buztintxuri) eta Etxabakoitz Bizirik gizarte- eta hezkuntza-elkartea (Etxabakoitz).

Horiek guztiek izena eman dute Gizarte Zerbitzuen eta Berariazko Baimenen Erregistroan, joan den apiriletik ezarrita baitago lege-eskakizun hori; halaber, entregatu dituzte dagoeneko komunitate arloko prebentzio- eta sustapen-proiektuak, erakunde horien auzoetan proposamenak egin eta alderdi hauek jorratzeko: gizarte- eta hezkuntza-laguntza, haurren eta nerabeen parte-hartzea, sarean lan egitea, koordinazioa, prestakuntza eta errealitatearen etengabeko azterketa. Proiektua justifikatzeko, azken memoria egin beharko da, eta bertan zehaztutako helburuen betetze-maila eta justifikazio ekonomikoa jasoko dira. 

Zaloa Basabe Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkariak eta entitateen hainbat ordezkarik gaur goizean sinatu dituzte Foru Legean ezarritako ezohiko hitzarmenak Udaletxeko harrera-aretoan; hitzarmen horiei esker, elkarte bakoitzak 14.000 euro eskuratuko ditu 2025eko irailetik abendura bitarte egindako lanaren truke. 2025ean, Udalak 98.000 euro emanen dizkie guztira, eta horrez gain, aukera emanen die lantoki egonkorretan eta udal-lokaletan, batik bat zentro komunitarioetan, aritu daitezen. Gainera, lankidetza-esparru horretan, elkarte eta fundazio horietan parte hartzea erraztuko zaie haur eta nerabeei, eta haien esku jarriko dira haien lurralde-esparruko kulturguneak eta kirol-azpiegitura publikoak. 

Entitateak eta administrazioa elkarlanean arituko dira errealitatearen azterketa etengabe eguneratzeko, eta hori komunitatearen diagnostiko moduko bat izanen da, ahalbidetuko baitu haur eta nerabeen babes-inguruak planifikatu eta antolatzea.

Araudi berriak lankidetzaren kontzeptua aldatzen du. Orain arte elkarteek ordainsari baten truke egiten zuten lan Udalarentzat, eskumen horren arduraduna zen heinean, baina orain lege-mailako araua aldatu egin da, eta sistema ‘babes-eragile’ kontzeptuaren inguruan ardazten da. Erantzukidetasun-konpromiso bat da, eta prebentzio komunitarioko eredu publiko bakarra finkatzen du, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, toki-administrazioen eta haur- eta nerabe-sare komunitarioen partaidetza barne hartuta. 

Udalarekin lankidetzan lan egiteko elkarterik ez duten auzoen kasuan, Udalak beharrezko baliabide teknikoak bermatuko ditu hezkuntza-guneak eskaini eta prebentzio komunitarioaren esparruan garatu daitezen sustatzeko.


HAUR ETA NERABEEN ERAKUNDE KOMUNITARIOAK

•    Alde Zaharra        Aldezar elkartea
•    Sanduzelai        Umetxea Sanduzelai elkartea
•    Txantrea        Siñarzubi haur eta nerabeen federazioa
•    Ermitatagaña-Mendebaldea    Hazialdea elkartea 
•    Arrotxapea        Batean Arrotxapeko elkarteen federazio komunitarioa
•    Buztintxuri                Buztintxureando Txuri haur eta gazteen elkartea
•    Etxabakoitz                 Etxabakoitz Bizirik gizarte- eta hezkuntza-elkartea

 

¿Te ha sido útil esta página?