Iruñeko Udalak, urtero bezala, Eguberrietarako programazio berezia prestatu du. Gazteluko plazako azoka tradizionalari eta ‘Bestelako Argiak’ V. Jaialdiari gehitu behar zaizkie elizetako kontzertuak, kaleko musika-animazioa eta Civivox sareko edo Gaztediaren Etxeko jarduera espezifikoak. Adin guztietako publikoa barne hartu nahi duen jarduera-katalogo bat da, eta indarrean dauden osasun-segurtasuneko neurri guztiak kontuan hartuta planteatu da, COVID-19aren hedapena saihesteko. Horrexegatik, hain zuzen, aurten, 1989tik lehen aldiz, ez da hirian Eguberriei hasiera emateko pregoirik izanen.
Gaur goizean, Udaleko Kulturako Alorrak antolatutako programazioa aurkeztu dute Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak, Zinetikako ordezkari Andrés García de la Rivak eta Ziudadelan egonen den eskultura-instalazioko egile Fernando Molinak. Bihar ‘Bestelako Argiak’ V. Jaialdiko jarduerak hasiko dira, dantza eta artea protagonista dituen bideoarte-emankizunen multzoa; urtarrilaren 10era arte iraunen dute eta Zinetika plataformarekin elkarlanean eginen dira. Emankizunak osatzeko 11 sormen-lantegi eginen dira Arma Aretoan, eta larunbat arratsaldetan performance bat, ‘Salsola kali: landare-deriba bat’ izenekoa Estitxu Arroyok eginen du Labean duen erakusketan, eta egun bakoitzean hiru aldiz errepikatuko da. Fernando Molinaren argi-eskultura ere egonen da, Ziudadelara sartzeko bi tuneletako argi-instalazioez gain.
Programazioan bereziki kontuan hartu nahi izan dira elkarte-esparrutik eta auzoetatik datozen kultura-eragile guztiak, ezohiko urte honetan beren kultura-proiektuak ezin izan baitituzte garatu, eta kasu askotan horrek galera ekonomikoa eragin die. Hala, dantza-taldeei, musika-taldeei eta hiriko erraldoi eta konpartsen elkarteei laguntzeko jarduerak programatu dira, profil berriekin. Hogeita hamar erraldoi inguru erakutsiko dira Civivox sarean.
Ohi bezala, Civivox sarean ere jarduera bereziak eginen dira Eguberrietan. Halaber, osasun arloko araudiak aurreikusitako edukierarekin, atzotik Iruñean kontzertu zikloa egiten ari da, abenduan hainbat talde, ensemble, ahots talde, bikote edo laukoteren musika eramateko hiriko sei elizatara. Guztira 13 emanaldi programatu dira, denak ala denak 19;30ean eta sarrera librearekin. Gaur arratsaldean, Tafelmusik Ensemble izanen da San Nikolas elizan, flautarako konposizio barrokoen errepertorioarekin, eta bihar, Iñaki Fresán baritonoa eta Leire Irisarri piano-jotzailea izanen dira San Zernin elizan, ‘Abenduko argiak’ kontzertuarekin.
Argia negu artistiko baterako
‘Bestelako Argiak’ jaialdia Iruñeko hainbat txokotan egindako bideoarte-erakusketarekin hasi zen, eta bost urte ondoren mantentzen da. Baina Eguberri hauetan berritasun batekin, izan ere, programazio guztiek leku bakar bat izanen dute ardatz: Ziudadela. Eraikinetako hormek eta gotorleku-barrutiaren hormatalek sei proiekzio erakutsiko dituzte egunero 17:30etik 20:30era, eta edizio honetan guztien ardatza artea eta dantza izanen dira. Dantza jaialdia egiten duen Zinetika kultur plataforma arduratu da obrak hautatzeaz, eta horregatik, aurten, erakustaldiaren izenburua honakoa da: ‘Bestelako Argiak. V. Artea Mugimenduan’. Proiekzio guztiak barruti bakarrean biltzeak ikusleari jaialdiko proposamen guztiak ikustea erraztuko dio.
