Urriaren bukaeran hasiko dira oinezkoendako bi pasabideren inguruan espaloiak handitzeko lanak eta Baiona etorbidean eskualdeko hiri-garraioko bi geltoki moldatzekoak Tokiko Gobernu Batzarrak abendu erdialdean amaituko diren lan horiek egiteko kontratu eratorria Excavaciones Osés SL enpresari adjudikatzea onetsi zuen, espazio publikoak eraberritzeko lanetarako esparru-akordioaren barruan eta 104.127.70 euroko zenbatekoarekin.
Lanek barne hartzen dute espaloia handitzea Urdazubiko Monasterioaren kaleko hegoaldearen eta Baiona etorbidearen arteko elkarguneko oinezkoendako pasabide aurreratuetan, bai eta Zilbetiko Monasterioaren kalearekiko elkargunera iritsi aurreko hegoaldeko pasabide aurreratuan ere. Modu horretan, oinezkoen pasabideen luzera murriztu eta pasabideak gurutzatu behar dituztenen segurtasuna areagotzen da. Oinezkoendako pasabideetan espaloiak aurreratzeak berekin ekarriko du espaloi horiek erregulatzen dituzten semaforo-instalazioak lekualdatzea (hiru Baiona etorbidean eta bi Urdazubiko Monasterioaren kalean), bi luminaria lekualdatzea eta semaforoak erregulatzeko armairu bat tokiz aldatzea.
Hiriko erdigunerantz doazen eskualdeko hiri-garraioko bi geltokiak metro batzuk mugituko dira. Kokapen-aldaketa hori pasabideak aurreratzeko baliatuko da. Horretarako, lerroan aparkatzeko plazak okupatuko dira, betiere geltokietako egungo espazioa aparkatzeko plazetarako utziz. Markesinak eta instalazio osagarriak ere mugituko dira. Behin lanak bukatuta, villavesak eskuineko zirkulazio-erreian eginen dute geraldia, hala, trafikoa ere baretuz.
Lan horien osagarri, Baiona etorbidean moldatutako oinezkoendako pasabideetako espaloien akaberak, iparraldeko aldean eta erdibitzaileraino, indarrean dagoen irisgarritasun-araudiaren arabera berrituko dira. Gainera, Urdazubiko Monasterioaren kaleko hegoaldeko tartean baterian aparkatzeko plazen antolaketa moldatuko da eta desgaitasunen bat dutenendako leku espezifikoak eta motorrendako plazak jarriko dira.