Iruñeko Udalak izapide berri bat gaitu du Egoitza Elektronikoaren bitartez herritarrek udal administrazioarekin duten harremana errazteko. Errolda-ziurtagiriak automatikoki egiteko sistema bat da, eta Egoitza Elektronikotik bertatik deskargatzen ahalko dira berehala ziurtagiriak, Kondestableko Herritarren Arreta Bulegora hurbiltzeko edo posta bidez heltzeko itxaron beharrik gabe. Izapide hori egin ahal izateko baldintza bakarra eskatzailearen identifikazioa izanen da NAN elektronikoaren, ziurtagiri digitalaren edo CL@VE ziurtagiriaren bidez.
Iruñeko Udalak modernizazio eta digitalizazioaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, batez ere administrazio-izapideei eta herritarrei dagozkien alderdietan. Onlineko izapide berri honek itxaron-denbora eta joan-etorriek eragindako gastuak eta denbora aurreztea ahalbidetzen du, eta ziurtagiria erdiestea nabarmen bizkortzen du. Biztanleen errolda-ziurtagiriak elektronikoki sinatuko dira, berehala eta automatikoki, denbora-zigiluarekin eta Iruñeko Udalaren zigilu elektronikoarekin. Agiri horiek Administrazio publikoaren zigiluaren ziurtagiria izanen dute, eta egiaztapen-kode bat osoak eta benetakoak direla egiaztatu ahal izateko Egoitza Elektronikora sartuta.
Segurtasun neurri horiek administrazio-izapideetako dokumentuek lege-balioa izatea ahalbidetzen dute, barne hartuta epaitegi, auzitegi edo notarioaren aurrean egindako edozein izapide. Horrez gain, jatorrizko ziurtagiria kontsultatzeko aukera izanen da Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez. Prozedura automatizatu horretatik kanpo geratzen dira 1991eko martxoaren 1aren aurreko epeei erreferentzia egiten dieten Udal Erroldaren ziurtagiriak eta oraindik automatizatuta ez dauden informazio edo datuetara jo behar delako automatikoki lortu ezin direnak. Ordutik hona bitarteko errolda-egiaztatzeak 30 urteko epea barne hartzen du, zeina nahikoa baita agiri hau eskatzen den administrazio- eta epai-izapide gehienetarako.
Errolda-agiriak emateari utzi zaio
Orain arte, Iruñeko Udalak Udal Erroldari lotutako bi agiri-mota ematen zituen pertsona baten egoitza eta bizilekua egiaztatzeko. Alde batetik, errolda-agiriak –sinadurarik gabeko informazio-agiriak, igorri eta emateko azkarragoak–, eta, bestetik, errolda-ziurtagiriak, sinadura baimendua badutenak eta bizileku hori egiaztatzen dutenak. Ziurtagiriak automatikoki egiteko sistema berri honekin, Udalak errolda-agiriak emateari utziko dio, balio juridiko txikiagoa duten agiriak baitira eta orain bi agirientzako izapidea berdina izanen baita. Iaz Iruñeko Udalak 115.809 errolda-agiri eta 1.333 ziurtagiri eman zituen.
Aldaketa horrekin, errolda-agiriak eta -ziurtagiriak jaulkitzea ziurtagiriak emateko prozesu bakar batean bateratzen da, eta eredu berri bati egokitzen zaio. Eredu berri horrek administrazio-jarduketa automatizatuarekin lotutako testu berriak ditu, bai eta administrazio-jardun horretan erabilitako organoaren zigiluaren marka ere. Jaulkipen hori Iruñeko Udalaren Egoitza Elektronikotik eta barne-kudeaketako 'Biztanleen errolda' eta 'Topagunea' aplikazioetatik egin ahal izanen da, eta 'Ziurtagirien kudeaketa' moduluan zentralizatuta dago. Horretarako, funtzionalitate berri bat ezarri da Errolda Kudeatzeko aplikazioan, zeinak laguntzarik gabeko sinadura elektroniko hori eta ziurtagiriak herritarrei ematea ahalbidetzen baitu, Egoitza Elektronikoaren izapide berriaren bidez.
Administrazio elektronikoa
Iruñeko Udaleko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantzak administrazio-jarduketa automatizatuak egiteko aukera jasotzen du, eta horretarako erabili ahal izanen diren sinadura elektronikorako sistemak. 1991eko martxoaren 1aren aurreko epeari erreferentzia egiten dioten errolda-ziurtagiriak ohiko moduan ematen jarraituko dira Kondestableko Herritarren Arreta Bulegoan, edo Egoitza Elektronikoaren bidez eskaera egin eta ziurtagiria postaz jasota.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak administrazio publikoen administrazio-jarduketa automatizatua jasotzen du, hau da, Administrazio Publikoak administrazio-prozeduraren baitan bitarteko elektronikoak osorik erabilita egiten duen edozein egintza edo jarduketa, non ez baitu zuzenean parte hartu inongo langile publikok.