Hala, Ziudadelan jaialdiaren osagarri diren beste jarduera batzuk eginen dira, hala nola instalazioak eta lantegiak. Berriz ere 'Köppö ‘ abiatuko da, bi argi-instalazioren aldi bereko funtzionamendua gotorleku-barrutiaren sarreretan; hormen barruan, bestalde, belardien gainean, Fernando Molina artistaren ‘Alumbráramos (Argiaren jaiotza)’ ikusi ahal izango da, tamaina handiko eskultura- eta argi-instalazioa. Hala ere, aurten edukiera murrizketengatik eta bestelako osasun-neurriengatik, segurtasun-distantzia mantentzeagatik kasu, ez da Tökkö instalatuko, batez ere haurrei eta familiei zuzendutako kolore- eta soinu-joko interaktiboa.
Halaber, larunbatero, urtarrilaren 9ra arte (barne), ‘Salsola kali: landare-deriba bat’ performancearen hiru emanaldi eskainiko dira. Estitxu Arroyo artistak asmatu eta gauzatua da, eta sortzaileak Ziudadelako labean ikusgai jarritako edukien inguruan hausnartzen du. Saioak ordu erdiro izanen dira, 18:30etik aurrera. Bertaratze-maila kontrolatzeko, izena eman behar da aretoan bertan edo 629793277 telefonoan, erakusketak zabalik dauden ordutegian. Jarduera doan da.
11 lantegi errealitatea berriz fokuratzeko
11 proposamen artistiko horiek Arma Aretoan garatuko dira, Vik Muniz (Brasil, Sao Paulo, 1961) brasildarraren erakusketaren inguruan. Gaur egun Nafarroako Unibertsitatea Museoan ikusgai dago eta erakunde horrek antolatzen du, Foundation for the Exhibition of Photography (Minneapolis/New York/Paris/Lausana) eta High Museum of Art (Atlanta) erakundeekin elkarlanean. Iruñeko Udalak entitate laguntzaile gisa jardun du erakusketan.
Haurrentzako sei lantegietan, 5 urtetik gorakoentzat, artista horren zenbait lanen proiekzioa landuko da. La Chincheta Brunak koordinatuta, abenduaren 28tik urtarrilaren 9ra bitarte eginen dira, 11:30etik 13:00etara. Familarteko bost lantegiak eraikin berean izanen dira, arratsaldez (17:30 – 19:30), eta artistek gidatuko dute; haien obrak eta Munizena nolabait lotuta baitaude, gaiengatik, itxura plastikoagatik edo lan-materialengatik. Abenduaren 28, 29 eta 30ean honako hauek ianen dira artista sortzaileak: Teresa Sabaté, Virginia Santos, Carmen Salgado eta Blanca Razquin; eta urtarrilaren 7 eta 8an, Marijose Recalde, Alicia Otaegui, María Jiménez eta Alfredo Murillo. “Vik Muniz Ziudadelara begira” amaitzeko, urtarrilaren 9an, larunbatarekin, lantegietara bertaratutako guztiekin horma-irudi bat eginen da, objektuekin eskultura bat osatzeko, Brasilgo artistaren lana erreproduzituz.
Kalean musika izanen da
Bihartik aurrera eta urtarrilaren 5era bitarte, kaleko musika-zikloa izanen da, musika-talde ezberdinen emanaldiak, egunero, bost eszenatokitan: Gazteluko plaza, Gurutzeko plaza eta Askatasun plaza, eta hiriko beste bi auzotako aire zabaleko espazioak. Espazio horiek egunez egun aldatuz joanen dira, hartara Iruñeko txoko guztietara iristeko. Eszenatoki hauetan, udal programazioaren barruan kalean aritu ohi diren hogei musika taldek baino gehiagok parte hartuko dute (abesbatza taldeak, fanfarreak, gaiteroak, dantzariak, jotariak eta beste instrumentu-talde batzuk).
Emanaldiak asteko egun guztietan izanen dira. Astelehenetik larunbatera 18: 30ean programatuta daude, eta larunbat, igande eta jaiegunetan bi emanaldi izanen dira: 12:00etan eta 18:30ean.
Programa horren bidez, Iruñeko Udalak laguntza eman nahi dio kultura- eta elkarte-jarduerari, pandemiak eragindako murrizketen ondorioz aurten ekonomikoki ahuldu baita. Kultur talde horiek Udalak ezarritako akordio baten parte dira. Akordio horren bidez, beren jarduerak kontratatzen dituzte, hiriko elkarteen eskura jartzeko, beren ekitaldietan edo ospakizunetan sar ditzaten.
Irizpide horri berari jarraiki, Eguberri hauetan oso erakusketa bereziak programatu dira hiriko erraldoien konpartsei eta elkarteei babesa emateko (hala gazteenak nola helduenak), aurten ezin izan baitituzte egin, ezta ere, ohiko irteerak eta jarduerak .
