Udalak Diabetesaren Mundu Egunarekin bat egin eta Udaletxearen fatxada urdinez argiztatuko du

Udalak Diabetesaren Mundu Egunarekin bat egin eta Udaletxearen fatxada urdinez argiztatuko du
Fachada Ayuntamiento

 

Udaletxeko fatxada urdinez argiztatuko da bihar, ostegunarekin, Diabetesaren Mundu Egunaren kariaz. Berriz ere, Iruñeko Udalak kausa sozialekin bat egin eta babesa eman nahi dio hainbat elkarteren partetik, esaterako ANADIrenetik, eta osasunaren nahiz ikerketaren eremuetatik egiten den lanari, diabetesaren prebentzio, diagnostiko eta zaintzaz bezainbatean. 
 

Diabetesa: babestu zure familia lemapean, aurten, hain zuzen, familiak dira kanpainaren jomuga, eta, oro har, gaixoen ingurune hurbila. Diabetesa gaixotasun kronikorik ohikoena da gaur egun. Kalkuluen arabera, Nafarroan 50.000 lagun ingururi (biztanleen % 9,5i) eragiten die II motako diabetesak. Horietatik, 14.000 ingururi ez zaie diagnostikatu oraindik. Urtero 2.500 kasu berri diagnostikatzen dira. Bestalde, ia 2.000 lagunek dute I motako diabetesa, eta urtero 50 kasu berri daude, intsulinaz tratatu beharrekoak.
 

Nafarroako Diabetes Elkartea (ANADI) irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta xede du Nafarroan diabetesa duten pertsona guztiak biltzea, haien bizi-baldintzak hobetu eta osasun- eta gizarte-eskubideak defendatzeko. Diabetesa duten gaixoen eta haien familien eskubideen alde egiteko plataforma izatea du xede, bai eta administrazio publikoen aurrean solaskide aritzea ere, diabetesaren inguruan garrantzitsuak izan daitezkeen alderdiak lantzeko. Halaber, entitateak diabetesa duten pertsonen ahalmenak eta arazoak ikusgai jartzen ditu, eta herritarrengan bizimodu osasungarriko azturak hartzea sustatzen du, II motako diabetesa prebenitzeko modu gisa. Gaur egun, ANADIk 592 bazkide ditu, bost langile emakume plantillan eta 130 boluntario eta laguntzaile baino gehiago.
 

Diabetesaren Mundu Egunaren karietara udaletxearen fatxada argiztatuko da, eta egun berean Iruñeko Udalaren Osoko Bilkura eginen da. 18:00ak aldera etenaldi bat egitea aurreikusita dago, Udalbatza Udaletxe plazara jaisteko. Une horretan argi urdinak piztuko dira eta ANADI elkarteak manifestu bat irakurriko du.