Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearekin, Iruñean asiloa eskatzen duten errefuxiatuak hartzea bultzatzen jarraitzeko. Agiri horretan modu orokorrean biltzen dira etxebizitzen alokairua eta unean uneko beste lagapen batzuk egiteko aukera, asilo-eskaeretan gertatzen diren gorakadei erantzuteko; hori horrela, lege-esparru orokor bat ezartzen da, oinarria izango dena gune berriak lagatzeko berariazko akordioetarako, jada iragarritako Caparrosoren txaletaren lagapenerako, adibidez, eta baliteke horri gehitzea, halakorik behar izanez gero, Tutera kaleko Udalaren jabetzako etxebizitza bat edo beste. Aterpe-premian diren familiei berariazko arreta emateko, besteak beste, 2016an sortu zen Etxebizitza Bulegoaren bidez egingo dira lagapen guztiak. Goizean, Udaletxeko harrera-aretoan egindako hitzarmenaren sinadura-ekitaldian, Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Idoya Onecak CEAReko ordezkariak parte hartu dute.
Alkateak bere parte-hartzean Iruñeak errefuxiatuendako harrera-hiri gisa duen konpromisoa azpimarratu du, eta Osoko Bilkurak ekimen hori babestu izana eskertu. Aitzitik, konpromiso horri hiri eta gizarte gisa eustearen alde agertu da. “Lau urte hauetan historian izan den giza eskubideen urraketarik agerikoena ikusi dugu, Mediterraneoa hilerri eta mugak espetxe bihurturik, laguntza humanitarioko ontziak gure portuetan geldirik. Migrazio-fenomenoak agerikoa egin du Europar Batasunaren politika, arazo hori irtenbide ematen jakin ez duena. Ekimen falta horrek hartaratuta gizarte zibilak aurrea hartu du, eta hori da CEARen kasua, migratzaileen egonaldiak laguntzeko; tokiko administrazioek ere, aukera ematen zaigun neurrian, ahal duguna egin dugu” eta berretsi egin du Iruñeak zeregin horrekiko “konpromisoari helduko diola”.
Lehen lagapen bat, Osoko Bilkuraren erabakiari jarraikiz, 2017ko amaieran
Udalak, aurreko hitzarmen bati jarraikiz, Milagrosan kokatutako lau etxebizitza erabiltzeko laga zizkion CEARi 2017ko amaieran. Urte horretako uztailaren 4ko Osoko Bilkuran erabaki zen halako guneak lagatzea, nazioarteko babes-eskatzaileek bertan erroldatzeko aukera izan zezaten, eta hortaz, Udaleko gizarte-zerbitzuetara jo ahal izateko gainerako herritarrek dituzten baldintza berberetan. Lau etxebizitzak elkarri lotuta daude, halako moduz non 330,74 m2-ko etxebizitza komunitario bat osatzen baitute, 16 gela, sukalde bat eta hiru komunekoa. CEARek bere gain hartzen ditu alokairu- eta komunitate-gastuak, ur-, argindar- eta berokuntza-hornidurak eta erantzun zibileko asegurua, pertsonei, gauzei edo eraikinari berari gertatzen ahal zaizkien kalte-galeren arriskua estaltzen duena. Hitzarmenean adierazten da Udalak eraikina berreskuratzen ahalko duela baldin eta eraikina ez bada zer xedetarako laga eta horretara bideratzen edo ez bada erabiltzen.
Aurreikusitakoaren arabera, datozen asteetan eta baldintza berberetan zehaztuko da Caparrosoren txaletaren lagapena entitate horri berari. Udalak 1999an erosi zuen erakin hori, eta 300 metro koadroko azalera erabilgarria du, beheko solairu eta beste bi solairutan banaturik. Halaber, urtea amaitu aurretik, Udalak Tutera kalean birgaitzea aurreikusi dituen etxebizitzetako bat edo beste laga lezake, betiere eskariak hala beharturik eta alokairuan.
CEAR irabazi-asmorik gabeko erakunde humanitarioa da; 1979an sortu zen, xede harturik babes-beharra duten eta bazterturik gelditzeko arriskuan diren errefuxiatu, herrigabe eta migratzaileen giza eskubideak eta garapen integrala defendatu eta sustatzea. Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren menpeko Errefuxiatuen Harrera Zentroen nazio-sarean dago, eta Nafarroan harrera egiteko akreditazioa duten entitateetako bat da.
Etxebizitzaz gain, babesa errefuxiatuen gizarteratzea laguntzeko
Helburua berbera da hala gaur sinatutako hitzarmenak bermatzen dituen lagapenetan nola bazterturik gelditzeko arriskuan edo bazterturik dauden herritarrak gizarteratu eta laneratzeko zein gizarte-zaurgarritasuneko egoeran daudenei etxebizitza emateko Udalak gauzatzen dituenen jardueretan, haien gizarteratzeari heltzeko funtsezkotzat jotzen baita. Gizarte-zerbitzuek, kasu zehatz honetan, laguntza ematen dute errefuxiatuek oinarrizko premiak asetzeko: gainerako herritarrekiko baldintza berberetan dagozkien gizarte-prestazioei buruzko informazioa eman eta horiek kudeatzen dizkiete, eta beste udal-zerbitzuetara jotzea errazten diete. Horrela, etxebizitzaren onuradunen bizi-kalitatea hobetzen lagundu nahi da, haien premien araberako erantzuna emanez, eta, aldi berean, Iruña giza eskubideak eta pertsonen duintasuna defendatzeko zein nazioarteko legeak betearazteko bere harri koskorra jartzen duen hiria dela erakutsiz.
Horrez gain, erantzuna ematen dio beren burua etxea uztera behartuta ikusi duten milaka lagunen krisi humanitarioaren aurrean herritarrek eta gizarte-mugimenduek erakutsi duten gizarte-sentsibilitate eta elkartasun gero eta handiagoari. Hitzarmenean gogora ekartzen da II. Mundu Gerraz geroztik inoiz gertatu den errefuxiatuen larrialdi humanitario handiena bizi duela kontinente europarrak, milioika pertsona ari direlarik, ihesaldi betean, urez zein lurrez Mendebaldeko lurretara iritsi nahian.
Hitzarmen honen bidez betetzen jarraituko da Iruñeko Udaleko Osoko Bilkuraren erabakia, 2015eko irailean aho batez onetsi zuena Iruña aterpe-hirien sarean kokatzen zuen adierazpen instituzionala. Lehen urrats bat izan zen hori, testuari jarraikiz, “ahal dugun guztia” egiteko “elkarlanean aritzeko drama hau benetan leuntzen laguntzen duten ekimen guztiekin. Nahi dugu gure hiriak konprometituak egon daitezen giza eskubideekin eta biziarekin, nahi dugu gure hiriak gu haiekin harro sentitzeko modukoak izatea”.
Ordutik hona zentzu bereko zenbait adierazpen onetsi dira, 2017ko uztailaren 4ko Osoko Bilkuran aho batez hartutako konpromisoa, besteak beste, Iruña honela definitzen zuena: “libreki zirkulatzeko eskubidea baliatzen duten pertsonak benetan hartzen dituen lurraldea gerretatik, miseriatik, jazarpenetik, gosetik eta abarretatik ihesi doazenentzat, bide emango duena pertsona horiek, edozein herritarrek bezala, janaria, hezkuntza eta osasuna –azken, batean, aitortutako eskubide guztiak– izan ditzaten”.