Iruñeko Udalak bere hezkuntza-programen lehen gida osatu du. Iruñeko Udalak, bere alorren bitartez, zeharkako lan itzela egiten du hezkuntza xedezko edukietan, eta hura gauzatzeko era askotako programak abiatu ditu hala ikastetxeei nola herritar guztiei zuzenduak. ‘Iruña hiri hezitzailea’ web webgunearen bidez kontsultatu daiteke, eta paperean ere argitaratu da. Baliabide hauek 2021/22ko ikasturterako dira, baina haiek urtero berritzea aurreikusita dago.
Horrela, informazio osoa era garbian eta bateratuan jartzen da ikusgai, Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak gida aurkezteko prentsaurrekoan azaldu duen bezala. Gidan Iruñeko Udalak eskaintzen dituen ekintza eta baliabide garrantzitsuenak bildu eta sailkatu dira. Guztira 63 programa jaso dira, Udalaren antolaketa osatzen duten 9 alorretatik 7k abiatuak. Edukien, ikastetxeen eta adinen arabera egituratu dira.
Gidan, guztiz finkatutako programak daude, hala nola ikastetxeendako antzerki-lantegiak edo Udaltzaingoaren bide heziketako programak, bai eta berri-berrienak ere, bestek beste, arte garaikidera hurbiltzea xede duena, ikastetxeetan eta Ziudadelan egina, eta hurrengo ikasturtean estreinatzekoak diren batzuk, esaterako, ‘Iruñean barnako ibilbide matematikoak’ edo ‘Igoarazi zure minutuak zure kontagailura’ nork bere kabuz kirola egitekoa. Gehienak doan dira, eta gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzen dira.
Ikaskuntza eta berrikuntza bizitza osoan zehar sustatzekoak
Duela 26 urte, Iruña Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteari atxiki zitzaion, eta entitate horrek, hain zuzen, sustatu zuen Hiri hezitzaileen karta, non 36 herrialdetako 500 hirik baino gehiagok parte hartzen duten. Konpromiso horrek hiriko herritarren prestakuntza integrala lortzeko elementuak aitortzen dizkio hiriari, hezkuntza-eragile iraunkor eta askotarikoa baita, hezkuntza-faktoreak eta gizarte-eraldaketakoak indartzeko gauza.
Hiri hezitzaileak, bere hezkuntza formaleko erakundeen eta esku-hartze ez-formalen bidez, xede dauka ikaskuntza, berrikuntza, aberastasun kulturala eta soziala bizitza osoan zehar sustatzea, eta herritarren bizitza seguruagoa eta duinagoa egitea. Hiriaren eginkizun hezitzaileak lau atal ditu oinarri: hezkuntzan inbertitzea, berdintasun osoko baldintzak sustatzea, ezagutzaren benetako gizartea eraikitzeko ahal diren faktore guztiak uztartzea eta kontzientzia komunitarioa garatzen ikastea.
20 ikaskuntza-eremu eta 9 hezkuntza-baliabide
www.pamplonaciudadeducadora.es webgunea gaztelaniaz eta euskaraz dago argitaraturik. Azalpen-sarrera labur baten ondoren, hezkuntza-ekintzak biltzen dituzten 20 ikaskuntza-eremuak jasotzen ditu; horiek argi eta eskematikoki zehaztuta daude, bai testu bidez, bai grafikoki. Ikono bakoitzean sakatuta kategoria horren programetara sar daiteke, eta programa bakoitzean sakatuta, osoko informaziora.
Hona ikaskuntza-eremuak: Eskola-jarduera osagarriak, Ikaskuntza eta zerbitzua, Artea, Zientzia, Bide Heziketa, Enplegagarritasuna, Euskara, Familia, Genero-berdintasuna eta sexu-dibertsitatea, Gizarteratzea, Kulturartekotasuna, Irakurketa eta literatura, Ingurumena eta jasangarritasuna, Musika, Partaidetza, Ondare historikoa eta artistikoa, Prebentzioa eta hezkuntza zibikoa, Osasuna eta kirola, Antzerkia eta IKTak.
