Azaroaren 9an, asteartearekin, Iruñeko Udalak abian jarriko du aparkaleku eredu berri bat, gaur egun Cardenal Ilundain Ikastetxe Publikoren ondoan dagoen aparkaleku-sorta librean. Xedea da garraio modua aldatzeko disuasio-aparkaleku bat sortzea, non doako izanen baitira aparkatzeko lehen 24 orduak, bigarren egunetik aurrera ordaindu beharko delarik. Udalak 70.943 euro inbertitu ditu irakurketa-kameren bidez sarrera eta irteera kontrolatzeko sistema bat ezartzeko.
Lehendakaritza Batzordeak Marcelo Celayeta etorbidearen eta Kaputxinosen biribilgunearen inguruan dagoen aparkalekua bisitatu du, Iruñeko udal-mugarteak Antsoainekin muga egiten duen tokian. Asmoa da egungo aparkalekua txandakako aparkaleku-eremu bilakatzea, eremu horretara joaten diren pertsonei autoak egunero hor doan uzteko aukera emanen diena, handik aurrera oinez edo hiri-garraio bidez joan ahal izateko. Hala, helburua da auzoko kaleetan barne-zirkulazioak saihestea, inguruko bide-segurtasuna hobetzea eta jasangarritasuna areagotzea. Aparkalekuak 250 toki ditu, baina gaur egun kopurua ez da hori, ibilgailu asko modu iraunkorrean aparkatuta baitaude. 100 toki baino gutxiago txandakatzen direla kalkulatzen da.
Aparkalekura sartzeko barrerak automatikoki irekiko dira, irakurketa-kamerek ibilgailuaren matrikula detektatzen dutenean. Gauza bera gertatuko da aparkalekutik irtetean egonaldia 24 ordu baino gutxiagokoa izatekotan. Bestela, 24 ordu baino gehiago aparkatu bada, aldez aurretik zenbatekoa ordaindu beharko da matrikularen zenbakia adieraziz. Ez da inolako tiketik izanen. Aparkalekua doakoa izanen da lehen 24 orduetan. Ordutik aurrera, 4 euro ordainduko da egun bat aparkatuta edukitzeagatik, eta 3 euro bigarren egunetik eta hurrengoetatik aurrera.
Udalak neurri hori esperientzia aitzindari gisa abian jarri du, hiriko beste aparkaleku batzuetara ere eramateko asmoarekin, nahi duten efektua lortzekotan. Udalaren asmoa aparkaleku hori egunero erabiltzea da, errotazio handiarekin eta gasturik gabe herritarrendako, eta egun edo aste batzuk bertan ematen dituzten ibilgailuentzat iraupen luzeko aparkalekutzat ez hartzea.
Aparkalekuak sarrera eta irteera kontrolatzeko barrerak izanen ditu, aurreko nahiz atzeko matrikulak irakurtzeko kamerak eta kutxazain automatikoak ordaindu ahal izateko, egun bat baino gehiago aparkatuz gero. Halaber, zaintza-kamerak, argiztapena eta interfono-sistema bat egonen dira eguneko 24 ordutan zentral batekin komunikatzeko. Aparkalekuak egungo egitura mantenduko du, asfaltatutako zirkulazio-bideekin eta zagorrezko aparkaleku-gunearekin.