Udalak eta COCEMFEk Ez da VIP gune bat, behar bat da kanpaina abiatu dute, desgaitasuna dutenei aparkatzeko erreserbatzen zaizkien tokiak erabiltzeari lotuta

Udalak eta COCEMFEk Ez da VIP gune bat, behar bat da kanpaina abiatu dute, desgaitasuna dutenei aparkatzeko erreserbatzen zaizkien tokiak erabiltzeari lotuta
Zaintza-lan handiagoa egingo da, baina herritarren kontzientzia eskatzen da; 2018an 383 laguni jarri zitzaien salaketa, eta 126 txartel kendu ziren, erabilera okerrengatik
Irudia
Irudia

Ez da VIP gune bat, behar bat da; horixe da mugikortasun urriagatik desgaitasuna duten pertsonei erreserbatuta dauden aparkatze-tokiak behar bezala erabiltzeari buruzko sentsibilizazio-kanpainaren leloa. Iruñeko Udalak eta COCEMFEk bultzatutako kanpaina informazioa ematekoa da funtsean, Udaltzaingoaren zaintza-lanak indartuko badira ere. Herritarren kontzientzia eskatzen da, gizalegezkoak ez diren erabilerak eta jokabideak saihesteko, diru-zehapenak –isunak– eragiten dituztelako, baina, batez ere, halako tokiak benetan behar dituztenen kaltetan doazelako.

Kanpainaren barruan dago metro batetik gorako diametroa duten biniloak –komikietako bunbuilo formadunak– paratzea hirian desgaitasuna dutenendako erreserbatutako 40 tokitan. Binilo horietan oihartzuna ematen zaie toki horien onuradunen ahotsei, hots, desgaitasunen bat dutenei, aditzera ematen baita bertan aparkatzea ez dela pribilegio baten ondorio, baizik eta errespetatu behar den premia batena. Horrez gain, COCEMFE federakundeko kide diren boluntarioek eta Dornier-eko langileek 2.000 txarteltzar jarriko dituzte erreserbatutako toki horietan aparkatuta dauden ibilgailuetan; txartel horietan zenbait pertsonaren –izen-abizenak ere aipatuta– testigantzak izango dira, eta lehen pertsonan kontatuko dute zertarako erabiltzen dituzten halako tokiak eta nola zuzeneko kaltea eragiten dieten toki horien iruzurrezko erabilera. Halaber, kanpainak toki horien erabiltzaileak animatu nahi ditu kanpaina sare sozialen bidez hedatzera, aparkatzeko toki horiek zertarako behar dituzten partekatuz, #EzDaVIPgunea traolaz.

Itziar Gómez Herritarren Segurtasun eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkariak eta Manuel Arellano Nafarroako COCEMFE kofederakundeko lehendakariak gaur goizean aurkeztu dute kanpaina hori, ardatz duena, batetik, mugikortasun urriko pertsonei aparkatzeko erreserbatutako tokiak ongi erabiltzea, eta, bestetik, Udalak pertsona horiei hirian aparkatzeko ematen dizkien txartelak ere ongi erabil daitezela. Gaur gaurkoz, Iruñeko Udalak mugikortasun urriko pertsonei erreserbatutako tokietan aparkatu ahal izateko 4.101 txartel eman ditu guztira. Hirian erreserbatutako eta behar bezala seinaleztatutako 600 toki baino gehiago daude, horietako 386 lur gainean aparkatzekoak eta auzo guztietan banaturik, bertan aparkatu dezaten berariazko txartel hori dutenek soilik. 

200 euro erreserbatutako gune batean aparkatzeagatik, eta 500 euro txartela gaizki erabiltzeagatik
2018an 383 salaketa administratibo jarri ziren mugikortasun urriko pertsonei erreserbatutako aparkatze-tokiak bidegabe erabiltzeagatik. 2017an, zio horrengatik, 405 izan ziren. Baimenik gabe toki erreserbatua erabiltzeak 200 euroko isuna dakar, eta ibilgailua garabiak eramatea. Iruñeko Udalak eta Udaltzaingoak herritarrei gomendatu die ezen txartel-erabiltzaile batek ikusten badu hari erreserbatutako tokia baimenik ez duen ibilgailu batek okupatzen duela, ahalik eta lasterren deitzeko 092 telefonora. 

Baimenik gabeko ibilgailuak erreserbatutako toki horietan aparkatzeaz gain, bada antzeman den beste portaera bat, txartelaren erabilera okerra, alegia, txartela horretarako baimendutako pertsonak ez erabiltzea, nagusiki. Iaz, Udaltzaingoak 126 txartel kendu zituen erabilera okerrengatik, eta kopurua murriztuz joan da azken urteetan, 2017an 155 eta 2016an 275 kendu zirelarik. Mugikortasun urriko pertsonendako aparkatze-txartela oker erabiltzeak 500 euroko isuna dakar berekin, eta txartela kentzea. Kasu batzuetan, txartelaren erabilera oker hori bide judizialetik bideratu daiteke, adibidez, txartelaren titularra zendu den kasuetan edo datuak manipulatu direnean (agiri-faltsutzea).

Europako araudia, Udalaren eskumena
Mugikortasun urriko pertsonei aparkatzeko txartelak ematea Europako araudi batek arautzen du, eta udal bakoitzaren eskumena da, betebeharrak betetzen diren arabera ematen baititu. Iruñeak erabiltzailea hirian bizi bada ematen ditu, eta honako agiri hauetakoren bat aurkezten bada: desgaitasun-maila aitortzeko agiria, 7 puntu edo gehiagoz Mugikortasun / Garraio Kolektiboaren baremoan (edo A, B edo C atalean), edo ikusmen-zolitasunaren mailaren gaineko egiaztagiria (begi onean, ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago, zuzenketa barne, ala ikusmen-eremua 10 gradura edo gutxiagora murriztuta). 2006 aurreko agirietan ez da adierazten Baremoaren puntuazioa, eta beraz, 7 puntu edo gehiago honako hauen baliokide dira: “BAI” eta “mugitzeko zailtasun larriak ditu”.

Txartelak baimena ematen du Iruñean desgaitasuna dutenei erreserbatutako tokietan aparkatzeko, eta MUG eta MUR eremu guztietan (urdina, berdea, laranja, gorria) tiketik ordaindu gabe eta “bizilagunak soilik” baldintzek haiengan eraginik izan gabe; baimena ematen die, baita ere, une jakinetan zamalanetarako erreserbatutako tokietan aparkatzeko, betiere azken aukera gisa eta ez badago beste inon aparkatzeko modurik. Gainera, txartel horrekin hilerrira joan daiteke urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean eta 2an, sanferminak direla eta zirkulazio murriztua duten guneetara eta Alde Zaharrera, betiere ibilgailuaren matrikula http://www.plandeamabilizacion.com webgunean aurrez erregistratzen bada. 

Txartelak Europa osoan du balioa, baina erabilera-arauak, arestian aipatutakoak, udalek zehazten dituzte hiri bakoitzean. Txartela eskuratzeko izapideak Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko bulegoetan egin behar dira (Iratxeko Monasterioaren kalea, 2). Txartelaren esleipendunak betekizunak betetzeari uzten dionean bertara jo beharko du baja hartzeko.

¿Te ha sido útil esta página?