Udalak auzo-unitateei laguntza emateko zentro bat abiatu du, errenta bermatuaren eta larrialdietarako laguntzen eskaerek gora egin baitute

Udalak auzo-unitateei laguntza emateko zentro bat abiatu du, errenta bermatuaren eta larrialdietarako laguntzen eskaerek gora egin baitute
385 lagunetik gora ari dira lanean funtsezko gizarte-zerbitzuetan, hala nola auzo-unitateetan, EELZn, EUAZn, EAIAn, EISOLen, aterpetxeetan eta udal-jantokian
Fachada

 

Martxoko lehen 13 egunetan Iruñeko Udalak 17.600 euro ordaindu zituen larrialdietarako laguntzetan. Bigarren hamabostaldian kopuru hori ia laukoiztu egin zen, eta 65.000 eurora iritsi zen. Datu horiek eta ikerlan bat ikusirik, non adierazten baita martxoa eta maiatza bitarte errenta bermatuaren prestazioa milatik gora pertsonendako tramitatu beharko litzatekeela, Iruñeko Udalak beste baliabide bat jarri du martxan gaur, astelehenarekin, apirilak 6 dituela. Hiriko 13 auzo-unitateei laguntza emateko balioko du; izan ere, joan den martxoaren 14an COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatze aldera alarma-egoera dekretatu zenetik, errenta bermatuaren prestazioak eta larrialdietarako laguntzak tramitatzeko eskaerek nabarmen egin dute gora.
 

Horrela, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrak laguntza eman nahi izan die, batetik, auzo-unitateei, gizarte-zerbitzuetara sartzeko atea diren aldetik, eta bestetik, profesionalei, zeinen jarduna murritzagoa izan beharrean areagotu egin baita, presio eta lan-ahalegin handiagoaz areagotu ere, Maria Caballero alorreko zinegotziak prentsaurreko birtualean azaldu duenez. Ekimen berritzaile honek premia berriei eta gizarte-larrialdiei arreta emateko balioko du, bai eta Udala azken asteotan jasotzen ari den laguntza-eskaeren tramitazioa kolapsatzea ekiditeko ere, hartara erantzun eraginkorra emateko herritarrei. Udalaren gizarte-zerbitzuetan, 385 profesionaletik gora ari dira erabiltzaileei arreta ematen.
 

Baliabide berriak ez die erabiltzaileei zuzeneko arreta emanen

Auzo-unitateak ez ezik, Udalak jardunean mantendu ditu beste baliabide batzuk ere: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ), Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua (EUAZ), Gizarte-zailtasunak dituzten haurrendako arreta-lantaldea (EAIA) eta Gizarteratze eta Laneratze Taldea (EISOL). Halaber, zabalik daude udal-jantokia eta Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa, eta gune horiei laguntza osagarria emate aldera, salbuespenez prestatu dira, osasun krisi honetarako, Jesús eta María eta Casa Padernborn Etxea aterpetxeak, Andre Maria Laguntzakoa komentu zaharra eta zenbait ostatu. Horrez gain, aste honetan hasiko da funtzionatzen larrialdietako zerbitzua, Aste Santuan kasu larriei aurre eginen diena.
 

Arreta-premiak hazi direla erakusten dute beste datu hauek ere: EELZren elikadura-eskaerek gora egin dute, gastua 12.760 euroan handitu delarik. Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Udalak jantokirako beken onuradunen berri eman dio, eta auzo-unitateek beste familia-unitate eta pertsona bakarreko familien berri, elikadurarako diru-txartela eman diezaieten. Horrez gain, DYAren laguntzarekin, erosketaren eta botiken ordainketa aurreratzen zaie konfinaturik egon eta baliabiderik ez duten familiei edo une horretan eskudirurik ez dutenei, betiere ezin dutela ordaindu egiaztatzen bada.
 

Gizarte-zerbitzuei laguntza emateko udal-zentroa Lezkairuko auzo-unitate berrian dago, Milagrosako José Vila ikastetxe zaharrean. 6 gizarte-langile eta Komunitate Ekintzako prebentzio-lantaldeetan aritutako hiru hezitzaile aritzen dira bertan, eta hiru udal-teknikarik egiten dute koordinazio-lana. Bertan tramitatzen dira auzo-unitateek eskariari erantzun ahal izateko bideratzen dituzten errenta bermatuaren prestazioak eta larrialdietarako laguntzak. Ez diote jendeari zuzeneko arretarik ematen, profesionalei laguntza emateko baliabide gisa sortu baita. Halaber, arriskupean dauden herritarrei telefono bidez jarraipena egiteaz arduratzen dira: adinekoei, adingabeei, zailtasun-egoeretan dauden familiei, etab.
 

