Iruñeko Udalaren osoko Bilkurak adierazpen instituzionala onetsi du gaur arratsaldean martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara. Udalean ordezkaturik dauden talde guztiek izenpetu duten adierazpenean Udalak konpromisoa hartzen du “tokian-tokian lidergo argia eta konpromiso sendoa hartzeko gizon-emakumeen berdintasunaren giza-eskubidearen alde.
Ildo horretan, Udalak honako jomuga hau izanen du: “begirada berri bat bermatzea politika publikoetan berdintasun printzipioa txertatzea ahalbidetzeko (...) eta gure udalerrietako emakumeen errealitate zehatzak ikusarazten eta egun indarrean jarraitzen duten desberdintasun adierazpen guztiei dagokien neurria ematen jarraitzea”.
Onetsi den testuan, era berean, instituzioak konpromisoa hartzen du “mugimendu feministari laguntzea bere borroka eta eskaeretan” eta aintzat hartzea “genero-berdintasuna justizia sozialaren eta giza-eskubideen ikuspegi partekatua dela”. Gizon-emakume guztiok dugu zerbait egiteko erantzukizuna, baina “batik bat gobernu eta administrazioek, eurak baitira eskubideen bermearen erantzule nagusiak”.
Adierazpen hau jendaurrean irakurriko da martxoaren 6an, ostiralean, Udaletxe plazan eginen den ekitaldi instituzionalean.