Udalak eta COCEMFEk desgaitasuna dutenendako aparkatze-txartelen erabilera egokia sustatu dute, horien erabilera-arauak dituen zorro batzuen bidez

Udalak eta COCEMFEk desgaitasuna dutenendako aparkatze-txartelen erabilera egokia sustatu dute, horien erabilera-arauak dituen zorro batzuen bidez
Txartelak gordetzeko balio dute, horiek ikusgai mantenduta, eta haiekin zer egin daitekeen eta zer ez zehazten duen dekalogoa dute
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak eta COCEMFE Desgaitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen Nafarroako elkarteen Federazioak desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatutako aparkatze-txartelak ongi erabiltzea sustatuko dute, eta horretarako zorro batzuk banatuko dituzte, dekalogo baten bidez nola erabili behar diren gogoratzen diguten akreditazio horiek gordetzeko.

Ekimen horren helburua da modu errazean informatzea txartel horien erabilera egokiaren inguruan, eta onuradunen senideek horiek erabiltzean egin ditzaketen gehiegikeriak ekiditea, kasurako fotokopiak egitea aldi berean hainbat autotan paratzeko. Horrelako jarrerek zuzenean kaltea eragiten diete erreserbatutako aparkaleku-plazak erabili behar dituzten beste pertsona batzuei, izan ere, batzuetan, txartelak gaizki erabiltzearen ondorioz okupatuta egoten dira. Txartelak gizalegearen kontra erabiltzeak 500 eurora bitarteko isunak ekar ditzake, eta are txartela bera kentzea, aldi baterako edo behin betiko.

Hemendik aurrera, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko bulegoetan ematen den txartel bakoitzarekin batera zorro hori ere banatuko da, zeinetan azaltzen baitira erabiltzeko ohiko egoerak eta erabilera egokiak nahiz desegokiak. Halaber, QR kodea ere badute, eta horri esker dekalogoa jasotzen duen webgunean eskuragarri egonen da herritar guztientzat. Desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatutako aparkatze-txartelak jada dituzten erabiltzaileek Herritarren Segurtasuneko bulegoetan eska dezakete zorroa, edo COCEMFE Nafarroaren egoitzan, Txantrea auzoko Mendigorria kaleko 12an.

Aurrera doa ‘Nire tokian jarri. Ez okupatu’ kanpainaren kontzientziatze-lana

Ekimena Iruñeko Udalak eta COCEMFE Nafarroak iaz urte bukaeran aurkeztutako “Nire tokian jarri. Ez okupatu” kanpainak hasitako bidearen jarraipena da, erreserbatutako aparkaleku-plazak errespetatzea sustatu eta gizalegearen kontrako jarrerak ekiditeko, kasurako toki horiek okupatzea dagozkien txartelik gabe. Kanpainarekin batera, gurpil-aulkietan dauden pertsonen tamaina errealeko figurak paratu ziren erreserbatutako hainbat aparkaleku-plazatan, hiri osoan barna.

Gaur egun, Iruñean mugikortasun urriko 3.150 lagunek aparkatu dezakete haiendako erreserbatuta eta seinaleztatuta dauden 1.100 aparkaleku-plaza baino gehiagotan. Iaz, Iruñeko Udaltzaingoak 175 lagun salatu zituen txartelik gabe aparkatzeagatik, eta 64 txartel kendu zituen gaizki erabiltzeagatik.

 

Dekalogoa:

  • TXARTELA soilik zurea da, eta zuk bakarrik erabiltzen duzu
  • NON APARKA DEZAKET? Erreserbatutako aparkaleku-plazetan, “eremu urdinean” tiketik gabe
  • EDOZEIN IBILGAILURAKO...betiere zu bazaude
  • PERTSONALA ETA BESTERENEZINA. Zuk bakarrik erabil dezakezu txartel hori
  • BAKARRIK TXARTEL ORIJINALA. Fotokopiarik ez
  • EZER EZ DA BETIKO. Ez ahaztu zure txartela berritzea
  • BETI IKUSGAI. Aurreko panelean, eta datu guztiak ikusgai
  • IRUÑEAN. Beste udalerri batean erabiliz gero, arauen inguruan informatu
  • APARKALEKU-PLAZA MODU EGOKIAN ERABILI. Aldi baterako dira, ez aparkaleku pribatua
  • HERRITARREN LAGUNTZA. Abisua eman txartelik gabeko ibilgailurik ikusten baduzu
¿Te ha sido útil esta página?