Iruñeko Udalak baimena eman dio Tasubinsari Ibaiondo Zentro Okupazionaleko (Sanduzelaiko etorb. 7) udal-lokalak Enplegu Zentro Berezi gisa erabiltzeko, Gizarte Ekintzako Alorrak desgaitasun intelektuala duten pertsonen artean enplegua sustatzeko garatzen ari den lankidetzaren esparruan. Aldaketa horri esker, Arazuri-Orkoiengo industrialdean Teknologia Berrien eta Adimen Artifizialaren departamentuan lanean ari ziren desgaitasuna duten zortzi pertsonek lana hirigunetik gertuago dagoen toki batean egiten ahalko dute orain, eta modu autonomoan egiten ahalko dituzte joan-etorriak garraio publikoari esker.
Gainera, erabilera berri hori 1.172 metro karratuko lokal batzuetan (beheko solairuan eta lehenengoan) baimentzeak hazten jarraitzeko aukera emanen dio departamentu horri: 2022an hiru kide bazituen, gaur egun 8 pertsonak osatzen dute –bost gizonek eta 3 emakumek, bi laguntzailek lagunduta–, eta hemendik urte amaierara kopuru hori bikoiztea espero da.
Lehendakaritza Batzordea osatzen dutenek gaur goizean bisitatu dituzte bulego gisa gaitutako instalazioak, bertan egiten den lana berdintsua baita. Enplegu Zentro Berezian lan egiten dutenek enpresen eta instituzioen administrazio-departamentuendako prozesuak egiten dituzte, hala nola agiriak digitalizatzea, intzidentziak konpontzea datu-baseen bidez, datuen aurretratamendua egin ondoren horiek ustiatzeko, agiriak eta irudiak etiketatzea Adimen Artifiziala entrenatzeko eta entrenatutako algoritmoak balidatzea.
Teknologia Berrien departamentua 2022an sortu zen, TeReSa fundazioaren babesarekin: balio erantsi handiko zerbitzu ez-industriala da, eta profil horietako pertsonek ‘eskuzko lana’ egitera mugatzen direla ezeztatzen du. Ildo horretan, Tasubinsaren ustez, departamentu hori eta egiten duten lana erreferentziazkoak dira Nafarroan zein Nafarroatik kanpo desgaitasunaren esparruan, eta gainera, erakundearen kideak hautatzeko aukerak asko handitzen ditu.
Erakundearen helburua da desgaitasunen bat duten pertsonak —batez ere, desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna dutenak — teknologia berrien lan-munduan sartzea, oinarri teknologikoko lanpostuak sortuz eta azken bezeroen zerbitzuen kontratazioa bultzatuz, enpresa kontratatzaileei lagunduz pertsona horiei beren jarduera egiteko behar duten laguntza eman eta ekimen hori enpresa-esparruan zabaltzea sustatzeko, enpresen estrategian lehentasun gisa txertatze aldera.
Departamentua hainbat prestakuntza-zentrorekin lankidetzan ari da, batez ere El Molino Hezkuntza Bereziko ikastetxearekin. Ikastetxe horrek adimen artifizialeko modulu bat du, eta, han, ikasleak teknologia berrien beharretan trebatzen dira. Tasubinsa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du adimen- edo garapen-desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen, eta 1.418 pertsonaren lanbidea eta enplegua kudeatzen ditu; horietatik % 86k desgaitasunen bat du.