Halaber, lehen leiho horretan dago Udalaren 9 hezkuntza-baliabide garrantzitsuenetarako sarbidea: Joaquín Maya Musika Eskola, Catalina de Oscáriz Arte Eskola, Gaztediaren Etxea, Civivox, Haur Eskolak, Liburutegiak, Kiroldegiak, Ingurumen Hezkuntzako Museoa eta Haur zein Lehen Hazkuntzako Ikastetxe Publikoak.
Bilaketa edukien edo adin-multzoen arabera
Webgunearen atarian bilatzaile aurreratu bat gaitu da. Bilaketa bi modutan egin daiteke. Bata gai-alorren araberakoa da, eta bertan lehen deskribatutako edukiak agertzen dira. Bigarrena hartzaileen araberakoa da eta bi atal nagusi hauetan bildutako 21 sektorek osatzen dute: ‘Ikastetxeak’ eta ‘Jendea oro har’. Udalak bereizketa hori egin du eskaintzaren zati handi bat etapa guztietako ikastetxeei zuzenduta dagoelako, funtsezko eragileak baitira haur, nerabe eta gazteen hezkuntza eta garapenerako.
Ikastetxeen artean hautatu daiteke Haur Eskolatik hasi eta Unibertsitateraino. ‘Jendea oro har’ atalaren barruan, honako talde hauek osatu dira: 0-6 urte, 6-12, 12-18, 18-30, Gurasoak, Herritarrak oro har, Emakumeak, LGTBI populazioa, Nagusiak, Gizarteratzea programaren erabiltzaileak, Langabetuak, Espetxeratuak eta Irabazi-asmorik gabeko entitateak.
Dirulaguntzak eta kultur, ingurumen, laneratze eta bide heziketako edukiak
Gidaren edukiak askotarikoak dira: dirulaguntzak –Haur eta Lehen Hezkuntzako curriculumaren osagarri diren eskola-jarduerak sustatzeko–, zerbitzu-ikaskuntzako proiektuen moduko lehiaketak, eta programa-zerrenda luze bat era askotako zaletasunak sustatzeko, hala nola adierazpen artistikoa, irakurketa, musika, antzerkia, ondarea eta ikaskuntza, zientzien, teknologia berrien eta euskararen alorretan.
Halaber, gidak beste zenbait gai biltzen ditu, hala nola kirola egitea eta ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko jarduerak, hezkuntza zibikorako eta jokabide arriskutsuak prebenitzeko programak, bide-heziketa eta ingurumenarekin eta jasangarritasunaren kontzeptuarekin konektatzera bideratutako hezkuntza-jarduerak.
Hiri hezitzaile gisara, Iruñeak prestakuntza- eta laneratze-programak ditu, gazte eta kolektibo zaurgarrienei zuzenduak, haien enplegagarritasuna eta gizarteratzea bultzatzeko, bai eta berdintasunaren eta sexu-aniztasunaren arloan sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko ekimenak eta kulturartekotasun-programak ere, aurreiritziak ezabatzeko eta bizikidetza hobetzeko.
Zerrenda luze horretan, halaber, tokia dute hiriaren eta gobernuaren gaietan herritar aktiboak sustatzeko partaidetza-proposamenek eta familiei zuzendutakoek, haien hezkuntza-lana konplexu eta ordezkaezinean laguntze aldera.
3.000 gida paperean argitaraturik, udal-esparruetan eskuragarri
Gida digitalarekin batera, erraz maneiatzeko moduko liburuxka bat argitaratu da paperean. Webgunearen egitura eta ikonografia berari eusten die liburuxkak, eta bi infografia ditu, programa guztiak eremuaren arabera lokalizatzeko eta hartzaileen arabera sailkatuta: ikastetxeak, jendea oro har eta kolektibo jakin batzuk.
3.000 ale inprimatu dira espazio publiko eta udal-espazio hauetan banatzeko: Civivox, liburutegiak, auzo-unitateak, haur-eskolak, Gaztediaren Etxea, Ingurumen Hezkuntzako Museoa, Emakumeen Etxea, Arte Eskolak, Joaquín Maya Musika Eskola, Pablo Sarasate Kontserbatorioa, Nafarroako Museoa, unibertsitateak, Informazio eta Turismo Bulegoa, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeak eta institutuak.