Udalak eta Euskaltzaindiak hizkuntza-aholkularitzako eta euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatu dute

Udalak eta Euskaltzaindiak hizkuntza-aholkularitzako eta euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatu dute
Udaleko Osoko Bilkurak otsailean onetsi zuen Euskaltzaindiari 12.000 euroko diru-laguntza izenduna ematea
Irudia
Irudia

Udalak eta Euskaltzaindiak 12.000 euroko diru-laguntza izenduna emateko hitzarmena sinatu dute, Osoko Bilkurak joan den otsailean onetsitakoarekin bat. Aritz Romeo Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzi ordezkariak eta Andrés Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak izenpetu dute hitzarmena, aurtengo abenduaren 31 arte indarrean egonen dena.

Hitzarmen horren bidez, Euskaltzaindia Iruñeko Udalari aholkularitza emateko zereginetan arituko da, euskararekin zerikusirik duten hizkuntza-aferez bezainbatean. Informazio- eta aholkularitza-zerbitzuak emanen ditu, bai eta txostenak eta ziurtagiriak ere, herritarrek horrelakoak eskatu ahala. Halaber, kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar bultzatuko ditu, kasuan-kasuko erakundeekin eta elkarteekin elkarlanean arituta. Azkenik, Euskaltzaindiak sustatzen dituen argitalpen, aldizkari eta edizioen zenbait ale emanen dizkie udal-liburutegi publikoei eta Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuari.

Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak interes bat eta bera daukate euskara normalizatu eta sustatzeko, eta hori dela eta biek ala biek hartzen dute helburu gisa euskara normalizatu eta sustatzea Iruñeko biztanleen artean, hala hiztunen kopuruari nola hizkuntzaren erabileraren kalitateari dagokienez. Euskarari buruzko Foru Legeak Euskaltzaindia izendatzen du erakunde aholku-emaile ofizial, Foru Erkidegoan aplikatzekoak diren hizkuntza-arauak ezartzeko orduan.

Hitzarmen honen bidez Euskaltzaindiak jasotzen duen diru-laguntza bideratzen da, eta xedatzen dira bere gain hartzen dituen baldintzak eta konpromisoak. Horien artean daude Iruñean duen egoitza edo ordezkaritza mantentzea eta bertatik herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ematea.

 

¿Te ha sido útil esta página?