Udalak Eraso sexistei buruzko Argibide Gunea ireki du sanferminetarako, herritarrak sentsibilizatzeko materiala banatu eta jarduketa-jarraibideak emateko

Udalak Eraso sexistei buruzko Argibide Gunea ireki du sanferminetarako, herritarrak sentsibilizatzeko materiala banatu eta jarduketa-jarraibideak emateko
Ordutegia luzatu egin da, joan den urtekoarekin alderatuta: uztailaren 5ean, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara, eta uztailaren 6tik 14ra 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 01:00etara.

Iruñeko Udalak Eraso sexistei buruzko Argibide Gunea abiarazi du gaur eguerdian, zeina sanferminetan baliabide espezializatu bihurtzen baita herritarrak sentsibilizatzeko eraso sexistei aurrea hartu eta horien aurrean jarduteko. 2014an irekia, aurreko urteetan banatutako materialei –pin zein pegatinak– argibide-gida bat gehitu zaie, egungo marko kontzeptualera egokitutako eduki berrikusiekin.

Argibide Gunearen xedea da herritarrak sentsibilizatzea egoera mota horiei dagokienez –indarkeria sexista zer den identifikatuta eta hura prebenitu eta antzemateko tresnak eskainita–, eta halako kasuetan zer egin edo eraso bat ikusiz gero nola jardun jakiteko jarraibideak ematea. Irekiera-ekitaldian izan dira María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkaria; Javier Labairu Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria; María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria; eta Cristina Martínez Dawe Berdintasuneko zinegotzi berezia.

Espezializatutako profesionalek kudeatuta eta hainbat hizkuntzatan
Argibide Guneko arreta Kamira enpresako 6 profesionalek kudeatuko dute; eskarmentua edota prestakuntza dute genero-ikuspegian eta feminismoetan eta arreta gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez emango dute. Irekiera-ordutegia luzatu egin da, joan den urtekoarekin alderatuta: uztailaren 5ean, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 22:00etara, eta uztailaren 6tik 14ra 12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 01:00etara.

Udalaren zerbitzu honek eraso sexistak prebenitzeko kanpainari buruzko informazioa helarazten die herritarrei eta horretarako prestatu diren materialak banatzen ditu; informazio- zein arta-zerbitzuak zentralizatu eta horietara iristen laguntzen die emakumeei erasoren bat pairatuz gero; eraso baten aurrean dauden arreta-baliabideei buruz informatzen du; beharrezkoa balitz, arta- eta laguntza-protokoloa aktibatzen du; eta eraso sexistei buruzko informazioa jasotzen du, izan horiek pairatutakoak zein ikusitakoak, era anonimoan, eta inguruneak horiei emandako erantzunari buruzkoa.

Eraso sexista bat pairatuz gero, Argibide Guneak zein zerbitzutara jo dezaketen azaltzen die hala eskatzen duten emakumeei. Ez da arreta-zerbitzu bat, baizik eta behar duten emakumeak zerbitzu espezializatu batera bideratzen dituen zerbitzua, eta baliabideei buruzko informazioa eskaintzen diena, nora jo jakin dezaten. Beharrezkoa balitz eta emakumeak hala eskatuz gero, arta- eta laguntza-protokoloa aktibatuko da, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Alorreko profesionalek eskainia. Arreta berezia eskainiko zaie egoera horiei, betiere bermatuta konfidentzialtasuna eta anonimotasun-eskubidea, eta saihestuta berriz ere biktimizatzea edota biktimizazio sekundario mota oro. Eraso sexista baten lekuko izan eta informazioa eskatzen dutenei eskura dauden hainbat baliabideri buruzko informazioa emango zaie. Argibide Gunean galdetegi anonimo bat dago, zeinaren bidez jasota geratzen baitira agerian utzi nahi baina salatu ez diren erasoei lotutako gorabeherak –ez direlako salagarriak edo ez direlako salatu nahi–, gerora horiek aztertu daitezen.

2018an 14.620 laguni eman zitzaien arreta, eta 25 jazoeraren berri izan zen; aurreko urtean, 16.516 lagun eta 40 jazoera; 2016an 7.475 lagun igaro ziren Argibide Gunetik eta 43 jazoeraren berri izan zen; eta 2015ean, 3.424 arreta eta 25 jazoera jaso ziren.

