Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean arituko dira Tiempo fuera – Kanpo lana programan; Sanduzelaiko Iparralde DBHI institutuan abiatuko den hezkuntza-ekimen bat da, zeinaren bidez ikastetxeek gaur egun erabiltzen dituzten aukerez bestelakoak bilatu nahi baitira elkarbizitzaren aurkakoak diren edo horri kalte handia eragiten dioten jokabideei aurre egiteko. Itziar Gómez Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotziak goizean bisitatu du ikastetxea, Komunitate Poliziako Juan Castro kaboarekin batera, eta bertan zuzendaritza-taldearekin bildu da, zeinaren buru Mikel Rípodas zuzendaria eta Miryam Erkizia ikasketaburua izan baitira.
Funtsean, hauxe da programaren oinarria: ikasleen kanporatzeak komunitate-zerbitzuez ordeztea. Izan ere, eskoletara joateko eskubidea etetean ez da beti lortzen zigortutako ikaslearen portaeran eragin nahi den aldaketa. Programa honen bidez, osagai positibo bat txertatzen da, zigor-prozeduraz bestelakoa, eta horrela, aukera ematen zaie ikasleei beste esparru batzuetan aritzeko, eta horietan haien aletxoa jartzeko. Iruñeko Udaltzaingoa arduratuko da, Komunitate Poliziaren bidez, beste jarduera eta komunitate-zerbitzu horiek kudeatzeaz.
Hori horrela, programaren helburua da hezkuntza-lan alternatiboa egitea halako ikasleekin zeinendako egoki jo baita, ikastetxeko Elkarbizitza-araudia aplikatzearen ondorioz –kasu zehatz honetan, Iparralde DBHIkoa–, jarduera-sozialak egitea aintzat hartzen duen hezkuntza-neurria aplikatzea. Horrekin nagusiki ikasleei lotutako zenbait alderdiri heldu nahi zaio. Haien heziketan lagundu nahi da, hezkuntza-neurri eraikitzaileak, eragindako kaltea konpontzera eta bizitzarako gaitasunak hobetzera bideratutakoak erabiliz; ikasleei beste gizarte-errealitate batzuk erakutsi nahi zaizkie, horietan engaiatu eta arduratsuagoak izan daitezen; ikastetarako motibazio-iturri izan daitezkeen zenbait jarduera erakutsi nahi zaizkie eta etorkizunerako orientazioa eman; eta ikasle bakoitzaren interesa pizten duena aurkitzen lagundu nahi zaie, horien bizi-proiektua eraikitze aldera. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarbizitza hobetzea xede duen Tiempo fuera – Kanpo lana programa abiatzeko hitzarmen bat sinatuko dute.
Programaren funtzionamendua
Ikastetxeko Elkarbizitza Batzordeak, ikasketaburuarekin batera, banaka aztertuko ditu kasuak, eta jarduketa-plan pertsonalizatuak diseinatuko ditu, bertan jasota egin beharreko jardueren nondik-norakoak. Plan hori dagokion erakundeari helaraziko zaio, kasu honetan Iruñeko Udaltzaingoaren Komunitate Poliziari, oniritzia eman dezan eta, gerora, emaitzak ebaluatu ditzan. Halako neurriak hartzen direnean ikasleari jakinaraziko zaizkio zer aukera dituen saihesteko eskoletara joateko eskubidea etetea edo ikastetxean bestelako jarduerak egin behar izatea. Halaber, familiarekin bilera bat egingo da, egoeraren berri emateko eta programaren funtzionamendua azaltzeko.
Ikasle parte-hartzaileek derrigorrean bete beharko dute beren jarduketa-plan pertsonalizatua. Horrez gain, Tiempo fuera – Kanpo lana programaren jardueretan parte-hartzeak ez du esan nahi ikasleek alde batera utzi ditzaketenik edo utzi behar dituztenik beren eskola-zereginak. Programaren barruko jarduerak egiten ari diren egunetan azterketarik badute horiek egin beharko dituzte, bai eta irakasleek agintzen dizkieten gainerako lanak ere. Programan parte hartzen duten ikasleek izandako esperientziari buruzko memoria-gogoeta egin behar dute, hori entregatu, eta elkarrizketa batean azaldu ikastetxeko elkarbizitzako arloko arduradunari edo ikasketaburuari.