Udalak berriz ere eginen du udal-kanpaina sanferminetan eraso sexisten aurkako konpromisoa erakusteko

Udalak berriz ere eginen du udal-kanpaina sanferminetan eraso sexisten aurkako konpromisoa erakusteko
50.000 euroko aurrekontuarekin eta ‘Aske, ni beti aske. Iruña, eraso sexisten aurka konprometituta’ lelopean, esparru horretan eskuragarri dauden baliabide guztiei buruzko informazioa emanen du
Campaña san fermin

 

Iruñeko Udalak beste behin erakutsiko du eraso sexisten aurka duen konpromisoa, aurreko jaietan egindako kanpaina berriz kaleratuz. Helburua da herritarrei hirian dauden baliabideei buruzko informazioa ematea eta interesa dutenen eskura jartzea. Oraingoan, kanpainak uztartu eginen ditu herritarrek dagoeneko ezagutzen dituzten elementuak –esku gorriak, esaterako– eta Udalak esparru horretan egin dituen azken ekintzen identitatea, ‘Aske, ni beti aske. Iruña, eraso sexisten aurka konprometituta’ leloari jarraipena emanez. Kanpaina hori egiteko aurrekontua 50.000 eurokoa da, eta azkenengo sanferminetan izan zituen baliabide pertsonal eta instituzionalak izanen ditu.

María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotziak gaur goizean azaldu ditu kanpainaren xehetasunak Herritarren Aferen Batzordean. Sanferminen inguruan eginen den ekimen horren xedea da herritarrak sentsibilizatzea egoera mota horiei dagokienez, indarkeria sexista zer den identifikatuta eta hura prebenitu eta antzemateko tresnak eskainita, eta halako kasuetan zer egin edo eraso bat ikusiz gero nola jardun jakiteko jarraibideak ematea. Halaber, bideak sortuko dira Udalak eta herritarrek eraso sexista baten aurrean erantzun azkar eta irmo bat emateko mekanismoak erabakitzeko, segurtasuneko, koordinazioko eta komunikazioko esparruetako baliabideak bateratzen diren estrategia baten barruan.

‘Aske, ni beti aske. Iruña, eraso sexisten aurka konprometituta’ kanpainak sanferminetako eraso sexisten aurkako Iruñeko Udalaren kanpainaren azken urteetako itxura eguneratzen du. Herritarrek jada barneratuta dituzten zenbait elementu mantendu dira, hala nola esku gorriak, eta dagoeneko publikoarentzat ezaguna den lelo horrekin uztartu dira, zeina Indarkeria Sexistaren aurkako Emakumeen Plataformarekin adostuta sortu baitzen, eraso sexisten aurka eta emakumeen indarkeriaren aurka borrokatzeko. Irudi hori 2020an argitaratu zen, baina ezin izan zen sanferminetan erabili bertan behera gelditu zirelako. Orain, kanpaina berritzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, hiriak erasoen aurka duen konpromisoaren mezua ez ezik, emakumeen ahalduntzearena ere zabaltzen du.

Kanpaina, festaren eta hiriaren txoko guztietan

Mezua ahalik eta pertsona gehienengana ahalik eta ondoen iristeko, hainbat ezaugarritako euskarriak eta bitartekoak erabiliko dira. Eraso sexisten aurkako gida bat argitaratuko da eguneratutako edukiekin eta hiri-garraioan eta Gazteluko plazan jarriko den argibidegunean banatuko da. Halaber, bisitariendako puntu garrantzitsuetan jarriko diren stand-totemetan egonen da ikusgai, hala nola, RENFEren geltokietan, autobusetan eta aireportuan, hoteletan, pentsioetan, kanpinetan eta gaua igarotzeko beste leku batzuetan. Kanpaina Udalaren komunikazio-kanalen bidez ere hedatuko da, hala nola, ‘Zure hiria egunez egun’ irrati-espazioan, Udalak sare sozialetan dituen profiletan, www.pamplona.es webgunean eta hiriko auzo guztietan barna banatutako informazio-paneletan.

Esku gorriak festaren elementu sinboliko bat gehiago izanen dira berriz ere. Hiri-eskulturak jarriko dira hiriko puntu garrantzitsuetan, eta mezua kontzertuak eta beste ikuskizun mota batzuk eginen diren hainbat jai-agertokitan ere egonen da. Gainera, pinak banatuko dira sinbolo hori iruindarren janzkeran txertatu ahal izateko.

Baina kanpainak ez du bakarrik zuzeneko hedapena ardatz izanen, eta, aurreko urteetan bezala, eragile garrantzitsuak engaiatzea du xede. Mezua barneratu eta zabaldu ahal izateko hainbat ekintza antolatuko dira, hala nola lan- eta prestakuntza-gosari bat komunikabideetako ordezkariekin; haiei ere gonbita eginen zaie berdintasunaren arloko kazetaritza-jardunbide egokien lehiaketa batean parte hartzeko edo kanpainarekiko atxikimendua adierazteko, identifikazio-elementuekin batera argazki bat eginez.

Gune fisiko bat erreferentzia gisa Gazteluko plazan

Aurreko urteetan bezala, kanpaina fisikoki Argibidegune batean kokatuko da, eta bertan arreta eskaini eta prestatutako materialak banatuko zaizkie interesdunei. Erasoren bat gertatuz gero, emakumeei informazioa eta arreta emanen dizkie eta zerbitzu espezializatuetara sartzea zentralizatu eta erraztuko du; eraso baten aurrean dauden arreta-baliabideei buruzko informazioa emanen du; beharrezkoa balitz, arreta- eta laguntza-protokoloa aktibatuko du, eta eraso sexistei buruzko informazioa jasoko du, izan horiek pairatutakoak zein ikusitakoak, era anonimoan, bai eta inguruneak horiei emandako erantzunari buruzkoa ere. Eraso sexista bat pairatuz gero, Argibideguneak zein zerbitzutara jo dezaketen azalduko die hala eskatzen duten emakumeei.

Ekimen honen helburuak dira aurrera egitea jaietan eraso sexistak ezabatzeko udal-konpromisoan, eta emakumeen kontrako inolako erasorik ematen ez den hiri bat eraikitzea; Iruñearen jarrera erakustea, hala erakundeei nola gizarteari dagokienez, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka, eta lehentasun gisa ezartzea egoera horiek salatzea, eta posible egitea emakumeek hiria espazio aske eta seguru gisara bizi dezatela. Azkenik, herritarrei argibideak ematea, jaietan eraso sexisten kasuan eskuragarri dauden bitartekoen gainean, orientazio, arta eta salaketaz bezainbatean, eta erakundeen eta herritarren erantzun koordinatua ematea eraso sexistarik gertatzen bada.

¿Te ha sido útil esta página?