Iruñeko Udalak eginen ditu ostegunean –abenduak 26– egiaztapenak Frantziako Portaleko zubi altxagarriaren engranaje-sisteman, Errege Kabalkada Iruñera etortzen den uneari begira. Horregatik, zirkulazioa eta oinezkoendako sarbidea 09:15etik 10:00etara mugatzen ahalko dira une batzuetan. Frantziako portaleko taula altxatzea ahalbidetzen duten mekanismoetako lanetan, Derché maniobra delakoan, Udalaren Hiri Kontserbazioko Alorreko teknikariak eta Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteko, Hermanos Aldaz aroztegiko zein Talleres Ismael Liras metal-aroztegiko ordezkariek hartuko dute parte.
Hirian gelditzen den zubi altxagarri bakarra altxatu eta jaisten duten osagai mekanikoak 1753koak dira, eta kate-sistema bi mende gutxiago ditu. Iruñeko Udalak 2007an berreskuratu zituen zubiaren mekanismoak, eta Ekialdeko Errege Magoei 2008ko urtarrilaren 5etik baimentzen die hiriko erdigunerako sarrera, Kabalkadako arratsaldean. Oraingoan, ohi bezala kojineteak koipeztatzeaz gain, beharrezkoa izanez gero, herdoildura kenduko da eskuzko arrabotaketaz, eta margo-geruza emanen zaio zubiko taularen metalezko egiturari. Urtean zehar, taula ez da mugitzen, mekanismoa kisketaz eta giltzarrapoz itxita uzten baita. Frantziako portalea jarraian dauden bi arkuk osatzen dute. Taula kanpoko arkuan dago, eta horren mekanismoak (gurpila, kurubila, txirrika, katea eta kontrapisuak) adreiluz egindako arku baxuzko ganga-teilatutxo baten azpian ikus daitezke.
Historikoa den portalerako osagai historikoak
Derché maniobran zubiko kateak mugitzen dira; sisteman, kontrapisuez, taula igotzeko behar den indarra orekatzen da, eta horrela atea igotzen da ala jaisten da. Sistema XIX. mendearen azken herenetik dator, eta izena bere asmatzailearengandik datorkio. Zubi katedun direlakoen modalitatea da: antzinako burdinagak ordezteko jarri ziren, zurezkoak eta kulunkariak ziren, gezi izenekoak, eta Erdi Arokoak. Hemen, zubi altxagarriko berunezko eta burdinazko kontrapisu bakoitzak 645 pisatzen du, eta 1,82 tonako taula altxatzen dute. Maniobra egiteko osagaiak Felipe V.aren erregealdikoak dira, Salvador Pinaqui burdinolan eginak (Caparrosoren Errota).
Frantziako portalea gotorleku-sistemakoa da; izan ere, hiria harresiez erabat itxita zegoenean Iruñean sartzeko ziren sei ateetako bat da. Gainera, horrek bakarrik mantentzen ditu jatorrizko kokapena eta itxura.