Larunbat honetan, ekainak 5, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatuko da, herritarrak ingurunea eta planeta zaintzeko beharraz kontzientziatzeko. Udalak, ‘Go Green Iruña’ estrategiaren bitartez, bere egiten ditu helburu horiek eta ospakizunarekin bat eginen du Udaletxeko fatxada sinbolikoki kolore berdez argituz. Horrez gain, ingurunearen zaintzan eta errespetuan herritar guztiak engaiatzeko xedez, aste guztian zehar hainbat jarduera eginen dira, hala nola, lantegiak, hitzaldiak eta bisita gidatuak.
Bihar, larunbatarekin, Ingurumenaren Mundu Egunean, eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean, Nafarroako Unibertsitateko Zientzietako Museoak adin guztietarako jarduerak antolatuko ditu Carlos III.aren etorbideko entzierroaren monumentuaren parean. Museoko zenbait pieza ikusgai jarriko dira, eta haurrendako hainbat lantegi eginen dira birziklapenari, marrazkiari, animaliak behatzeari edo baratze baten mantentzeari buruz, besteak beste. Gainera, fisika eta kimikako esperimentuak planteatuko dira eta ihes joko bisual bat antolatuko da. Jarduerak 11:00etatik 14:00etara eginen dira goizez, eta 16:00etatik 18:00etara, arratsaldez.
Nazioarteko egun honen harira Civivox sareak, Mendillorrin duen zentroaren bidez, jende orori irekita dauden hainbat jarduera antolatu ditu ‘Murriztu, berrerabili, birziklatu’ zikloaren barruan. Larunbat honetan, jarduera nagusia auzotik eginen den bisita gidatu bat izanen da: inguruko puntu nagusietako batzuetan zehar eginen da bizitza eta naturaren kolore berdea haien xarma nagusietakoak direla erakusteko. Bisita goizean, 11:30etik 13:30era, eginen da euskaraz,eta arratsaldean,17:30etik 19:00etara, gaztelaniaz errepikatuko da.
Hitzaldi bat gaur arratsaldean eta ingurumenaren inguruko lantegiak datorren aste guztian zehar
Ingurumenaren Mundu Egunaren ospakizunaren bezperan, Kondestablen "La década del nitrógeno, más allá del cambio climático” hitzaldia eginen da gaur arratsaldean. Luis Lassaletta ikerlartzaileak mantenugaien zikloen aldaketa eta nekazaritza-praktiken, produktibitatearen, giza-dietaren, kutsaduraren eta ingurumen-politikaren arteko harremanak azalduko ditu. Hitzordua 19:00etan izanen da eta online ere jarraitzen ahalko da Nafarroako Unibertsitateko Zientzietako Museoaren YouTubeko kanala ren bidez.
‘Murriztu, berrerabili, birziklatu’ zikloaren jarduerak aurreko asteazkenean hasi ziren, datorren astean zehar luzatuko dira eta jende orori zuzenduta daude. Xaboi naturalak egiten ikastea, ingurumena kaltetzen ez duten etxea garbitzeko produktuak egitea edo birziklatzera eta berrerabiltzera hurbiltzea dira ziklo honek eskaintzen dituen lantegietan garatuko diren ideietariko batzuk. Halaber, Mendillorriko Civivoxean hilaren 12an eginen den diziplina askotariko ikuskizun bat proposatzen da. Jarduera horietan parte hartzea doan da, baina izena eman behar da Civivox sareko zentroetan edo pamplonaescultura.es webgunearen bitartez.
Ingurumenaren Mundu Egunaren ospakizunak maila globalean defendatzen dituen helburuak Iruñean ‘Go Green Iruña’ estrategiaren barruan kokatzen dira, zeinak hirian klima-aldaketaren aurka egiten diren jarduera guztiak bildu, eta datozen urteetarako energia, garraio edo hiri ingurunean eremu naturalak sustatzeari dagozkion jarduera-ildo berriak zehazten baititu.