Elikadura eta ostaturako laguntzak martxoaren azken astean

Iruñeko Udalak badu dirulaguntza-deialdi bat gizarte-larrialdiko egoeran dauden pertsonei zuzendua, ostatuko (alokairu edo hipotekaren ordainketa), ur- zein gas-hornidurako, elikadurako eta higieneko oinarrizko premiak ordaintzeko laguntza behar dutenentzat. Martxoaren 1etik 13ra, 17.600 euro ordaindu ziren guztira, eta 16tik 30era, berriz, kopuruak 65.000 euro jo zuen. Dirulaguntza horrek hasiera batean 630.000 euro zituen, eta eskaerek joera horri eutsiz gero, handitu egin behar izanen da.
 

Errenta bermatua aldizkako diru-prestazio bat da, oinarrizko premiak asebeterik ez dituzten pertsonei zuzendua, eta eskubidez jasotzen diren beste edozein prestazioren osagarri izan daiteke. Nafarroako Gobernuak ematen du, baina auzo-unitateen bidez tramitatzen da. Udalaren ikerlan baten arabera, errenta bermatuaren 1.067 berritze-tramite egin beharko dira martxotik maiatzera. Horiei gehitu behar zaizkie martxoaren 16tik apirilaren 3ra larrialdi-laguntzetarako jaso diren 295 eskaerak, eta datozen hilabeteotan iritsi daitezkeen guztiak.
 

Martxoan, errenta bermatua berritu nahi zuten 121 pertsona artatu ziren. Apirilean 434 lagun izatea aurreikusi da, eta maiatzean, 512. Auzoka, eta aurreikuspenen arabera, Arrotxapeko auzo-unitateak jasoko ditu eskaera gehien (198), ondoren Milagrosakoak (185), Txantreakoak (133) eta Sanduzelaikoak (108). 50 eta 100 eskaera bitarte jasoko dira Alde Zaharrean (86), Donibanen (72), Buztintxurin (69), Mendillorrin (54), Zabalgunean (53) eta Etxabakoitzen (51). Kopuru horietatik behera daude Ermitagaña (32) eta Iturrama (26), eta Lezkairuko auzo-unitatea, duela gutxi abiatu zenez gero bertako eskaerak Milagrosan tramitatuko dira-eta.
 

Jarraipena adinekoei, genero-indarkeria pairatzeko arriskuan dauden emakumeei eta adingabeei

Aldi berean, Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko Alorrak kolektibo zehatz batzuen jarraipena indartu du, hala nola adinekoena, babesgabetasun-egoeran dauden adingabeena eta genero-indarkeria pairatzeko arriskuan dauden emakumeena. Lehen kolektibo horretan honako hauei ematen zaie lehentasuna: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileak eta laguntza hori eten arren unean uneko laguntza behar lezaketenak; udal-apartamentuetan daudenak; prestazioren bat tramitaturik edukita ikuskapenen bat izan dezaketen mendeko pertsonak; osasun-zentroen zerrendekin bat ahul dauden zaharrak, eta auzo-mugimendu boluntarioei esker atzemandako herritarrak.
 

Alarma-egoerak iraun bitartean genero-indarkeria pairatzeko arriskuan dauden emakumeen jarraipenari dagokionez, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak (EUAZ) azken sei hilabeteotan artatutako emakumeak hartzen dira kontuan. Telefono-dei baten bidez gogorarazi zaie EUAZ zerbitzuak jardunean jarraitzen duela eta aurrez aurre eta telefonoz zein posta-elektronikoz jar daitezkeela harekin harremanetan, eta larrialdirik egonez gero 016, 092 eta 112ra deitu behar dutela. Horrez gain, konfinamendu-egoerak zenbait emakumerendako ekar dezakeen arrisku berezia aintzat harturik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin (INAI) eta polizia-kidegoekin harremana egin da, egoera zer nolakoa den jakin eta asteotan jarraipen- eta arreta-jarduketen koordinazioa errazteko.
 

