2024-2025eko ikasturte honetan, Julio Caro Baroja BHIk irakasgai berri bat eskaintzen die Batxilergoko 1. mailako ikasleei: ‘Zinema-sorkuntza’. Irakasgai hau Iruñeko Udalak eta A Bao A Qu elkarteak sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Entitate horrek 20 urte baino gehiago daramatza Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleen artean zinema sustatzen ‘Zinema martxan’ programaren bidez. Ikasturtean zehar, gainera, hainbat entitatek lantegiak, hitzaldiak, bisitak, etab. eskainiko dituzte, zenbait edukiren inguruan, hala nola produkzioa, erakustaldia eta kontserbazioa. Guztira 4 ordu izanen dira astean, eskola-ordutegiaren barruan.
Ikasleek, ikasturte honetan, film dokumental bat eginen dute, Iruñearekin zerikusia duen alderdiren bat ardatz hartuta (auzoak, jendea, lanak, proiektuak, etab. ). Filma, gainera, Golem zinema-aretoetan erakutsiko dute. Enpresa horrekin eta NICDOrekin (Nafarroako Filmoteka) ere hitzarmenak sinatu dituzte. Udalak, 8.900 euroko laguntza emanda, abenduaren 31ra arte 16 saio garatzea sustatuko du. Ikasturte honetan hamar ikaslek, bederatzi neskak eta mutil batek, egiten dute ikasgai hori, eta lehen aste hauetan oinarrizko teknikak ikasten ari dira: enkoadraketa, travelling-a, materialak ikustea…
Ikastetxeko bi irakasleren eta Patxi Burillo zinema-zuzendari iruindarraren eskutik, ikasleak zinemaren esparruan lehen esperimentazioak egiten hasi dira, eta XX. mendeko masa-fenomenoen artean nagusiena den horren hastapen teknikoak ezagutzen. Horrela, ikasgelan egiten diren saioez gain, ikastetxearen inguruetara irteerak egiten dira, eta horietan, ikasleen gailu mugikorrak erabiliz lantzen da ikaskuntza. Lehen hiruhileko honen ondoren, azken proiektua garatzen hasiko dira.
Irakasgaiaren helburuak askotarikoak dira. Lehenik eta behin, zinemarekiko zaletasuna sustatzea eta ikasleei zinemaz gozatzeko eta hura garatzeko beharrezko tresnak eskaintzea; proposamen horren barruan, ikus-entzunezko hizkuntzari buruzko ikastaro bat jasoko dute batxilergoko ikasleek, arlo horretan bukatutako produktu bat garatzeko gaituko dituena.Baina, horrez gain, gaitasun pertsonalen ikuspegitik, talde-lanean aritzeak duen garrantzia transmititu nahi zaie. Zineman, zehazki, produktu bukatu bat sortzea (film bat) ez da inoiz subjektu indibidual baten emaitza, talde-lan baten emaitza baizik, non funtzio guztiak garrantzitsuak diren (gidoia, filmazioa, soinua, argia, edizioa, etab.). Hori horrela, asmoa da ikasturtean zehar ikasleek funtzio guztietan txandakatzea.
A Bao A Qu irabazi-asmorik gabeko elkartea da, Katalunian sortua, eta 20 urte bete ditu ikasleekin, artistekin eta irakasleekin sorkuntza kolektiboko prozesuak garatzen. Elkarte horrek sorkuntza pentsamendu, ezagutza, aurkikuntza eta hazkunderako espazio gisa ulertzen du, programa propioak bultzatzen ditu eta lankidetzan aritzen da museoekin, jaialdiekin, ekipamenduekin... Elkartearen izenak Jorge Luis Borgesek El Libro de los Seres imaginarios liburuan deskribatutako izaki bati egiten dio erreferentzia.
‘Zinema martxan’, irakasgai bat baino zerbait gehiago
‘Zinema martxan’ programa elkartearen programarik sendoenetako bat da. Katalunian 2005-2006ko ikasturtean eskoletan eta institutuetan hasitako zinemaren pedagogia zinemaren bidez lantzen du. Harrezkero, 500 lantegi baino gehiago egin dituzte irakasleek eta zinemagileek elkarrekin bideratuta. Gaur egun, Katalunian, Galizian, Madrilen eta Euskadin garatzen da, baita Alemanian eta Txilen ere.
‘Zinema martxan’ lau ekintza-ardatz nagusitan garatzen da: alde batetik, zinemagile eta irakasleekin lantegiak egiten dira, eskola-ordutegiaren barruan, eta horietan, sorkuntza zinematografikoa aztertzen da, ikustaldien eta sormen-praktiken bidez; bestetik, irakasleen prestakuntza bilatzen da. Gainera, esperimentazio- eta ikerketa-laborategiak egiten dira. Zinemagileek eta hezkuntza-maila guztietako irakasleek osatzen duten lantaldeak lantegietan garatutako esperientziak aztertzen ditu, eta hezkuntza-testuinguru guztietara hedatzeko moduko baliabideak, materialak, proposamenak eta metodologiak prestatzen ditu.
Zinema eta kulturarekiko lotura hori Ikastetxeetatik haratago luzatzea da beste helburuetako bat, eta lan-ildo horri zuzenean lotuta, A Bao A Qu Europar Batasunak kofinantzatutako Moving Cinema proiektuaren buru da 2014az geroztik.