Iruñeko Udalak abian jarriko du ‘Irakur dezagun’ ikastetxeetan irakurketa sustatzeko programaren beste edizio bat 2021/22ko ikasturtean. Programaren berritasuna, hain zuzen, ikasleen kultura-aniztasuna eta literatura hispanoamerikarra balioestea izanen da.
Tokiko Gobernu Batzarrak Fomento Iniciativas Recreativas y Artísticas SLri (FIRA SL) adjudikatu dio programaren kontratazioa, 70.180 euroan. Kopuru horretatik, 12.260 euro irailetik abendura bitarteko lauhilekoari dagozkio, eta 57.920 euro 2022ko aurrekontuaren kargura doaz.
'Irakur dezagun’ udal-programak zuzeneko topaketak egiten ditu egileekin, bai eta haur zein gazte literaturari lotutako ahozko narrazio-saioak ere, programa hau garatzen duten ikastetxeetako irakasleei gaiari buruz aholkularitza eskaintzearekin batera. Programak 26 urte daramatza ezarrita, eta aurten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxe publikok eta itunduk parte hartuko dute, bai eta Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxek, Hezkuntza Bereziko bik eta Helduendako Prestakuntzako beste bik ere.
206 topaketa egileekin eta narratzaileekin
Programan 9.500 pertsona inguru ari dira urte bakoitzean. Azken bi ikasturteetan, osasun-krisiak eragindako murrizketengatik parte-hartzaileen kopurua 5.000 lagunena izan da gutxi gorabehera. Aurreikusita dago edizio berria unean-unean indarrean diren osasun-neurriak kontuan hartuta gauzatzea. Proposamena da 206 topaketa egileekin eta/edo ahozko narrazio-saio egitea (haietatik % 67 Haur eta Lehen Hezkuntzarako), eta ordubeteko gehienez 71 jarduera parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleei irakurketa sustatzeko teknikei eta estrategiei buruzko aholkularitza eta orientazioa emateko.
Aurreko edizioekiko nobedade gisa, egile eta narratzaile hispanoamerikarren presentzia handitu da, eta horrela aitortu da Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen jatorria askotarikoa dela, berrogeita hamar herrialde ingurukoa, eta horietatik ehuneko handiena Amerikako erdialdekoa eta hegoaldekoa dela.
Testu mota ezberdinak ulertzen, hausnartzen eta interpretatzen ikastea
Programa honen helburua irakurtzeko gaitasunaren garapena sustatzea da, ikasleei bidea emanez testu mota desberdinak ulertu, hausnartu eta interpretatzeko gai diren irakurle bihurtzeko, ikasleen literatura-ezagutzak hobetzeaz gain. 'Irakur dezagun 'ahozko narrazioaren aldarrikapena ere bada, kultura-adierazpen eta balioak transmititzeko bide gisa. Era berean, programak nahi du irakasleek edukiak partekatzea elkarrekin aritzeko helburu komun baten bila, Hizkuntza eta Literatura arloko programazioak osatuz. Azkenik, 'Irakur dezagun’ programak eskola-liburutegien erabilera sustatu nahi du irakurtzeko gaitasuna garatzeko espazio gisa.
Ikasleekin egiten diren jarduerak irakasleek hautatzen dituzte, proposatzen zaien idazle-zerrenda batetik. Topaketen kasuan, ikasleak lantzen ari diren liburuen egileak ezagutzea da helburua; ahozko narrazioak, berriz, bideratuta daude zenbait gaitasun entzun eta baloratzen ikastera, esaterako, intonazio ona edo keinu-hizkuntza egokia. Bi jarduera mota horietan, ikastetxeek saioen hizkuntza hauta dezakete: gaztelania, euskara, gaztelania/ingelesa eta frantsesa.
Irakasleekin egindako bileretan, programako teknikariek haur eta gazteentzako bildumetan argitaratutako liburuen generoak eta estiloak aztertzen dituzte, argitaletxeen nobedadeen berri ematen dute eta irakasleekin batera ezartzen dute zein diren hezkuntza-proiekturako egile edo narratzaile egokienak. Halaber, metodologia egiaztatu batzuk ere iradokitzen dituzte Hizkuntza eta Literatura irakasgaietarako ezarritako curriculum-helburuak betetzen laguntzeko.