Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Ángel Osácar ANAF - Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkarteko lehendakariak gaur goizean sinatu dute Trinitariosko ‘trenaren parkea’ delakoa Nafarroako Trenbidearen eta Bide Berdeen Interpretazio Zentro bihurtuko duen administrazio-emakida formalizatuko duen administrazio-agiria. Emakidarako epea 15 urtekoa da, eta ezin da luzatu. Udalak urtean 16.600 euroko ekarpen ekonomikoa eginen du, eta ANAFek hainbat obra eta eraikin gauzatuko ditu, interpretazio zentro berria osatze aldera.
Egun, Nafarroako Trenbidearen eta Bide Berdeen Interpretazio Zentroa egonen den tokiak 6.740 metro koadro inguru ditu Trinitariosko parkean, Kosterapea pasealekuaren ondoan. Orubean bagoi-toki bat eta tunelak, zubiak eta ezpondak dituen trenbide bat daude. Behin administrazio-emakida formalizatuta, ANAFek konplexuaren eraikin nagusia izanen dena eraikitzeko beharrezko izapideak abiatzen ahalko ditu, hau da, tren-geltokia eraikitzeko. Geltoki horrek aurreikusitako bi bolumenetan bilduko ditu erakusketa-eremua eta erabilera anitzeko espazioa. Zentroan hainbat esperientzia uztartuko dira: tren-zirkuituan zehar lorategi-trenean ibiltzea, maketen erakusketa, zaharberritutako trenbide-materiala eta urtean zehar eginen diren hainbat jarduera.
Nafarroako Trenbidearen Lagunen Elkartea 1959an sortu zen, eta, besteak beste, xede du trenbidearen historiaren berri ematea Foru Komunitatean, hori baita interpretazio zentro horren helburua. Aurreikuspenen arabera zentroa Aste Santutik urriaren 31ra bitarte irekiko da, baita gabonetan ere. Sarreraren prezioa gehienez 2,5 euro izanen da, helduendako, eta 1,5 euro 15 urtetik beherakoendako. Ikasturtean zehar lanegun goizetan irekiko da ikastetxeekin eta elkarteekin bisitak eta jarduerak egiteko.
50eko hamarkadako tren-giroa irudikatzea
Nafarroako Trenbidearen eta Bide Berdeen Interpretazio Zentroak xede du bertako geltokira hurbiltzen diren ikusleak 50eko hamarkadako tren-giroan murgiltzea. Ibilbide osoa gaika apaindu eta birsortuko da elementu apaingarriak jarriz, hala nola egurrezko hesiak, seinaleak, marmitak, desbideratzeak edo semaforoak. Dituen xehetasunengatik Espainian bakarra den plater birakari bat jarriko da lokomotorra aparkatu ahal izateko, eta urtegi bat lurrun-lokomotorren ura kargatzeko.
Plater birakaria dagoen tokian harmaila zirkular bat egonen da bisitari taldeek lokomotor ezberdinak mirets ditzaten, hala nola, lurrunekoak, elektrikoak gasolinakoak etaelurra kentzeko makina bat, turbina motakoa, Suitzako trenbideetan erabiltzen direnak bezalakoa. Izan ere, ANAFek zaharberritutako benetako trenbide-elementuak berreskuratzea interpretazio zentroaren beste identitate-zeinuetako bat izanen da. Bisitariendako 18 bagoi daude, eta karga-bagoiak adingabeen motxilak eta berokiak eramateko, bai eta mugikortasun murriztuko pertsonendako bagoiak ere.
Geltokiaren eremuan ikusleendako hainbat banku jartzea aurreikusi da publikoak trenak nola igarotzen diren begiratu ahal izateko bidaiariei itxaroten zaien bitartean. Kartelak, garaiko seinaleak, erlojua edo kanpaia benetako geltokietakoak bezalakoak izanen dira.
Bide berdeak bultzatu eta hedatzea
Parkearen jarduera nagusia ‘lorategi-tren’ bat instalatzea izanen da, lurrunezko tren-makina batekin eta bagoiekin, familian edo taldean gozatu ahal izateko eta zirkuituaren xehetasun guztiak ikusteko (tunelak, zubiak, girotzea...). Gainera, zentroan beste hainbat jarduera eginen dira, hala nola, tren-gidari ikastaroak, modulu-maketen erakusketak, trenbide-materiala zaharberritzeko ikastaroak, maketagintza, digitalizazio eta elektrizitate ikastaroak eta hitzaldi espezializatuak.
Instalazioetan, halaber, 100 ale baino gehiago dituen trenbideari buruzko liburutegi bat egonen da, eta, interpretazio zentroaren izenak berak dioen bezala, Nafarroan dauden bost bide berdeak (Tarazonica, Vasconavarro, Bidasoa, Plazaola eta Irati) hedatu eta ezagutarazteko mota guztietako jarduerak sustatuko dira. Interpretazio Zentro horren kokalekua, hain zuzen, bat dator Nafarroako bi trenbide-linea historikorekin: Irati, Agoitz eta Zangoza lotzen zituena eta Espainian energia elektrikoz bultzatutako lehen trena izan zena, eta Plazaola, Donostiaraino iristen zena. Trinitariosko eremu horretan Plazaolaren tunela eta zubia kontserbatzen dira.