Udalak erabat berrituko ditu Antoniuttiko skateparkeko gainazalak, babes metalikoak eta osagai guztiak, eta arrapala batzuk hobetuko

Udalak erabat berrituko ditu Antoniuttiko skateparkeko gainazalak, babes metalikoak eta osagai guztiak, eta arrapala batzuk hobetuko
Inbertsioa, 171.233 eurokoa, 2019ko eta 2020ko aurrekontuetan sartuko da
skatepark

 

Iruñeko Udalak erabat berrituko ditu Antoniuttiko skateparkeko gainazalak, babes metalikoak eta osagai guztiak, Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztutako proiektuarekin bat. Lanak osatzeko, bi arrapala berri sortuko dira, eta beste batzuk eta erdiko piramidea aldatuko, baranda gehiago jarriko dira, eta 4 estolda-zulo jarriko, euri-urak bideratzeko.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du obrak kontratatzeko proiektua eta administrazio-espedientea, 171.233,51 euroko aurrekontuarekin. 2019an egindako gastua, Finantza aldetik Jasangarriak diren Inbertsioen barnekoa, 54.035 eurokoa da, eta gainerako 117.198,51 euroak 2020ko ekitaldi ekonomikoak hartuko ditu bere gain. Lanak egiteko epea 4 hilabetekoa da. Proiektua Daniel Yábar arkitektoak erredaktatu du.

Kirola bizikletan, patinean edo patinetean egiten dutenentzat
Gaur egun Antoniuttiko parkean, aldeetako batean daude kirol kaletarrei zuzendutako instalazioak, besteak beste skateboard, bmx, roller eta scooter praktikatzeko. 1998an eraiki ziren, 1.145 m2-ko azaleran, eta bainuontzi, bihurgune eta arrapala batzuez osatuta daude, erdi-lurperaturik eta hormigoiz eginda, guztiz. Denborarekin, gainazalak hondatu egin dira, eta zuloak eta harri askatuak daude, eta horrek arriskua ekartzen du erabiltzaileendako. Gaur aurkeztutako proiektuarekin instalazioa zaharberritu nahi da, gaur egungo behar eta eskarietara egokituz eta segurtasun-baldintzak hobetuz.

Proiektu berriak skate parkearen arrapala batzuk eta erdiko piramidea aldatzea eta hobetzea proposatzen du; piramideari, hain zuzen ere, bi zintarri jarriko zaizkio, bat goiko partean eta bestea behekoan. Horretaz gain, ‘corner’ izeneko bi arrapala berri diseinatu dira, ‘miniramp’ delakoarekin lotzen direnak, funtzionalitatea eta irristaketa-lerroak hobetuz. Planteatzen da, halaber, ‘quarter channel’ eta ‘grind box’ deituriko hegalen diseinua aldatzea, bai eta ‘wallride’ izena duen elementua ere, instalazioaren funtzionalitatea hobetzeko. Proiektuan jaso da, baita ere, barandak jartzea gunearen perimetro osoan.

Arrapalak aldatu eskari berrietara egokitzeko
Obrekin, ekialde eta mendebaldeko hormak botako dira, eta aldaketak eginen dira ‘wallride’ eta ‘grindbox’ arrapaletan, ‘quarter cannel’ delakoaren eskaileretan, etab. Horretaz gain, lurra hondeatu eta profilatuko da ‘corner’ izeneko eremuan, honela hondeaketaren profila doituz proiektatutako bihurgunearen erradioarekin bat. Ondoren, skate parkea osatzen duten metalezko osagai guztiak berrituko dira. ‘Coopings’ zaharren gainaldea ‘cooping’ berri batekin ordezkatuko da, 2”-ko altzairuzko tutu batekoa, angelu forman soldatua.

Horrekin batera, jolas-eremu berriak eta hormigoizko blokeko hormak eraikiko dira, eta bihurgune guztietan obrak eginen dira, eskuzko pikatzailearekin, zimurtasun eta itsaspen handiagoa lortzeko gainazal berrietan. Ondoren, errodadura-gainazal osoa hormigoituko da, bertan, 10 cm-ko lodierako hormigoizko lauzekin, sare elektrosoldatuekin armatuak. Azkenik, segurtasun-barandak eta irristaketa-barandak jarriko dira, eta estolda-zulo berriak ere, xafla zulatuaren bidez.

Obrak esleitzeko, 100 puntu emanen zaizkie, gehienez ere, jasotako proposamenei, honela: 45 puntu, gehienez, eskaintza ekonomikoari; 24 puntu, gehienez, proposamen teknikoari; 15 puntu, gehienez, obrak gauzatzeko epeari; 6 puntu, gehienez, ingurumen-baldintzei, eta 10 puntu, gehienez baldintza sozialei.

Documentos adjuntos