Iruñeko auzoetako –Alde Zahar, Mendillorri, Buztintzuri edo Arrotxapeko– konpartsen hogeita hamar irudi baino gehiago Kondestable Civivoxean eta Iturramako Civivoxean ikusgai egonen dira, handiena 4,10 m-koa. Eta horiez gain, atrezzoko lau zezen. Abenduaren 21etik urtarrilaren 10era bitarte bisitatu ahalko dira, zentro horien irekiera ordutegiaren barruan: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Igandeetan, ohi bezala, Kondestable zabalik egonen da.
Civivox: ipuinak, antzerkia, zinema eta lantegiak (beteta)
Civivox sareak, urtero bezala, haur eta familiei zuzendutako jarduerak eskainiko ditu. Egun hauetarako ipuin-kontalariak, antzerki-ikuskizunak eta zinema-emanaldiak antolatu dira sareko lau zentrotan. Ipuinak eta zinema-emanaldiak Kondestable Civivoxean izanen dira, eta gainerako ikuskizunak, Iturrama, Mendillorri eta Sanduzelaiko Civivoxetan, eta denak eskola jaiegunetan izanen dira. Sareko emanaldi eta ikuskizun guztiek COVID-19ari aurre egiteko osasun-araudian ezarritako higiene-neurriak, segurtasun-distantzia eta edukien kontrola errespetatuko dituzte.
Ipuin-kontalarien bi saioak doan izanen dira, aurrez izena emanda Civivox zentroetan, www.pamplonaescultura webgunean eta 010ean, eta eguerdian izanen dira abenduaren 26an eta urtarrilaren 2an. Zinema-emannkizunak abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an izanen dira, 18:00etan, doan, aurrez izena emanda. Ikuskizunak abenduaren 26, 27, 28 eta 30ean eta urtarrilaren 2 eta 4an izanen dira, denak ala denak 18:00etan. Sarreraren prezioa 3 euro da, eta jada eskuragarri daude www.pamplonaescultura.es webgunean. Ikuskizuna zein zentrotan egin eta Civivox zentro horretan ere eros daitezke sarrerak.
Sarean ere haurrentzako lantegiak eta jolas-saioak eginen dira Eguberri hauetan; horietarako lekuak jada beteta daude. Hala, aurten programatutako lantegiek mitologia desberdinak izanen dituzte ardatz, bi modalitaterekin. Alde batetik, Lego piezekin lan egien dute eta Antzinako Erroma, Grezia klasikoa, bikingoen itsasontziak eta Egiptoko piramideak birsortuko dituzte. Bigarren aukera artistikoxeagoa da, eta proposatzen du euskal mitologiako maskarak eta pertsonaiak lantzea, Greziako Partenoiko frontoia birsortzea edo egiptoar hieroglifoak estanpatzea.
Kultura Eguberrietan
‘BESTELAKO ARGIAK’ V. JAIALDIA
Ziudadela. 2020ko abenduaren 18a – 2021eko urtarrilaren 10a
BIDEOARTE PROIEKZIOAK (Zinetikarekin elkarlanean)
Egunero. 17:30 – 20:30. Parte-hartze librea
- ‘Banana Blue’. Pia Lauritz. (Australia, 2018, 4,59”). Labea
- ‘O mal / The Evil’. Carlon Hardt (Brasil, 2016, 2,10”). Mistoen eraikina, atzealdea
- ‘Little Dreams’. Wilkie Branson (Belgika, 2015, 6,04”). 7. poterna
- ‘Islander’. Derek Pedrós (Espainia, 2018, 3,37”). Lidia Biurrun aretoa
- ‘Ceci n’est pas Magritte’, Ivan Skorik (Errusia, 2016, 5,54”). Arma Aretoaren alboko tunela
INSTALAZIOAK
Egunero. 17:30 – 20:30. Parte-hartze librea
- “Alumbráramos (Argiaren jaiotza)”. Eskultura-instalazioa. Fernando Molina. Ziudadelako barrutia.
- “Köppö. Argi-instalazioa. Fermín Izco. Ziudadelara sartzeko tunelak
PERFORMANCE ARTISTIKOA
Abenduak 19 eta 26 eta urtarrilaren 2 eta 9 (larunbatak). Emanaldiak 18:30ean, 19:00etan eta 19:30ean. Izen-emateak aretoan bertan edo 629793277 telefonoan, erakusketa-ordutegian.
