Udalak eta Euskaltzaindiak hizkuntza-aholkularitzarako eta euskara sustatzeko urteko hitzarmena berritu dute

Udalak eta Euskaltzaindiak hizkuntza-aholkularitzarako eta euskara sustatzeko urteko hitzarmena berritu dute
Nafarroan aplikatzekoak diren hizkuntza-arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofizialak 12.000 euro jaso ditu aurtengo jardueretarako
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak gaur goizean sinatu dute 12.000 euroko dirulaguntza izenduna emateko hitzarmena. María Echávarri Pertsonen Kudeaketako zinegotzi ordezkariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak gaur goizean sinatu dute aurten– urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte– egindako jarduerak barne hartuko dituen hitzarmena.

Ekitaldian izan dira, halaber, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea, Udalaren ordezkari gisa, eta Euskaltzaindiaren ordezkari gisa, Sagrario Alemán Akademiako euskaltzain osoa eta Nafarroako ordezkaria eta Andrés Iñigo euskaltzain emeritua.

Sinatutako hitzarmenean zehazten da Euskaltzaindia Iruñeko Udalak eskatutako aholkularitza emateko zereginetan arituko dela, euskararekin zerikusirik duten hizkuntza-aferez bezainbatean. Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta erakunde aholku-emaile ofiziala da Nafarroan aplikatzekoak diren hizkuntza-arauak ezartzeko orduan. Zentzu horretan, Euskaltzaindiak Iruñean duen ordezkaritza (Oliveto Kondearen etorb. 2) mantentzeko konpromisoa hartu du eta bertatik herritarrei eskaintzen zaizkien hizkuntza-aholkularitzako zerbitzuak emanen ditu, bai eta euskarari lotutako gaiei buruzko txostenak eta ziurtagiriak ere.

Hedapen jardueren barruan, Euskaltzaindia Udalarekin elkarlanean arituko da, besteak beste, kultur ekitaldien, ikastaroen eta hitzaldien programazioan eta egiten dituen argitalpen bakoitzaren (liburuak, aldizkariak etab.) hamaika ale emanen dizkio Iruñeko Udalari, hiriko Liburutegi Publikoetarako eta Udaleko Euskara Zerbitzuarendako.
 

¿Te ha sido útil esta página?