2017-2018ko denboraldian (irailetik ekainera) zein 2018. urtean kirol-emanaldi eta -ikuskizunak eta bestelako kirol-jarduerak antolatzen dituzten kirol zein ariketa fisiko arloko entitateei zuzendutako diru-laguntzak deitu ditu Iruñeko Udalak, xede hartuta kirol-emanaldien eta -ikuskizunen antolamendua sustatu eta erraztea hirian. Deialdiaren diru-zuzkidura 617.000 euroan mantendu da, eta eskaerak aurkezteko mugaeguna maiatzaren 4a da, ostiralarekin. Deialdiaren iragarkia kontsultagai dago 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2018ko apirilaren 4koan.
Aurkeztu nahi diren entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: legearekin bat eraturik eta dagokien erregistroan izena emanda egotea, irabazi-asmorik gabekoak izatea, estatutuetan jasota edukitzea kirol zein ariketa fisikoaren arloko jarduerak egitea, Iruñean izatea zergetarako helbidea eta egoitza, eta egunean edukitzea Udalarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu-betebeharrak. Entitate bakoitzak 4 proiektu aurkezten ahalko ditu gehienez ere, eta horiek zenbait baldintza orokor bete beharko dituzte: herritar orori irekiak izatea; jarduerak Iruñeko udal-mugartean gauzatzea, oro har, eta 2017-2018ko denboraldian (irailetik ekainera) edo 2018. urtean zehar; eta diru-laguntzaren xede den jarduerak diru-laguntzarik ez jasotzea Iruñeko Udalaren beste deialdi publiko, kontratu edo hitzarmenen bidez.
Berariazko betekizunak ere ezarri dira: jarduera denboraldi oso bat irauten duten kirol-liga bat baldin bada, hori ezingo da kirol-federazioen babespean egin, eta adinez nagusiek ezingo dute parte hartu; denboraldi oso bat (gutxienez 8 hilabete) irauten duten ariketa fisikoko programetako jarduerak badira, herritar guztiei zabalik egon beharko dute, baldintza berberetan, eta ordaindu beharreko kuota ezin izango da 120 euro baino gehiagokoa izan; eta kirol-klub bati lotutako fundazio pribatuek aurkezten dituzten proiektuek xede izan beharko dituzte oinarrizko kirolaren sustapena, koordinazioa eta garapena, klubeko lehen taldea zein modalitatetan aritu eta horrena.