Udalak doako aplikazio bat jarriko du herritarren eskura etxean kirola egiteko entrenatzaile pertsonal batekin aste hauetan zehar

Udalak doako aplikazio bat jarriko du herritarren eskura etxean kirola egiteko entrenatzaile pertsonal batekin aste hauetan zehar
Udalaren hitzarmenari esker iruindarrak doan sartzen ahal izanen dira ‘Mootiv-Entrenador personal’ app-aren ordainpeko atalean

Deskargatu hemen:

Iruñeko Udalak Vitale intelligent training system enpresa nafarrarekin hitzarmen bat sinatu du, Iruñeko bizilagunek Mootiv-Entrenador personal aplikazioko eduki guztietara sartu ahal izateko. Horrela, sartzen direnek erabili ahal izanen dituzte hala doan eskaini ohi dituzten zerbitzuak nola zerbitzu pertsonalizatuak, ordainpekoak direnak. Horretarako ‘pamplona’ pasahitza sartu beharko dute.

 
Sistema hau indarrean egonen da COVID-19k eragindako osasun krisiak sortu duen alarma-egoerak iraun bitartean. 

Ekimen honekin Udalak nahi du kirola egiteko ohiko aukerak desagertu diren konfinamendu-egun hauetan, Iruñeko bizilagunek kirola egiten jarraitzeko aukera izatea. Hala, eguneroko errutinan jarduera-fisikorako tarte bat sar daiteke, sedentarismo-uneak arintzeko, gora egin baitute horiek etxean egun osoa eman behar delako. Lortu nahi diren helburuak dira, batetik, jendea osasuntsu eta indartsu mantentzea, eta bestetik, eguneroko errutinak sortzeko aukera bat eskaintzea eta denbora modu entretenigarrian pasatzea.
 

Pertsona bakoitzarendako ariketa zehatzak bideo bidez

Mootiv-Entrenador personal app-a edozein gailutan deskargatzen ahal da, Android zein iOS. Lanean hasteko alta hartu behar da posta elektronikoz edo Googel zein Facebook bidez. Lehen urratsa kirol-profila osatzea da, eta helburuen berri ematea, horrela entrenatzaileek programa pertsonal egokiak esleitu ahal izateko kasu bakoitzari. Hainbat datu txertatzen dira: adina, pisua, altuera eta bihotz-taupaden maiztasuna, maila fisikoa, egin nahi den ariketa mota, entrenamenduen iraupena eta eskura dagoen materiala. Halaber, erabiltzaileek patologia-motaren bat duten adierazi behar dute.
 

Jarraian, app-an eskuragarri dauden entrenatzaileek banakako entrenamendu-programa prestatu eta bidaltzen dute, pertsona bakoitzaren beharrei egokitua eta ariketa zerrenda bat helarazten dute, bideoan erakutsita ariketak nola egin behar diren Profesional horiek zalantzak erantzuten dituzte eta aholku zehatzak eskaintzen dituzte. Azkenik, Mootiv-Entrenador personal app-arekin posible da baita ere eguneko, asteko eta hilabeteko entrenamenduei buruzko estatistikak eskuratzea, zenbat kaloria erre diren, etab.
 

Hona hemen sistemak proposatzen dituen helburuetako batzuk: argaltzea, tonifikazioa, abdominalak, erabateko entrenamendua, cross training, bihotz-osasungarria eta bizkar osasuntsua. Zenbait patologia kronikoetarako berariazko programak ditu, hala nola hipertentsio arteriala, osteoporosia, diabetesa, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK) eta fibromialgia. Adinekoendako ariketa egokituak eta berariazko metodologiak ere eskaintzen ditu.

¿Te ha sido útil esta página?