Udalak egonaldi luzeko aparkaleku bat eginen du tren geltokirako, Sanduzelaiko Kaiko kaleko plaza laranjak baliatuta

Udalak egonaldi luzeko aparkaleku bat eginen du tren geltokirako, Sanduzelaiko Kaiko kaleko plaza laranjak baliatuta
Datorren astean martxan jarriko da eta honako prezioak izanen ditu: 4,35 euro egun batez aparkatzeagatik, 7,20 euro bi egunez eta 17,55 euro, astebetez

 

 

Iruñeko Udalak egonaldi luzeko aparkaleku bat eginen du tren geltokiaren inguruan. Trenbidetik gertuen dauden aparkatzeko plaza laranjak baliatuta eginen da, zeinak Kaiko kalean barna baitaude, irailean Sanduzelain AAO (ORA) ezarri ostean. Aparkalekuak 450 plaza izanen lituzke eta sektoreko bizilagun-txartela dutenek doan erabiltzen ahalko dituzte.

Aurreikusita dago egonaldi luzeko aparkaleku berria datorren astean erabilgarri egotea, eguraldiak beharrezko margotze- eta seinaleztapen-lan txiki batzuk ahalbidetzen baditu. Hiriko gainontzeko eremu laranjak bezala erabiliko da, baina ezberdintasun gisa, ez du 9,5 orduko denbora-muga izanen. Horrela, lehendabiziko bi orduetan euro bateko kostua izanen du bakoitzak eta bigarren ordutik aurrera zatikia 0,30 euro orduan izanen da, mugarik gabe, eta aparkatze arautuko ohiko ordutegiarekin bat datozen orduak bakarrik zenbatuko dira, hau da, larunbat arratsaldeak, igandeak eta jaiegunak kanpo. Adibidez, lehenengo egunak 4,35 euroko kostua izanen du, bi egunek 7,20 eurokoa eta hiru egunek, 10,05eurokoa. Kotxea astebetez uzteak 17,55 euroko prezioa izanen du eta hiru astez aparkatzeak, 50 euro.

Iruña RENFEtik gertu egonaldi luzeko aparkalekurik ez duen Espainiako hiriburu bakarrenetako bat da. Sanduzelain eremu urdina ezarri aurretik, ondoko kaleetan bilatu zitezkeen leku libreak, horrek ordea bizilagunei eragozpenak eragiten zizkien eta beharrezkoa ez zen trafiko-intentsitatea. Bere garaian, gainera, geltokira sartzeko aparkalekua antolatzeko eta trenaren erabiltzaileak hurbiltzen edo jasotzen zituztenendako plazak bermatzeko, gune gorri bat ezarri zen, soilik 24 orduko txandakatze iraunkorrerako.

Sanduzelaiko aparkatze arautuko eremu berriari, Kaiko kalean egindako aldaketei –zirkulazioko noranzko bakarreko bide bilakatuta– eta ilaratik bateriara igarotzean aparkatzeko plaza berriak, orain okupazio-maila baxua dutenak, sortzeari esker proposamen hau gauzatu da, zeinaren bidez Iruñetik trenez bidaiatzen dutenen ibilgailuendako plazak bermatuko baitira.

¿Te ha sido útil esta página?