Udalak Coworkids aurkeztu du, haurren eta nerabeen programa berria, non barne sartuko baitira aisialdiko, sentsibilizazioko, hezkuntzako eta gizarte-sustapeneko jarduerak

Udalak Coworkids aurkeztu du, haurren eta nerabeen programa berria, non barne sartuko baitira aisialdiko, sentsibilizazioko, hezkuntzako eta gizarte-sustapeneko jarduerak
Iruñeko auzo guztietan familia guztiei irekitako jarduerak eskainiko ditu
Irudia

Iruñeko Udalak Coworkids aurkeztu du gaur goizean, haurren eta nerabeen programa berria, zeinak Iruñeko 13 auzoetan eskainiko baititu interesa duten familia guztiei irekitako jarduerak. Aisialdi eta denbora libreko jarduerez gain, Coworkids programaren barruan sentsibilizazioko eta gizarte-sustapeneko kanpainak eginen dira, haurren prebentzio unibertsala lantzeko proposamenak, hezkuntzakoak, eta guraso-eskolak, adibidez. María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eman du horren berri prentsaurrekoan.

Programa berriak zerbitzu integrala, unibertsala, zeharkakoa eta eraginkorra eskainiko du haur eta nerabeei laguntza emateko, eta aldi berean Udaleko baliabideak optimizatzeko balio du, Haurrendako Plana bultzatzeko eta indarrean diren arauak betetzeko. Udalak zuzenean kudeatuko du, orain arte emandako zerbitzuak zabalduz. Programa abiatzearekin bat, Iruñeko eremu guztietako profesionalen sarearekin lan-prozedura bat eratuko da, xede hartuta jarduketak guztien artean eta modu osagarrian gauzatzea, auzo bakoitzeko behar jakinetara egokitzen ahal direlarik. Unibertsaltasuna bermatzeko espazioak prestatuko dira Zentro Komunitarioetan, Civivox sarean eta hainbat zonaldetako Udalaren beste eraikin batzuetan.

Udalak proposamen honekin lortu nahi duena ez da inbertsioa murriztea baizik eta edukiak zabaltzea eta gastua modu eraginkorragoan kudeatzea. Ekimen berriaren aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da, ia 70.000 euro gehiago egun haur, nerabe eta familiekin garatzen diren programekin alderatuta. Programa horiek Coworkids-en barruan sartuko dira eta, aldi berean, edukiak zabalduko dira.

“Haurtzaroaren Hiri Adiskidea” deklaratua izan ondoren Iruñeak UNICEFekin duen harremana dela-eta, Udalak entitate horretako teknikariei laguntza eskatu die, eta oso positiboki baloratu dute zerbitzuen unibertsaltasunaren ikuspegia, adingabe guztiengana helduko delako eta teknikari kualifikatu gehiago kontratatuko direlako. Halaber, prebentzio-sistema indartzea helburuetako bat izatea nabarmendu dute, baita Udaleko alor ezberdinetako teknikariek parte hartzea ere.

Jarduerak eskainiko dituzten eta beharrak eta zaurgarritasun egoerak antzemanen dituzten sareak sustatzea

Haur eta familiendako prebentzio-programa egonkor bat sortzea da helburua, berariazko prestakuntza duten profesional kopuru egokiarekin, zeinak gai izanen baitira beharrezkoak diren esku-hartzeak gauzatzeko haur-sareei jarraitutasuna, edukia eta norabidea emateko. Sare horiek arduratuko dira komunitatean errotua dagoen gizarte-klima sortzeaz, hiriaren gizarte-ehuna indartzeko eta Iruña hornitzeko zaintzaren kulturaz eta haur eta nerabeen ongizatea sustatzearen kulturaz, bizitzako etapa horri datxekion eskubide gisa eta giza-kapitalean egindako inbertsio gisa, etortzekoak diren urte eta belaunaldietarako.

Paraleloki, babesgabetasun egoerak agertzea prebenitzeko balioko dute sareek, izan ere, informazioa sistematizatzeko prozesuak garatuko dira, eta horiei esker adingabeek babes-sistemako baliabide eta maila ezberdinetatik egindako ibilbidea jarraitu ahalko da. Izaera osagarria izanen dute eta beste zerbitzu batzuekin koordinatuko dira.

Coworkids-en jarduketa-esparruak izanen dira komunitate, gizarte, kultura, hezkuntza eta osasun arloak. Programa berriak honako hauetarako balioko du: adingabeen parte-hartzea sustatzeko auzo bakoitzeko kulturguneetan eta aisia eta denbora libreko guneetan; gizarte-sustapeneko eta -sentsibilizazioko ekintzak proiektatzeko; babesgabetasun arin edo moderatuko egoeretan dauden adingabeei arreta eta laguntza emateko, gizarte-zerbitzuekin hertsiki koordinatuta; instituzioak koordinatzeko oinarrizko guneko foroetan parte hartzeko; gurasoekin, profesionalekin eta hezkuntza-, osasun- eta komunitate-baliabideetako eragileekin lan egiteko, eta guraso-eskolak mantentzeko.

