Udalak deialdia egin du udal-kiroldegiak eta Arantzadiko eta Sanduzelaiko instalazioak 2019 – 2020ko denboraldian erabiltzeko eskaera egiteko

Udalak deialdia egin du udal-kiroldegiak eta Arantzadiko eta Sanduzelaiko instalazioak 2019 – 2020ko denboraldian erabiltzeko eskaera egiteko
Eskaerak abuztuaren 16a arte aurkez daitezke edozein udal-erregistrotan edo egoitza elektronikoan

Abuztuaren 16an, ostiralarekin, izango da mugaeguna udal-kiroldegiak eta Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirolguneetako instalazioak 2019 – 2020ko denboraldian (irailetik ekainera) erabiltzeko eskaerak aurkezteko. Honako hauek eskatu ahal dute erabilera: kirol-elkarteak edo klubak, IGEak, federazioak, elkarteak, ikastetxeak eta eskola-kontseiluak, enpresak, Nafarroako Gobernua, Udalaren prebentzio-ekintza komunitarioko zerbitzuak eta beste udal-zerbitzu batzuk, baita txapelketa arautuetan parte hartzen duten taldeak ere. 

Zehazki, deialdi honetan laga ahal diren guneak honako hauek dira: kirol anitzeko pistak, kirol-aretoak (gimnasioak, bilera-aretoak eta / edo bulegoak izan ezik), Mendillorriko trinketea, Arantzadiko kirolguneko padel-pistak eta kirol-instalazioetako igerileku estalien kaleak, bai Arantzadin bai Sanduzelain. Deialdi honetako helburua guneak erreserbatzea da eskola, ikastaro, entrenamendu, txapelketa zein han egiten diren bestelako jardueretarako. Kiroldegietan, adibidez, aurreko denboraldian okupazioa % 75,4koa izan zen, erabilgarri dauden 736 orduetatik 560 baino gehiago erreserbatu zirelarik. Iratiko (Arrotxapea), Sanduzelaiko eta Lezkairuko futbol-zelaiak ez daude deialdi honen barruan, beren deialdia izango baitute.

Eskaera izapidetzeko, deialdirako sortutako inprimakia bete behar da; inprimakia Kondestablearen Jauregiko Herritarrendako Arreta Bulegoan (Kale Nagusia, 2), Kirol-Unitatean edo udal-webgunean (www.pamplona.es/temas/deporte) jaso ahal da. Eskabideak aurrez aurre erregistratuko dira edozein udal-erregistrotan, edo telematikoki, egoitza elektronikoan, “Erregistro Elektronikoa” atalean.