Iruñeko Udalak bat egin nahi izan du urtero azaroaren 25ean egiten den Emakumeen aurkako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Egunarekin, eta horretarako adierazpen instituzional bat onetsi du “emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako sexu indarkeria mota orori” gaitzespena adierazteko. Era berean, gaur arratsaldean Osoko Bilkuran onetsi den adierazpenean jasotzen da Udalaren elkartasuna “eraso edo hil dituzten emakumeei, eta indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoei”.
Horrez gain, adierazpen honen bidez, Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du “modu aktiboan lanean jarraitzeko desparekotasunen aurka, zaurgarritasun-egoeren eta emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu baitira”, eta gauza bera egitea proposatzen die gainerako administrazio publiko eta nazioarteko erakundeei.
Halaber, sinatutako agirian, “herritar guztiei gonbit egin nahi zaie jarrai dezaten emakumeen kontrako indarkeria gaitzesten eta hura deuseztatzeko konpromisoa adierazten, baita patriarkatuaren kontrol mota guztiak eta emakumeei haien askatasuna eta autonomia erabiltzea eragozten dieten muga eta baldintza guztiak salatzen ere”. Are gehiago, dei egiten zaie, zehazki “adin orotako” gizonei “konpromisoak eta jarrera aktiboak har ditzaten emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean”..