Bestalde, haurtzaroko eta familiako lantaldeak harremanetan jarri dira haurrendako babesgabetasun-arriskua diagnostikatuta duten familia guztiekin, konfinamenduak egoera areagotu ote duen baloratu ahal izateko.
 

Larrialdi-egoeren arta Aste Santuan

Alarma-egoeraren inguruabar bereziak direla medio, Gizarte Zerbitzuetako Alorrak Aste Santuan arreta emateko zerbitzu berezi bat ezarri du, apirilaren 9tik 13ra. Honako hauei zuzenduta dago, bereziki: premiazko egoera babesgabeetan dauden familia eta adingabeei, genero-indarkeria pairatzen duten edo pairatzeko arriskua dauden emakumeei eta bizikidetza-arazoengatik, ospitaletik edo espetxetik ateratzeagatik eta abarrekoengatik etxerik gabe daudenei. Halaber, kontuan hartuko dira herri batetik bestera mugitzen ari direlako kalean dauden pertsonak.
 

Hori horrela, telefono bidezko arreta eta/edo aurrez aurrekoa emanen da premiazko egoera larrietan, betiere emakume, familia eta adingabeei segurtasun- eta babes neurriak emateko eta egoitza-baliabideetara laguntzeko dauden dispositiboen sarearekin koordinaturik.
 

Udalaren gizarte-baliabide osagarriak alarma-egoeran

Udalak jardunean mantendu ditu ohiko gizarte-zerbitzuetako baliabideak, hala nola, auzo-unitateak, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzua (EUAZ), Iruñeko Udal Jantokia eta Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa. Jardunean diraute, baita ere, Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldeko programek Gizarte-zailtasunak dituzten haurrendako arreta-lantaldea eta Gizarte Enpleguko zenbait lantalde.
 

Horiek osatzeko, osasun-krisian beste baliabide berri batzuk abiatu dira, gizarte-larrialdiko egoeran dauden pertsonak aldi baterako artatzeko zentro gisa: Jesús eta María turista eta erromesen aterpetxea, etxerik gabeko pertsonak artatzeko, Trinitarioskoa beteta zegoen-eta; Casa Padernborn Etxea erromesen aterpetxea, Iraizoz Txaletean, eta Andre Maria Laguntzakoa komentu zaharreko ikasle-egoitza, Txantrean. Ostatu batzuek ere arreta emanen diete asteotan etxerik gabe geratzen direnei.
 

Langile gehiago eta segurtasun-neurri sendoagoak, koronabirusari aurre egiteko

Zerbitzuak indartu izanaren erakusle dira lanera sartu diren langileak, hainbat baliabideetako oinarrizko gizarte-zerbitzuetan arreta ematen hasi diren 350etik gora langileei prebentzio-kontratuetako gizarte- eta hezkuntza esparruko beste 24 profesional batu baitzaizkie, herritarrei ematen zaien laguntza indartu eta hobetze aldera. Horrez gain, beste 12 profesional laneratu dira Jesús eta María aterpetxean, gizarte- eta hezkuntza esparruko lagun-egite zerbitzua emateko.
 

Zerbitzu horiek guztiak emateko, onetsitako neurriak kontuan hartzen ari dira betiere, esate baterako, pertsonen artean gutxieneko tarte bat gordetzea, telefono bidezko arreta lehenestea aurrez aurrekoaren aldean eta higiene- zein garbiketa-neurriak zorroztea, segurtasuna bereziki zainduta Etxez Etxeko Zerbitzuaren arretan. Esate baterako, udal-jantokian tuperretan ematen dira elikagaiak; garbiketa-lana areagotu egin da gizarte-enplegu eta kontratetako langileak aritzen diren lantokietan; haur-eskoletako lantaldearen laguntza izan dute Jesús eta María aterpetxean, eta EELZ aldi baterako eten duten 250 erabiltzaileei ordaintzea salbuetsi eta lekua gorde zaie, horrek 11.400 euroko kostua izan duelarik.
 

COVID-19ren aurrean segurtasuna bermatzeko, EELZan 15.000 eurotik gora inbertitu dira norbera babesteko ekipamenduak izan ditzaten, diagnostiko-probetan profesionalak aintzat har daitezen lehenetsi da eta maskarak egitea bultzatu da.

Videos

¿Te ha sido útil esta página?