Iruñeko Udalak abenduaren 21era bitarte ireki du epea Iruñeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek izena eman dezaten ‘Planeta dantzan’ mugaz gaindiko programan. Edizio honetan nabarmentzekoa da hala obran nola ingurumen gaian dauden berritasunak. Izan ere, lehenengo bi edizioetan Biarritzeko Malandain balletaren ‘Sirenas – Itsaslaminak – Sirènes’ ekoizpen-lana zuen oinarri, eta ozeanoak eta plastikoak zituen ardatz. Orain, programak ‘Fossile’ obra eta ingurumen-larrialdiaren gaia proposatzen ditu.
Horrela, aurrera jarraitzen du ‘Planeta dantzan’ programak, mugaz gaindiko proiektu berritzaile bat zeinean balletak, gorputz adierazpenak, ingurumenak eta eskola-hezkuntzak bat egiten duten. Aurten, gai eta metodologia berriak ekartzen ditu, sendotasun kontzeptuala eta eskola-komunitatean hedapen handiagoa emateko helburuz.
Iruñeko Udalak Ingurumen Hezkuntzako lantaldearen bitartez jarri zuen martxan ‘Planeta dantzan’ Biarritzkeo Malandian Balletetarekin eta Donostiako Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean, bazkide gisa, eta aurten elkarlan estrategikorako lankidetza-hitzarmen bat sinatu da Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearekin. Horrela, programak behar duen finantzazioaren % 50 jasotzen du bertatik. 124.000 euroko aurrekontua, guztira. Iruñeko Udalari 29.800 euroko ekarpena dagokio 2020 eta 2021 bitartean egiteko. Horietatik 14.900 euro Euroeskualdetik jasoko dira.
‘Fossilek’ dantza eta ingurumen-hezkuntza uztartzen dituen ibilbide pedagogiko bat aurkezten du, aukera ematen duena 2020-2021eko ikasturtean ingurumen larrialdia zein esku hartzeko eta alternatibak bilatzeko beharra lantzeko. Proiektuaren parte diren hiru hirietako bakoitzetik –Iruña, Donostia eta Biarritz– hamabost talde bitarte parte har dezakete.
Zehaztasun guztiak educacionambiental.pamplona.es webgunean
Hezkuntza-programa honetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik izanen da abenduaren 21eko 14:00ak bitarte. Interesa duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek eskabidea aurkeztu beharko dute educacionambiental@pamplona.es helbide elektronikoan, eta horrekin batera izena emateko fitxa eta justifikazio-memoria bat, zeinean azalduko baitute ikastetxearen egokitasuna programa eskaintzeko. Deialdiaren informazio osoa honako udal-webgunean kontsultatu daiteke: Ingurumen-hezkuntza.
Parte hartu ahal izateko, ikastetxeak Iruñeko udalerrikoak izan behar dute. Parte-hartzaileen aukeraketa egiterakoan, besteak beste honako alderdi hauek izanen dira kontuan: konpromisoa proiektua zenbait irakasgaitan landu eta garatuko dela, parte-hartzea eskatzen duen ikasturteko gela guztiak ariko direla eta ikasturteak lehenengo aldiz parte hartzea programa honetan. Jasotako eskaera guztietatik gehienez ere 15 talde aukeratzen ahalko dira.
Hori horrela, programaren bitartez erakutsi nahi da desberdintasunen gainetik badagoela elkarlanean eta lankidetzan aritzeko gaitasuna, ezinbestekoa, egungo munduko arazoei aurre egiteko. Horregatik bilatzen da, kontzientziazioaz gain, nazionalitate, hizkuntz eta lanbideen aniztasunetik abiatuta lan egitea ingurumenaren erronkei aurre egiteko. Horregatik, ‘Fossilek’ urrun dauden hizkuntzen –dantza eta ingurumen-hezkuntza– batasunaren aldeko apustua egiten du, bai eta ingurumen larrialdia hori hobetzeko aukera gisa erakustearen aldekoa ere.
Ibilbide pedagogikoa, saioak ikasgelan eta ikuskizuna Biarritzen
Aukeratutako hamabost taldeek lau etapatako ibilbide pedagogikoa eginen dute ikasturtean zehar. Lehenengo saioan, parte hartzen duten ikastetxeetan bertan, koreografo batek eta ingurumen hezitzaile batek ingurumenaren gaiaren eta dantzaren adierazpen-munduaren hastapenak eskainiko dizkiete. Bigarrenean, ikasgelan bertan eginen da lan, berriz, koreografoarekin; honek taldeari lagunduko dio modu praktikoan sakontzen ‘Fossile’ obran ikusiko dituen horietan.
Hirugarren egunean, ikasleek Biarritzeko Malandain Balletaren ‘Fossile’ obrarekin disfrutatzeko aukera izanen dute. Obrak modu original eta artistikoan proposatzen ditu planetaren, gizateriaren eta gaur egungo ingurumen larrialdiaren arteko loturak. Amaitzeko, solasaldi bat izanen da ballet konpainiarekin. Laugarren etapak, berez ikasturte osoan zehar ezar daitekeena, ingurumenaren gaiari helduko dio ikasgelan bertan, Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak programa honetarako berez prestatutako unitate didaktiko batekin.
Ibilbide pedagogiko guztia doakoa da ikastetxeentzat, eta unean uneko osasun egoerarekin bat eta dagokion araudia beteta eginen da.