Iruñeko Udalak bat egin du igandean ospatzekoa den Arrazarengatiko Diskriminazioa Deusestatzeko Nazioarteko Egunarekin, erakusketa baten bidez Kondestablearen jauregian. Nazio Batuen Batzar Orokorrak martxoaren 21a aukeratu zuen 1960ko data beraren oroimenez, zeinean poliziak tiro egin eta 69 pertsona hil baitzituen Hegoafrikako Sharpevillen egiten ari ziren manifestazio baketsu batean apartheideko paseen legearen kontra.
Eguna izendatzean, 1966an, NBEk nazioarteko komunitatea premiatu zuen ahaleginak biderkatzera arrazarengatiko diskriminazio-mota guztiak ezabatzeko, munduan tolerantziaren eta berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren kontrako kultura bat sustatzeko xedez. 2021eko gaia honako hau da: “Gazteria arrazakeriaren kontra altxatzen da”.
Kondestableko erakusketaren izenburua “Bat-bateko argazkiak: arrazismoa desmuntatzen duten esaldiak” da eta 22 obra biltzen ditu, lehen aldiz Iruñeko Udalak antolatu duen eta izenburu bera duen lehiaketan aurkeztutakoak. Argazki-lehiaketak bezala, erakusketak hiriaren irudiak eta arrazismoa desmuntatzen duten esaldiak lotzen ditu. Argazkiek hiriko eguneroko bizitzako aniztasun kulturalaren elkarbizitza islatzen dute eta Iruñeko ohiko eszenak erakusten dituzte. Erakusketan aurkeztutako obrak lehiaketaren oroitzapen-liburu batean bilduko dira.
Bost esaldi arrazismoa desmuntatzeko
Lehiaketaren oinarriekin bat, argazkiak honako bost esaldi hauetan inspiratzen ahal ziren: “Gizateria da gure benetako nazionalitatea” (Herbert George Wells); "Espero dut azkenean pertsonak ohartzea arraza bakarra dagoela –giza arraza– eta denok garela horren partaideak” (Margaret Atwood); “Askatasunarekin amets egitea, justiziarekin, berdintasunarekin, nahiago nuke jada amestu beharrik ez izatea” (Martin Luther King); “Mundu hau ez da aldatuko, gu geu aldatzeko prest egon ezean” (Rigoberta Menchu), eta “Inor ez da jaiotzen beste pertsona bat gorrotatzen haren azalaren kolorearengatik, jatorriarengatik edo erlijioarengatik” (Nelson Mandela).
Bigarren solairuko atarian dagoen erakusketa ikusteko ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara, eta larunbat eta igandetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Apirilaren 5era arte egonen da ikusgai. 22 argazkiak honako 13 egile hauek egin dituzte: Maite Aos, Iñigo Erice, Gaizka Unzueta, Pedro Pileño, Inés Zazu, Alberto Crespo, Zuyev Ruslan, Isabel Sangrós (Esclavas del Sagrado Corazón ikastetxea), Paul Arciniega, Guillermo Unzetabarrenetxea, Alde Peña, Elena Irigoy eta Katty Carranza.