Udalak baimena emanen du Sarasate pasealekuan musikarik gabeko terrazak jartzeko gaueko 12:00ak arte, betiere oinezkoei igarotzeko tarte zabala utzita

Udalak baimena emanen du Sarasate pasealekuan musikarik gabeko terrazak jartzeko gaueko 12:00ak arte, betiere oinezkoei igarotzeko tarte zabala utzita
Terraza-zerbitzurik ez duten San Gregorio, San Nikolas, Lindatxikia eta Comedias kaleetako ostalaritza-establezimenduek eskatzen ahal dute instalatzeko baimena

paseo sarasate terrazas

Iruñeko Udalak salbuespenez baimenduko du musikarik gabeko terrazak instalatzea Sarasate pasealekuan, udan zehar. Terrazek tarte handi eta erosoa utziko dute oinezkoak bertatik igarotzeko, eta auzotarrei ez zaie ezein eragozpenik eraginen. Irekiera-ordutegia 09:00etatik 23:00etara izanen da, astelehenetik ostegunera eta igandeetan, eta 09:00etatik 24:00etara, ostiral, larunbat eta festa-bezperetan. Egun terraza-zerbitzurik ez duten San Gregorio, San Nikolas, Lindatxikia eta Comedias kaleetako ostalaritza-establezimenduek eskatzen ahal dute terrazarako gunea.


Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kontuan harturik abiatu da ekimena, izan ere, krisiak honako neurri hauek hartzea eragin du: zirkulazio-aldaketak egitea Sarasate pasealekuan, oinezkoei gune zabalagoa eskainita segurtasun-tartea gordetze aldera; terrazak jartzeko espazio handiagoak baimentzea, eta horiengatik ordaindu beharreko tasak kentzea, krisiak ostalaritzaren ekonomian eragin duen inpaktu negatiboa arintze aldera. Horrek aukera emanen du Sarasate pasealekuan sortutako leku librea aprobetxatzeko.
 

Gehienez 12 terraza
 

Gehienez 12 terrazatarako tokiak baimendu daitezke. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 26ko 14:00etan amaituko da. 12 eskaera baino gehiago aurkeztuz gero, zozketa bat eginen da 29an. Uztailaren 1ean zabaldu daitezke irailaren 30era arte, eta jartzeko mugaeguna uztailaren 12a izanen da. Deialdiaren oinarrien arabera, baldintzen edozein urraketak berekin ekarriko du baimena berehala baliogabetzea.

 

Neurri hau onesteko, kontuan hartu izan da Bide publikoan terrazak eta merkataritzari zein ostalaritzari loturiko bestelako elementuak jartzea arautzen duen Ordenantzaren 9. artikulua, non jaso egiten baita salbuespenezko egoeretan eta oinezkoen kaleetan terrazak instalatu daitezkeela establezimenduaren aurrealdea ez diren tokietan eta beste dimentsio batekoak (dimentsio hori baimena emateko ebazpenean zehaztuko da). Arauak bidea ematen du, baita ere, terrazari zerbitzua ematen lagunduko liokeen instalazio bat jartzeko, establezimendutik langileen joan-etorriak saihesteko.
 

10 mahai eta 40 aulki terraza bakoitzean
 

Terraza bakoitzean, gehienez 10 mahai eta 40 aulki jarriko dira itzalkinekin eta perimetroko hesiekin. Halakoetan establezimendua zein den eta horren publizitatea baino ezin izanen da jarri. Ontziteria, mahai-tresnak eta mantelak erabilera bakarrekoak eta biodegradagarriak izanen dira. Higiene-neurriei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren Erabakiak jasotzen dituen jarraibideak bete beharko dituzte, izan ere, aipatu erabakiak Foru Komunitatea normaltasun berrian dagoela adierazten du. Halaber, elikadura-jarduerei lotutako araudiari men egin beharko diote. Ez da frijigailurik baimentzen.
 

Laguntza-instalazioak gehienez 5 x 2,5 metrokoak izanen dira eta energia-hornidura izanen dute, baina ez urik ez hustubiderik. Udalak komun publikoak ditu Foruen estatuaren inguruan; 21:00ak arte egoten dira zabalik, igandeetan eta festa-egunetan izan ezik. Baimendutako terrazek ordaindu beharko dute komunez arduratzen diren langileen ordutegia handitzeari dagokion prezioa.
 

Terraza eskatu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: jarduteko gaitasun betea duen pertsona natural edo juridikoa izatea, ezein debekuk ez ukitzea, tributu-betebeharrak egunean izatea eta Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda egotea dagokion epigrafean.

¿Te ha sido útil esta página?