Iruñeko Udalak bat egin du gaur, ekainaren 28an, Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin, elkarretaratzea eginez Udaletxe plazan, 12:00etan, eta gauean Udaletxearen fatxada argiztatuz. Ekitaldian, María García Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Udalbatzako beste kide batzuek hartu dute parte.
Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Egunari amaiera emateko, gaueko lehendabiziko orduan, Udaletxearen fatxada argiztatuko da banderako koloreez: gorria, laranja, horia, berdea, urdina eta morea. Aurreko egunetan ere, Iruñeko Udala jarduera-programa bat garatzen aritu da E28J plataformarekin elkarlanean. Izan ere, ekainaren 13tik atzo arte musika-emanaldiak, bertso-saioak eta arte-lantegiak egon dira.
Bozeramaileen Batzordean onetsitako adierazpenen testuak
Bozeramaileen Batzordean aho batez onetsitako adierazpen instituzionala irakurri da; bertan Iruñeko Udalak hartzen dituen konpromisoak honako hauek dira “lanean jarraitzea Iruñeko Udala erakunde eredugarria izan dadin eskubide-berdintasunaren aldeko borrokan eta sexu-orientazioak, sexu-identitateak, genero-identitateak eta genero-adierazpenak eragindako bazterkeria-eza lortzeko” eta “beharrezkoak diren ekintzak bermatzea sexu- eta genero-aniztasunari lotutako edozein bazterkeria-motaren kontra borrokatzeko”. Halaber, “aitortzea sexu- eta genero-aniztasunaren zein LGTBI+ pertsonen bazterkeria-ezaren aldeko politiketan inbertitu beharra; baliabideak bideratzea arreta, informazio, prestakuntza eta sentsibilizazioko programa zein proiektuak garatzera, Iruña toki eredugarria izan dadin, non pertsonek sexu-aniztasunean erabateko askatasun eta segurtasunez aritzeko aukera izanen baitute; eta giza eskubideekiko konpromisoa berrestea, eta, horrenbestez, pertsonen arteko benetako berdintasunaren printzipioa, zeinaren parte baita sexu- eta genero-aniztasuna. Eta berriro ere gure erabaki sendoa agertzea gaur egun oraindik ere ditugun trabak gainditzeko aurrerapausoak emateko”. Azkenik, “elkartasuna adieraztea eta laguntza ematea sexu-orientazioa, sexu-identitatea, genero-identitatea eta genero-adierazpena dela-eta era batean edo bestean erasoak, gutxiespena edo bazterkeria pairatzen duten lagunei, eta borrokatzea jarrera eta egoera horiek gure hirian erauzteko”.
Bozeramaileen Batzordean beste testu bat onetsi du gehiengoak, EH Bildu, PSN eta Geroa Bairen aldeko botoez eta Navarra Sumaren kontrakoaz, eta hori ere irakurri da. Testu horrek jasotzen ditu, besteak beste, honako puntu hauek: “Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du lanean jarraitu eta erakunde eredugarria izateko hala eskubide-berdintasunaren aldeko borrokan nola sexu-orientazioagatik eta sexu- edo genero-identitateagatik bazterkeria ezabatzeko. Hori horrela, beharrezko ekimenak bultzatzen jarraituko du halako bazterkeria-egoerei aurre egiteko eta segimendu sakona eginen du LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko Foru Legea bete dadin, eta beharrezko baliabideak bermatuko ditu, bere eskumenekin bat, legea egoki garatzeko. Behar-beharrezkotzat jotzen du pertsona guztiei, haien adina, sexu-orientazioa edo genero-identitatea edozein delarik ere, eskubideak bermatzea bizitza oso eta burujabea bizitzeko, eta gizarteak aukera edukitzea pertsona helduenek egindako ekarpenen onura izateko. Hori dela-eta, adinak, sexu-orientazioak edo genero-identitateak eragindako bazterkeria ororen kontra egin behar da, eta osasuna, ongizate fisikoa, mentala eta emozionala bultzatzen dituzten zerbitzu publikoak finkatu. Erakundeek adineko pertsona guztiak zaindu behar dituzte eta politikak abiatu behar dituzte zenbait kolektibok, LGTBI+ pertsona helduak kasu, bizi dituzten egoera bereziak leuntzeko. Iruñeko Udalak laguntza emanen die LGTBI+ pertsonei eta LGTBI+ mugimenduari, ikusgarritasun erabatekoa lortze aldera, politika, zientzia, irakaskuntza, enpresa eta kirolaren esparruetan, gizartearen arlo guztietan errealitatea ikus dadin eta LGTBI+ gazteek erreferenteak eduki ditzaten. Hori horrela, Iruñeko Udalak guztiz beharrezkoa jotzen du SKOLAE programa aplikatzea diru publikoaz babestutako ikastetxe guztietan eta bere nahigabea agertzen du zenbait sektore kontserbadore programa horretaz eta, oro har, hezkidetzaz egiten ari diren kanpaina mediatiko eta judizialaren aurrean. Iruñeko Udalak giza eskubideekiko konpromisoa berresten du, eta mahai gainean jartzen du beharra dagoela sexu-aniztasunaren aldeko politiketan inbertitzeko, sexu-orientazioak edo genero-identitateak eragindako bazterkeria oro ezabatzeko, arreta-, informazio-, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta kontzientziazio-programak eta proiektuak garatuta, gure hiriak gune seguruak izan daitezen sexu-aniztasuna bere adierazpen guztietan ager dadin, 8/2017 Foru Legeak adierazten duenarekin bat. Iruñeko Udalak sexu-aniztasunaren kontrako gorroto-delitu oro gaitzesten du eta bere elkartasuna helarazten die sexu-izakera edo genero-identitatea direla bide erasotuak, gutxietsiak edo baztertuak izan diren pertsonei orori, dela gure hirian dela hemendik kanpo, bereziki errepresioak berekin heriotza-zigorrak, jazarpenak eta espetxe-zigorrak dakartzan herrialdeetan. Orobat, arbuiatu egiten ditu benetako berdintasun eraginkor baten kontra doazen ekintza sozial eta politikoak oro. Iruñeko Udalak adierazten du LGTBI+ politikak Nafarroa osoan finkatzeko beharra dagoela, eta horretarako finkatu eta zabaldu behar dela Kattalingune zerbitzua, besteak beste, diagnostikoak egin daitezen LGTBI+ kolektibo ezberdinen errealitatearen eta beharren gainean, bereziki landa-eremuetan. Iruñeko Udalak eutsi eginen die Harrotu udal-zerbitzuaren aldeko apustuari eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko politikei.