Iruñeko Udalak berriz ere gurasotasun positiboko taldeak sustatuko ditu ikasturte honetan, gurasoei prestakuntza eskaintzeko estrategia pertsonal zein emozionalen eta hezkuntza-estrategien inguruan Prestakuntza ikastetxe publiko eta itunduetan eskainiko da, Guraso Elkarteekin koordinatuta. Aurrez aurrekoa izatea aurreikusita dago, betiere osasun-egoerak ahalbidetzen badu. Hala ez balitz, online egiteko aukera baloratuko litzateke. Informazio gehiago eskuratu daiteke parentalidad@agintzari.com eta educacionpamplona@pamplona.es helbideetan eta 615 783 487 eta 948 420 524 telefono-zenbakietan.
Udalaren ekimen honen xedea da familiei gizarte- eta hezkuntza-baliabideak eskaintzea, eta familiarteko bizikidetza positiboak erdiesteko prestakuntza lagungarria antolatzea. Guraso-eredu egokiak landuko dira, elkarrekiko errespetua, ardura, malgutasuna eta tolerantzia oinarri dituen haziera orekatua garatzeko. Udalaren inbertsioa 79.453 eurokoa da 2020-2021eko ikasturterako. Kontratua Gizarte ekimeneko Agintzari S. Coop. enpresari esleitu zitzaion, eta hau lehen luzapena da.
Programa garatu bitartean hitzaldiak ematen dira eta gurasotasun positiboko taldeak sortzen dira, ikastetxe bakoitzeko gurasoek osatuak, prestakuntza-prozesua antolatzeko, elkarrizketa eta hausnarketa partekatua oinarri dituen guraso-rola ardatz hartuta. Laguntza-taldeetan arreta pertsonalizatuagoa ematen da, eta elkarri entzun eta esperientziak partekatzeko espazio gisa diseinatzen dira. Gurasoen autonomiaren alde egin nahi da, segurtasun- eta autoestimu-sentimendua zein jokamoldeak hobetuz, parte-hartzaileen benetako bizipenetatik beraietatik abiatuta. Taldeak gaztelaniaz zein euskaraz osatu ahalko dira.
Programa honen helburuek bat egiten dute Iruñeko Haur eta Nerabeendako I. Planarenekin zein Nafarroako Komunitatean Familiari, Haurtzaroari eta Nerabezaroari Laguntzeko II. Plan Integralarekin (2017-2023). Halaber, programaren zati bat Udalaren gizarte-zerbitzuen auzo-unitateetako haurtzaroko lantaldeekin elkarlanean egiten da.