Iruñeko Udalak eta Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkarteak (AFAN) gaur goizean berritu dute Alzheimerra duten gaixoak zaintzeko 2014az geroztik langabezian dauden pertsonak gaitzeko eta laneratzeko lotzen dituen hitzarmena. Gaur goizean, Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Amelia Lecumberri AFANeko lehendakariak lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute, urtez urte, 2027ra arteko indarraldia izatea espero dutena.
Aurten, ekintza horietara bideratutako aurrekontua % 16,6 handitu da, 6.000 eurotik 7.000 eurora. Hitzarmen horri esker, urtean behin, 15 bat lagunendako ikastaroa egiten da. Prestakuntza horren bidez, inplikatutako udal-zerbitzuek (Gizarteratze eta Laneratze Taldea – EISOL) enplegagarritasuna hobetzea bilatzen dute, eta enpresen prospekzioa eta enplegurako bitartekaritza egiten dute (Lan Bitartekaritzako Zerbitzua – SMIL), ikasleak hautatzeko prozesuaz arduratzeaz gain.
Bestalde, AFANek etxeko zaintzan espezializatutako pertsonak ekartzen ditu ikasleen prestakuntza egiteko. Ikastaro hori metodologia aktibo eta parte-hartzailean oinarritzen da, eta ikus-entzunezko teknikak erabiltzen ditu eskola teorikoetan eta saio praktikoetan. Azken ikastaroetan landutako gaien artean, dementzia duten pertsonen ezaugarriei buruzko gogoetak, familian duten eragina, erizaintzako oinarrizko zainketak, zaintzaile profesionalaren trebetasunak eta gaitasunak, eta etxeko enpleguari eta zeharkako gaitasunei buruzko edukiak nabarmentzen dira. Elkartea arduratzen da, halaber, prestakuntzarako behar den materiala emateaz eta bere kideek aurkezten dizkioten lan-eskaintzak SMILera bideratzeaz.
Prestakuntza-ekintza horrek % 85 inguruko laneratze-indizea du, eta batez ere feminizatuta eta prekarizatuta dagoen lan-sektoreko pertsonak gaitzen dituelako nabarmentzen da. Gainera, beren etxeetan dementzia duten pertsonak zaintzen dituzten pertsonen kualifikazioa urrats garrantzitsua da gaixoen zaintzaren kalitatea hobetzeko eta egoera horietan dauden familiei laguntzeko.
Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta bi egoitza ditu, Iruñean eta Tuteran. Pazienteei eta senideei informazioa, prestakuntza eta laguntza ematea du helburu, gaixotasuna eramangarriagoa izan dadin, bai eta Alzheimerra eta beste dementzia batzuk ikertzen dituzten ekimen guztiak babestea ere. Bere egitekoa: Alzheimerra duten gaixoak zaintzen dituzten familiei arreta integrala ematea.