Iruñeko Udalak, Iruñeko Udal Artxiboaren bidez, bisita gidatuko 24 ordu antolatu ditu, Gatazkak eta adostasunak burguen Iruñean (XII - XV. m.) izenburupean Kondestablearen jauregian irekita dagoen agiri-erakusketa ikusteko. Bisitaldiak ostegun eta ostiralean izango dira, 12:00etan, 18:30ean eta 20:00etan.
Edukiak testuinguruan kokatzeaz Mercedes Chocarro Scriptum enpresako agirizaina arduratuko da; izan ere, enpresa hori Iruñeko Udal Artxiboarekin elkarlanean aritu da erakusketa prestatzeko prozesuan. Chocarrok ibilbide bat eskainiko du erakusketa osatzen duten 27 agirien inguruko azalpenez. Beira-arasak Erdi Aroko aretoan daude, eta horixe izango da topagunea jarduera honetara bertaratu nahi dutenentzat. Talde bakoitza 20 lagunek osatuko dute, eta bisitak doan izango dira.
1129 – 1434ko garaikoak eta, asko, aurrez erakutsi gabeak diren larrukien inguruan Chocarrok xehetasunak emango ditu 60 minutu inguruko ibilbidean. Hizketa horretan, agiriak oinarri, honako panoramika hau ere izango da hizpide: Batasunaren Pribilegioaren aurre-aurreko mendeetako giza kokaguneen historia eta, hortaz, Erdi Aroko hiriaren sorrera.
Kondestableko erakusketa hau Erdi Aroko ia 300 larruki oinarri hartuta iaz abiatu zen artxibo-lan prozesuaren azken zatia da. Erakusketa astelehenetik igandera egongo da zabalik, martxoaren 31 arte, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.