
Igande honetan, maiatzaren 10ean, Lupusaren Mundu Eguna ospatuko da. Iruñeko Udalak bat egin du ospakizunarekin eta kolore morez tindatu ditu www.pamplona.es udal-webgunearen atariko parte bat eta sare sozialetako profilak, kolore hori baita gaixotasun horren sinboloa. ADELUNA Nafarroako Lupusaren Elkarteak eskatu dio Udalari bat egin dezala egunarekin, eta bidenabar omenaldia egin diezaiela gaixotasuna pairatzen dutenei, eta aitortza gaixoen eta haien senideen borrokari.
Lupus immunitate sistemaren gaixotasun sendaezina da, eta haren ondorioz organismoaren defentsa-mekanismoak bere buruari eraso egiten dio, odolean antigorputz gehiegi sortuz; hanturak eragiten ditu eta kalteak sortzen ditu artikulazioetan, giharretan eta beste zenbait organotan. Lupusareen jatorria ez da ezaguna, baina ikerlanek agerian uzten dute faktore genetikoek, hormonek eta infekzioek, baita birikoek ere, eragina dutela. Populazioaren % 1ek omen dauka lupusa; horietatik % 90 emakumeak dira, batez ere 15 eta 55 urte artekoak.
ADELUNA 2001ean sortutako elkartea da, eta barne hartzen ditu gaixoak, haien senideak eta lupus-arazoaren inguruan ari diren laguntzaileak. Ehun bat bazkide dauzka. Hona, besteak beste, elkartearen helburuak: lupusaren eta haren ondorioen gainean orientatzea, argibideak eta aholkuak ematea; herritarrak, oro har, informatzea eta sentsibilizatzea gaixotasun honetaz, eta erakundeen aurrean aldarrikatzea gaixoen berariazko eskubideak (diruz lagundutako eguzki-kremak, irizpide bateratuak desgaitasunak baloratzean, gaixotasunaren izaera kronikoa eta sistemikoa aitortzea...).