Iruñeko Udalak baimena eman die pandemia dela-eta hirian jarri diren aldi baterako ostalaritza-terrazei, 2022ko urtarrilaren 7a arte zerbitzua ematen jarraitzeko. Jarduera horretarako emandako epea datorren irailaren 19an amaitzekoa zen, baina egungo egoerari eta pandemiaren bilakaerari buruzko datuei esker, gaur goizean bildu den COVID-19 Batzordeak oniritzia eman dio luzapenari, zeinak eragiten baitie hiriko hainbat eremutan baimendutako aldi baterako terraza berriei eta baita osasun krisia baino lehen jadanik zeuden terrazak handitzeari ere.
Iruñeko Udaleko COVID-19 Batzordeak gaur goizeko bileran heldu dio azken hilabeteetan hiriko hainbat eremutan instalatutako aldi baterako ostalaritza-terrazei emandako baimenaren indarraldiari. Joan den ekainaren 25eko saioan erabaki zen terrazen instalazioa irailaren 19a arte uztea, Aldapako San Fermin eguna baino lehenagoko asteburua izateagatik, eta data irekita utzi zuten osasun-bilakaeraren eta egon litezkeen programazioen arabera aldatzeko.
Pandemiak azken asteotan izan duen bilakaera, egungo egoera eta epe laburreko aurreikuspenak aztertu ondoren, Batzordeak oniritzia eman dio terrazen funtzionamendua baimentzeari datozen Gabonak amaitu arte, hau da, 2022ko urtarrilaren 7a arte. Neurriak Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeen babesa jaso du. EH Bildu eta Geroa Bai udal-taldeak abstenitu egin dira.
Udala salbuespeneko erabakia hartzen ari da aldi baterako ostalaritza-terrazak sustatzeko, osasun krisiak sektorean izaten ari duen inpaktu ekonomiko negatiboa gutxitze aldera, eta hainbat neurri hartzen ari da, hala nola terraza berriak baimentzea, leku gehiago ematea existitzen direnei eta tasak kentzea. Pandemiaren hasieratik, 2020ko martxoan, Herritarren Segurtasuneko Alorrak terrazei lotutako 1.600 eskaera baino gehiago jaso ditu; horien artean daude aldi baterako zein aldi baterako ez diren terrazak handitzea, instalatzea eta aldatzea.