Festaren ohiko tokiak alde batera utzita, Iruñeak aurten ere hainbat jaigune ditu, zenbait erakunde eta kolektiborekin elkarlanean antolatuak, sanferminetako programaren eskaintza arrunta zabaltzen duten kultura- eta jai-jarduerak eskaintzeko helburuarekin. Aurreko edizioan bezala, Taconeran, O-ko Andre Maria plazan, Basotxoan eta Antoniuttin kontzertu eta emanaldi ugari izanen dira honako antolatzaile hauen eskutik: Nafarroa Oinez, Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioa, Herri SanFerminak, DLC Kultur eta Aniztasunaren Kolektiboak.
Hain zuzen ere, Nafarroa Oinezeko gunea Taconerako Vistabellan dago, eta bertan haurrendako jarduerak, dantzak, txarangak eta musika estilo ezberdinetako kontzertuak eskaintzen dira. Bestalde, O-ko Andre Maria plazan Herri Sanferminak ekimenarendako gorde da: autokudeatutako jai-eredu baten alde egiten duen plataforma. Bertan, jai egun hauetan, herri olinpiadak, dantzak eta haurrendako jarduerak antolatzen dira, baita jangela ekologikoa eta txoko ekologikoa ere. Hori guztia hainbat musika estilotako kontzertuak ahantzi gabe.
Basotxoan Eskualde Etxeen Nafarroako Federazioaren estandak daude: Aragoi, Kantabria, Gaztela eta Leon, Extremadura, Galizia eta Valentziako Erkidegoa. Eskualde ezberdinetako gastronomia eskaintzeaz gain, gune honek erkidego bakoitzeko musika eta dantza tradizionalak antolatzen ditu.
Jaigune kolaboratiboen eskaintza honako hauekin osatzen da: DLC Kultur plataformari Taconeran emandako agertokia (La Ciudadela Kirol Zentro Soziokultural Militarraren aurreko aparkalekuan), non dj eta musika elektronikoko saioak antolatzen diren, eta Aniztasunaren Kolektiboei Antoniutti parkean emandako agertokia, kultura arteko topagune bilakatzeko sortu dena, non musika, dantza, folklorea eta gastronomia eskaintzen diren.
Gune horiek guztiak zabalik daude uztailaren 6tik 14ra arte.