Programa berriari izena emateko jarduera guztietako hartzaileak, haurrak zein nerabeak, kontuan hartu dituen izen bat aukeratu da. Haiendako erakargarria den terminologia hautatu da, eta kolorez beteriko grafiaz irudikatu da. Izenak gaztelaniazko ‘co’ aurrizkia dauka, kooperazioa eta koordinazioa bezalako ideiak inplikatzen dituena, programa berriaren helburuak, hain zuzen: Udalaren kooperazioa adingabeen garapenerako eta baliabideen koordinazioa, hala Udalarenak nola hiriko gainerakoenak. ‘Work’, lana terminoa ere badu, jarduera-sorta gisa ulertuta, eta ‘kids’: hitz honek haurrak zein nerabeak barne hartzen ditu. Hala, Coworkids-ek ekimenaren puntu garrantzitsuak biltzen ditu.

Koordinazio-talde bat eta gizarteratzeko lantalde deszentralizatuak auzoetan

Programa berria martxan jartzeak berekin ekarriko du Ekintza Komunitarioko egungo langileen berrantolaketa, haiek arduratuko baitira kudeaketaz. Izan ere, diziplina askotariko talde bat osatuko da, koordinazioaz arduratzeko. Hala, familiei arreta hobea emanen zaie, hiriarendako helburu globalak planteatuko direlako eta ebaluaketa antzekoa izanen delako auzo guztietan. Halaber, eraginkortasun handiagoa erdietsiko da haur eta nerabeei zuzendutako Udalaren baliabideak koordinatuko direlako. Orain arte Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarte Ekintzako Alorretako hainbat programatan lantzen ziren, baita Udaleko hainbat alorretan ere, hala nola Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria, eta Kultura eta Berdintasuna.

Diziplina askotariko talde hori koordinatzaile batek, pedagogo batek, psikologo batek eta Gizarte Ekintzako bi langilek osatuko dute, eta harekin batera Gizarteratzeko lantalde tekniko bat eratuko da, zeinak era deszentralizatuan lan eginen baitu. 14 profesionalek osatuko dute, Udalaren plantillan sartuko direnak, hautaketa prozesuen bidez.

Modu horretan 2018an onetsi zen Iruñeko Udalaren Haur eta Nerabeendako I. Planean jasotakoa beteko da, bertan aurreikusitako organo teknikoak eta koordinazio sareak sortzen baitira, zerbitzuen zorroko norabideak betetzen baitira, eta Udalaren esku-hartzea testuinguruan jartzen baita indarrean den araudiaren barruan, eta, azkenik, tresnak, gailuak eta jarduketak ordenan jarri eta koordinatzen dira eta jarduketa-irizpideak bateratzen dira bikoiztasunak ekiditeko eta dauden baliabideen kudeaketa efikaza eta efizientea lortzeko.

Udal-zerbitzuak berrantolatzea auzo guztietara heltzeko eta edukiak zabaltzea

Iruñeko Udalean hainbat baliabide daude haurrekin eta familiekin lan egiteko, haien babesgabetasun eta gatazka mailaren arabera: Haurtzaroko eta Familiako Lantaldeak Auzo Unitateetan (HFL), Haur eta Nerabeendako Arreta Lantaldea (HNAL), Familietan Esku Hartzeko Programa (FEHP) eta Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuak (PEKZ).

Azken hauek zeharka gauzatzen dira irabazi asmorik gabeko zortzi elkarterekin sinatutako zortzi zerbitzu-kontraturen bidez. 8 auzotara heltzen dira eta hiriko gainerako eremuak arretarik gabe geratzen dira. Udalaren txostenen arabera Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuekin sinatu eta indarrean diren kontratuak ez dira hiri osora heltzen, eta horrez gain, ez dute behar bezala eta osorik betetzen indarrean den zerbitzuen zorroa, haien eragin-esparrua aisialdi eta denbora libreko jarduerak egitera mugatzen baita.

Hortaz, kanpo geratzen dira, adibidez, antzemate eta esku-hartze goiztiarra 0-6 adin tarterako berariazko programen bidez, jaio aurreko tratu txarren prebentzioa, ama gazteen trebakuntza, gurasoendako programak edo droga-kontsumoari buruzko prebentzio- eta zeharkako-lanak. Horregatik uste da Udalaren zerbitzu bakar batek alderdi horiek guztiak bete beharko lituzkeela.

Hori horrela, Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuei lotutako 8 kontratuak datorren abenduaren 31n amaituko dira, eta ez da luzatzea aurreikusten, Udalak zerbitzu osoa eta zuzeneko kudeaketa eskainiko baitu.

¿Te ha sido útil esta página?