Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko proiektua desblokeatuko dutela iragarri du gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarra amaitutakoan. Gaia Hirigintza Batzordera eramanen dute, udal teknikariek 2021ean idatzitako proiektua berriro aztertzeko eta hirigintza zein ekonomia aldetik bideragarri izan dadin egin beharreko egokitzapenak aztertzeko. 2021ean proiektua gauzatzeko obrak lizitatu ziren, baina hainbat atzerapenen ondoren, sei hilabete geroago behin betiko eten zen lizitazioa. Ibarrola alkateak azpimarratu du Udala aukera guztiak aztertzeko prest dagoela, baldin eta oinarrizko irizpide teknikoak errespetatzen badira.
Azterketa eta ikerketa horren barruan, beste bi txosten eskatzeko asmoa dute. Adostasun politikoa eta teknikoa izanen dituen kanpoko enpresa bat bilatuko da, txosten espezifiko bat eskatzeko jatorrizko proiektuan jasotzen den moduan, desnibela gainditzeko eskailerarik edo harmailarik gabeko plataforma bakarreko irtenbide batek izanen lituzkeen eraginei buruz, bai eta zuhaitzen gaineko eraginei buruz ere. Gainera, beste txosten batean, kasu honetan barnekoan, Sarasate pasealekuko zuhaitzen egoera eguneratu nahi da, azken egun hauetan erretiratu behar izan diren edo erori diren zenbait ale egoera txarrean daudela ikusita.
Iruñeko Udalak 2019an deitutako Ideia Lehiaketaren proposamenetan oinarrituta Udaleko teknikariek bere garaian aurkeztu zuten proiektua hartuko da abiapuntutzat. Proiektuak bere horretan eusten zien erdiko pasealekuaren erdiko lorategidun parterreei eta zuhaitz-lerrokadurei, eta zeharkako pasealeku berriak sortzen zituen, espazioari iragazkortasun naturalagoa emateko Alde Zaharraren eta Bigarren Zabalgunearen artean. Erdiko pasealekuaren eta Alde Zaharretik hurbilen dagoen iparraldeko aldearen arteko desnibela, egonleku informal berriak sortuko lituzketen harmaila eta eskaileren bidez eta arrapala berrien bidez gainditzen zen.
Duela urte eta erdi etendako lizitazioa
2021eko abuztuan, Tokiko Gobernu Batzarrak Sarasate pasealekuko eta Bigarren Zabalguneko alboko kaleetako (Vínculo, Alondegi, García Castañón eta Fernández Arenas) sareak berrurbanizatzeko eta berritzeko proiektua lizitatu zuen, 10,2 milioi euroko aurrekontuarekin, horietatik 2,1 Iruñerriko Mankomunitateak egindako saneamendu- eta hornidura-sareak berritzeko proiektuari zegozkiolarik.
Hilabete geroago, irailean, lizitazio hori lehen aldiz etetea onartu zen, proiektua idatzi zuten udal-teknikarien azalpenekin eta hartutako irtenbide arkitektonikoak justifikatzeko eta berresteko barneko eta kanpoko txosten berriekin sakondu ahal izateko proiektua.
2022ko urtarrilera arte, bata bestearen atzetik eten ziren lizitazio-epe horiek. Denbora-tarte horretan zuhaitzei buruzko laginketa eta txosten batzuk egin ziren, agiri berri horietan oinarrituta berrurbanizazioaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko eta baloratzeko. Azkenik, 2022ko urtarrilaren 22an, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak behin betiko eten zuen Sarasate pasealekua eta inguruko kaleak berrurbanizatzeko proiektuaren lizitazioa, ezinezkoa baitzen obraren finantzaketa egokia ziurtatzea.