- “Salsola kali: landare-deriba bat”. Estitxu Arroyo. Ziudadelako Labea
FAMILIARTEKO SORMEN-LANTEGIAK
“Vik Muniz Ziudadelara begira” erakusketari buruz (MUN). Izen-emateak, 010ean.
Haurrendako lantegiak (5 urtetik gorakoentzat)
- Ziudadelako Arma Aretoa. Abenduak 28, 29, 30. Urtarrilak 7, 8 eta 9. 11:30 – 13:00
- Koordinatzailea: La Chincheta Bruna
Familiarteko lantegiak artistekin
- Ziudadelako Arma Aretoa. 17:30 – 19:30.
- Abenduak 28, 29, 30: Teresa Sabaté, Virginia Santos, Carmen Salgado eta Blanca Razquin
- Urtarrilak 7 eta 8: Marijose Recalde, Alicia Otaegui, María Jiménez eta Alfredo Murillo
Urtarrilaren 9an, larunbatarekin, lantegietara bertaratutako guztiekin horma-irudi bat eginen da, objektuekin eskultura bat osatzeko, Brasilgo artistaren lana erreproduzituz.
MUSIKA KALEAN
Abenduak 18 – Urtarrilak 5
- Eszenatokiak: Gazteluko plaza, hiriko bi auzo eta Gurutzeko plaza eta Askatasun plaza. Azken bi hauetan talde bera arituko da elkarren segidan 12:00etan eta 12:30ean eta 18:30ean eta 19:00etan.
- Astelehenetik larunbatera: 18:30. Larunbat, igande eta jaiegunetan: 12:00 eta 18:30.
ERRALDOI ETA BURUHANDIEN KONPARTSEN ERAKUSKETAK
Abenduak 21 – Urtarrilak 10
- Kondestable Civivoxa eta Iturramako Civivoxa
- Bi zentro horien irekiera-ordutegietan (09:00 – 14:00 eta 17:00 – 21:00, astelehenetik larunbatera. Igandeetan, bakarrik Kondestablen).
KONDESTABLE
- Aldezar Elkartea (6 Txiki)
- Trikimako Gazte Elkartea (4 zezen)
- Alde Zaharreko Erraldoiak (4)
ITURRAMA
- Gartxot Konpartsa Elkartea (2)
- “San Cristobal” Gazte Elkartea
- Arrotxapeko Erraldoien Konpartsa (4)
- Buztintxuriko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa (4)
- Gaztelumendi Mendillorriko Erraldoi eta Kilikien Konpartsa (4)
- Ilargienea Taldea (4 Txiki)
KONTZERTUAK ELIZETAN
Abenduaren 30era arte, Gabon eta Eguberri egunetan izan ezik. 19:30. Sarrera librea
- Elizak: Aita Karmeldar Oinutsak, San Nikolas, San Saturnino, San Enrike, San Antonio eta San Domingo.
- Musikariak: Dúo Koriki; Tafelmusik Ensemble; Iñaki Fresán eta Leire Lisarri; zeharkako flautaren eta marimbaren duoa; Elkhos Ahots Taldea; Strenia Ensemble; Migiomaro laukotea; Fluencias laukotea; Gaztelu Ahotsak; Eugenia Echarren Kantu Eskola; Tempo d’Intermezzo Ahots Taldea; Amaia Huarte, Juan Urdaniz eta Ikki Quartet; eta In Tempore Abesbatza, korua eta ensemblea.
CIVIVOXETAKO JARDUERAK
Abenduak 26 – Urtarrilak 4
- Ipuinak: Kondestable: abenduak 26 eta urtarrilak 2. 12:00. Doan izanen dira, aurrez izena emanda, Civivox zentroetan, www.pamplonaescultura webgunean eta 010 telefonoan.
- Proiekzioak: Kondestable: abenduak 27 eta urtarrilak 3. 18:00. Doan izanen dira, aurrez izena emanda, Civivox zentroetan, www.pamplonaescultura webgunean eta 010 telefonoan.
- Ikuskizunak: Iturrama, Mendillorri eta Sanduzelaiko Civivoxak: abenduak 26, 27, 28 eta 30, eta urtarrilak 2 eta 4. 18:00. Sartzeko 3 euroan dagoen sarrera ordaindu beharko da, www.pamplonaescultura.es webgunean edo Civivox zentroan bertan.
*Haurrentzako lantegiak ere programatu dira; jada beteta daude.