Eraso sexistarik gabe, Iruña aske
Eraso sexistei buruzko Argibide Gunea Eraso sexistarik gabe, Iruña aske estrategiaren osagaietako bat da, zeina bi ardatz nagusiren inguruan egituratzen baita. Batetik, eraso sexisten prebentziorako kanpaina dago, zeinaren barruan sartzen baitira, adibidez, sentsibilizatzeko materialak banatzea, 3 esku erraldoi paratzea hiriko hainbat lekutan, komunikabideekin lan egitea eta hainbat entitaterekin elkarlanean aritzea hedapenerako. Bestetik, jarduketa-markoa dago, 3 protokolo barne hartzen dituena: Poliziak esku hartzeko protokoloa, Herritarren Segurtasuneko Alorraren mende dagoena; Arta- eta laguntza-protokoloa, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrari lotua; eta Herritarrek eta erakundeek erantzuteko protokoloa, Berdintasuneko Alorra buru duena.

Ekimen honen helburuak dira aurrera egitea jaietan eraso sexistak ezabatzeko udal-konpromisoan eta emakumeen kontrako inolako erasorik ematen ez den hiri bat eraikitzea; Iruñearen jarrera erakustea, hala erakundeei nola gizarteari dagokienez, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka eta lehentasun gisa ezartzea egoera horiek salatzea; eta posible egitea emakumeek hiria espazio aske eta seguru gisara bizi dezatela. Halaber, ikusarazi nahi da erantzun aktiboaren parte ez izateak berekin dakarrela indarkeriaren tolerantziaren parte pasiboa izatea, eta emakumeen aurkako indarkeria ez dela “fenomeno” bat eta ez dela saihestezina festa giroan. Azkenik, herritarrei argibideak ematea, jaietan eraso sexisten kasuan eskuragarri dauden bitartekoen gainean, orientazio, arta eta salaketaz bezainbatean, eta erakundeen eta herritarren erantzun koordinatua ematea eraso sexistarik gertatzen bada.

Estrategia kalean ikusarazi
Udalaren Eraso sexistarik gabe, Iruña aske estrategiak –batez ere esku gorriaren irudiarekin ikusarazi da– hainbat euskarri eta hedapen bide ditu. Neurri handiko hiru esku gorri paratu dira Bake plazan, Karlos III.aren etorbidearen eta Emilio Arrieta kalearen elkargunean eta Gipuzkoako etorbidean, baita 6 markesinatan ere. Udalaren edalontzi berrerabilgarriaren diseinuan ere jasota dago, baita pegatina, ahozapi, kartel, mupi eta agertokien alboetako olanetan ere. Halaber, bideo bat editatu da telebistan, Golem zinematokietan, Zezen-plazan eta sare sozialen bidez hedatzeko; komunikazio-kanpaina bat egin da prentsa eta irratirako iragarkiekin, eta sanferminetako app ofizialean, www.sanferminoficial.es webgunean, festetako programan eta hirira sartzeko paneletan ageri da.

Lankidetza-hitzarmenak egin dira, materialak hedatu ditzaten, honako hauekin: Iruñerriko Mankomunitatea, TCC garraio-enpresa esleipenduna, Tele Taxi San Fermín elkartea, hainbat autobus-konpainia (Monbus, Bilmanbus, La Estellesa eta La Unión), Renfe, AENA eta Autobus-geltokia. Era berean, hainbat entitate zein elkartek kanpaina hedatzen lagundu dute.
Berritasun gisa, lehen aldiz argitalpen bat egin da 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendua, berdintasuna eta erantzukidetasuna lantzen dituena jolas eta ariketa ludikoen bidez. Festetan haurrei zuzendutako aisialdiko guneetan banatuko da. Erasorik gertatuz gero nora jo adierazten duten txartel batzuk egin dira baita ere, eta horiek nagusiki udaltzainei eta Babes Zibileko laguntzaileei emango zaizkie.

Bigarren urtez, Berdintasun arloko Kazetaritza Jardunbide Egokien Lehiaketarako deialdia egin da, eta lanak igualdad@pamplona.es helbidera bidal daitezke, uztailaren 22ko 14:00ak arte. 
Hona hemen ekimen honekin bat egin duten entitateak: AENA, ANAPEH, ASBANA, EUNATE-Entzuteko Desgaitasuna dutenen Familien Elkartea, Ostalaritza-elkarteak, Tele Taxi San Fermín elkartea, Iruñeko merkatarien elkarteak, ASORNA, Bilmanbus, GOLEM zinematokiak, Osasuna Klub Atletikoa, COCEMFE, Autobus-geltokia, Peñen Federazioa, Geltoki, Herri Sanferminak, Napar Bideak S.Coop, La Unión, Mankomunitatea-TCC, Monbus, Zezen-plaza eta Paris 365.