Udalak emakume eta neskei eragiten dieten bortizkerien aurkako adierazpen instituzionala onetsi du, eta herritarrak azaroaren 25ean parte hartzera animatu ditu

Udalak emakume eta neskei eragiten dieten bortizkerien aurkako adierazpen instituzionala onetsi du, eta herritarrak azaroaren 25ean parte hartzera animatu ditu
Oraingo honetan Udalak berariazko jarduera-programan 14 eta 30 urte bitartekoen adin-tartean jarri nahi du arreta
Fitxategi
cartel25n.pdf493.99 KB

Iruñeko udalak, Herritarren Aferen Batzordearen bidez, gaur adierazi du “Udalaren arbuioa emakumeen aurkako indarkeria mota ororekiko, edozein arlo eta testuingurutan”. Azaroaren 25ean, 12:00etan, Udaletxe plazan Emakumeen aurkako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunaren karietara antolatutako elkarretaratzean irakurriko den adierazpen instituzionalaren parte dira hitz horiek.

Adierazpenak Udalaren konpromisoa biltzen du “tokiko entitateek agenda politikoan emakume eta neskek indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko duten eskubidea bermatzen duten neurriak txertatzeko, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin eta herritarrekin elkarlanean (...)”, eta herritarrak animatzen ditu “emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko euren konpromisoa erakusten jarraitzera, eta azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzera”.

Ospakizun horren harira, arratsalde honetatik aurrera eta azaroaren 30era bitarte, Udalak doako ekitaldi batzuk antolatu ditu herritarrendako Gaztediaren Etxean eta Calderería kaleko udal-aretoan. Eskaintzak barne hartzen ditu lantegi bat, hitzaldi bat, psikologia-aholkularitza saio bat eta antzezlan bat, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) antzerki-taldearen eskutik. Jarduera horien zati handi bat gazteendako izanen da; izan ere, Iruñeko Udalak III. Gazteria Planerako egindako ia 800 inkesten arabera, emakumeen aurkako indarkeria oso larritzat jotzen duten gazteen ehunekoak nabarmen egin du behera: % 81etik (2008) % 56ra (2021). Halaber, erantzunetan ere ikusi da arindu egin dela iritzia tratu txarrak epaitzean, eta inkestatutakoen % 50k dio indarkeria matxistaren kasuren bat ezagutzen duela; % 28, lagunartean.

Herritar guztiak sentsibilizatzeko eta ikusarazteko neurri gisa, azaroaren 25eko gauean Udaletxeko fatxada morez argiztatuko da, tradizioz feministen aldarrikapenei lotutako kolorez, eta Udalak, data horren inguruan, espazio publikoa euskarri izanen duten zenbait ekintza prestatu ditu. Hausnarketarako ahalegin kolektibo horren barruan, aste honetan Emakumeen Etxean dagoen Emakumeen Dokumentazio Zentroan eta Liburutegian kontsultagai izanen da emakumeen aurkako indarkeriei buruzko ikerketa- eta dibulgazio-material espezifikoaren aukeraketa bibliografikoa.

Portaera osasungarriak eta berdinzaleak gazteengan

Arratsalde honetan bertan, 19:00etan, programa Gaztediaren Etxean hasiko da “A-25erako soinean gurutzatzeko poltsa pertsonalizatua” lantegiarekin berotzen joateko; feltrozko eskulan-saio bat izanen da, bereziki zuzenduta poltsa eta gerriko-poltsetan genero-indarkeriaren kontra agertzeko erabili ohi diren sinboloak jartzeko. Asteazkenean, leku horretan bertan, 19:00etan, Gaztediaren Etxeko aholkularitza espezializatuetako batek ‘Maitasun osasuntsua eta tratu txarren prebentzioaz... ari gara’ topaketa programatu du, zeinak xede baitu gazteak laguntzea tratu txarrak identifikatzen eta, prebentzio gisa, lotura afektibo osasungarriak eraikitzeko moduari buruz hausnarketa egiten. Idoia Ángelen esku dagoen saio horretan, maitasun osasuntsuaren eta kaltegarriaren artean bereizteko irizpide batzuk eskainiko dira, eta amaitzeko, aztertuko da genero-indarkeria garatzen den prozesuak nola funtzionatzen duen eta indarkeria geldiarazteko jokamolde pertsonalik eraginkorrenak zeintzuk diren.

Adin-tarte horretarako zehazki programatutako azken jarduera, azaroaren 25ean bertan, ‘Algún amor que no mate’ antzezlana izanen da, NUPeko antzerki-taldearen eskutik. Liburuxka Dulce Chacónen eleberriaren egokitzapen bat da, Prudenciaren istorioa kontatzen duena, maitasunaren sugarra bizirik mantentzeko borrokatzen duen emakumearena, baina borroka horrek, azkenean, bere irribarrea, arima, zentzua eta bizitzeko gogoa suntsitzen ditu, bere errutinan murgilduta, bizitzen ari den errealitatea bere gain hartzeko gai ez izateraino. Obrak emakume askok jasaten duten errealitatearen erretratua izan nahi du, emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen jarraitzen duen gizarte gero eta itsuago baten erretratua.

Emakumea festagunean

Azaroaren 30ean, 18:30ean, Caldereríako aretoan, Julen Hernández Esnaolak zuzendutako “Aurrera egin badugu” dokumentalari buruzko hitzaldi-solasaldia euskaraz eginen da. Filmak biltzen ditu 1997an Hondarribiko Alardean parekotasunez parte hartzearen alde sortutako Jaizkibel Konpainiako kideei egindako elkarrizketak. Testigantzen artean badaude Oihana Etxebarrieta kapitainarena, Jaime Altuna konpainiako kidearena, Itziar Ituño aktorearena, Kattalin Miner kazetari eta idazlearena, Arantxa Urretabizkaia idazlearena eta Garbiñe Biurrun epailearena. Lehenengo filma proiektatuko da eta ondoren Jaizkibel Konpainiako bi kidek parte hartuko dute.

Jai tradizional baten ospakizunean emakume-talde horrekin gertatutakoa adibide gisa hartuta, hitzaldia indarkeria sinbolikora eta emakumeak partaidetza-espazioetatik eta jaiegunetatik kanporatzera hurbilduko da, baita hori gainditzeko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna esparru guztietan sustatzeko estrategia eta dinamika sozialak ezagutzera ere.

Cartel 25 N
¿Te ha sido útil esta página?