Udalak bizi-kalitateari buruzko inkesta bat eginen du aste honetan eta datorren astean, Iruña Europako beste hiri batzuekin alderatzeko

Udalak bizi-kalitateari buruzko inkesta bat eginen du aste honetan eta datorren astean, Iruña Europako beste hiri batzuekin alderatzeko
Telefono bidezko 850 elkarrizketa eginen dira, eta helburu dute enpleguarekin, etxebizitzarekin, ingurumenarekin eta segurtasunarekin lotutako alderdiak baloratzea
foto gente

 

Udalak bizi-kalitateari buruzko inkesta eginen du hirugarren aldiz, Iruña Europako 80 hiri baino gehiagorekin alderatzeko. Inkestak enplegua, ingurumena, etxebizitza, segurtasuna, hiri-zerbitzuak eta immigrazioa ditu gai nagusi, besteak beste. Inkestari esker, Iruña 2030 Hiri Agendaren diagnostikoaren jarraipena egiten da, joerak aztertzen dira eta Iruñeko errealitate soziala erakusten da. Datu horiek Europako Batzordeak 2023an eskatutako bizi-kalitatearen txostenean jasotakoekin alderatuko dira.

Aste honetan eta datorren astean zehar, telefono bidezko 850 elkarrizketa eginen zaizkie herritarrei, sexuaren, adinaren eta auzoen araberako laginketen bidez. CIES enpresak eginen ditu elkarrizketak, inkesta hori egiteko kontratuaren adjudikazioduna baita, 16.698 euroko aurrekontuarekin. Lan hori Europako Batzordeak bultzatutako Urban Audit proiektuaren barruan dago. 

2007tik, Europako Batzordeak hainbat inkesta egiten ditu Europako hainbat hiritako bizi-kalitateari buruzko tokiko pertzepzioak neurtzeko. Inkesta horietan lantzen diren gaiak Iruñeko elkarrizketetan proposatzen diren gaien antzekoak dira. Besteak beste, gogobetetze-maila orokorra neurtzen da alderdi hauekiko: enplegua, jasangarritasuna, elkarbizitza, mugikortasuna, ekipamendua... Europako inkesta horien emaitzak ikuspegi konparatuan aurkezten dira aukeratutako hirien artean, hiri handiak edo ertainak izan ohi baitira. 

Inkestak 2018an eta 2022an
Iruñeko Udalak inkesta bana egin zuen 2018an eta 2022an, Europako Batzordeak erabilitako metodologia bera baliatuz. Horrela, Iruña konparazio horren parte izanen da, eta, hirien bizi-kalitatearekin lotutako hainbat adierazle aintzat hartuz, posible izanen da hiriaren egoerari buruzko ikuspegi globalagoa izatea. 

Iruñeko Udaleko Estrategia Bulegoaren ardura izanen da egunotan egindako inkestaren datuak ustiatzea, aztertzea, adierazleak prestatzea, konparatzea eta emaitzen eta ondorioen azken emaitza idaztea. Iruñeko Udalak egindako inkesten emaitzak Udalaren webguneko “Hiri-behatokia” izeneko atalean kontsultatzen ahalko dira, https://www.pamplona.es/la-ciudad/observatorio-urbano/sistemas-de-indicadores/indicadores-urbanos-europeos estekan. 

Urban Audit Europako proiektu bat da, eta eduki sozioekonomikoko informazio estatistikoa biltzea du helburu, Europako hiri nagusien arteko bizi-kalitatea (ongizate soziala) alderatu ahal izateko. Duela ia 20 urtetik hona, Urban Audit hiru urte inguruko fase edo ziklo desberdinetan garatu da datuak biltzeko. Proiektua Europako Batzordeko Hiriko Eskualde Politikak sustatu du (DG Regio), Eurostatekin elkarlanean.

¿Te ha sido útil esta página?