Udalak auto elektrikoak kargatzeko 26 hargune jarriko ditu, ingurumenarekiko begirunetsuagoak diren ibilgailuen erabilera sustatze aldera

Udalak auto elektrikoak kargatzeko 26 hargune jarriko ditu, ingurumenarekiko begirunetsuagoak diren ibilgailuen erabilera sustatze aldera
Erabilera publikoko kargagune elektrikoen sistema bat osatzeko bi administrazio-emakidetarako proposamenak aurkezteko epea uztailaren 6an amaituko da

puntos de recarga
 

Iruñeko Udalak auto elektrikoak kargatzeko 26 hargune jarriko ditu, ingurumenarekiko begirunetsuagoak diren ibilgailuen erabilera sustatze aldera eginiko apustuari eutsiz, giltzarri izanik herritarrak hori kontuan hartzen ari baitira. Ekimenaren xedea erraztasunak eman eta ibilgailu elektrikoak sustatzen jarraitzea da, izan ere, esanguratsua da nola ugaritzen ari diren. Teknologia honen aldeko apustua Iruña Smart estrategian, Stardust proiektu europarrean eta Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako ‘Go Green Iruña’ Estrategiaren baitan kokatu behar da.
 

Tokiko Gobernu Batzarrak martxoaren 16an onetsi zuen espedientea, baina alarma-egoera deklaratu ostean administrazio-epeak eten egin ziren. Ekainaren 1etik aurrera epe horiek berrezarri eginen dira, eta era horretan proposamenak aurkezteko epea uztailaren 6an amaituko da. Kalkulatzen da irailerako emakidak esleituta egon daitezkeela; hori horrela, 2021eko martxoa baino lehen ibilgailuen kargagune berriak instalatuta eta abian egonen lirateke.
 

6 elektrizitate hargune gehiago urte honen hasieran
 

Modu honetan, Iruñeko Udalak hiriko leku ezberdinetan banatuta dauden eta urte honen hasieran berriztatu zituen bide publikoko elektrizitate-harguneen sarea handitu eginen du. Une honetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko 6 kargagune daude eta horien karga-abiadura handitu egin da. Kargaguneak San Ignazion, Ermitagañako merkatuan eta Ezkirotzen kokatuta daude, eta Udalaren eta Iberdrolaren arteko hitzarmen bidez funtzionatzen dute. Horiei Iruñeko Udalak txandakako lurrazpiko aparkalekuetan baimendutako beste 23 gehitu behar zaizkie, erabilera publikokoak horiek ere. Gehienak, 12, Nafarroako Ospitaleguneko aparkalekuan daude. Gainerakoak, zezen-plazan (2), Nafarroako Blanca plazan (5) eta Gazteluko plazan (4).
 

26 hargune horiez gain, Iruñeak ibilgailu elektrikoen kargaguneen sareari kargagune fotovoltaikoa gehitzeko asmoa du; ibilgailu elektrikoen karga-azkarreko zutoin bat da,eta eraikin batean txertatutako instalazio fotovoltaikoak hornitzen du. Proiektua –uda igarota ikusiko du argia– lehen aipatutako estrategiekin bat dator, eta Iruñeak Stardust proiektuarekin hartutako konpromisoetan sartuta dago.
 

16 kargagune hargune azkar eta erdiazkarrez hornituak
 

Espedienteak bi administrazio-emakida egiteko pleguak jasotzen ditu erabilera publikoko, irekiko eta Iruñeko biztanleek zein hiria bisitatzera datozenek erabiltzeko kargagune-sistema instalatu eta kudeatzeko beharrezkoa den jabari publikoa emateko. Bi emakidetako bakoitzarekin 8 kargagune instalatuko dira, horietatik hiru azkarrak izanen dira (50 kW-ra arteko karga, korronte zuzenean) eta 5 erdiazkarrak (22 kW-raino korronte alternoan). Kontuan hartuta kargagune erdiazkarrek 2 hargune dituztela, eta aldi berean bi ibilgailu kargatzeko aukera ematen dutela, bi emakida hauen bitartez guztira 26 hargune jarriko dira erabiltzaileen eskura.
 

Lizitazioa antolatzeko udalerria bi eremutan banatu da. Alde Zaharra,Txantrea, Zabalguneak, Mendillorri, Milagrosa, Azpilagaña eta Lezkairuko auzoak dagozkio bati. Besteari, Arrotxapea, Buztintxuri, Sanduzelai, Donibane, Ermitagaña-Mendebaldea, Etxabakoitz eta Iturrama. Enpresa esleipendunak edo esleipendunek kokapen zehatza proposatuko dute Udalak pleguetan azaldutako puntuak kontuan hartuta. Kokapena zehazteko irizpiderik garrantzitsuenak hauek izanen dira: erabiltzaileen irisgarritasuna, harguneen ikusgaitasuna eta energia elektrikoaren banaketako sareekiko gertutasuna. Kasu guztietan, baterian edo bateria inklinatuan aparkatzeko banden ondoko espaloietan instalatuko dira, eta enpresa esleipendunek ibilgailuak kargatzeko bi toki prestatuko dituzte eta seinaleztapen horizontala eta bertikala jarriko dute.
 

Udalaren bultzada mugikortasun elektrikoari
 

Iruñeko Udalak modu honetan mugikortasun elektrikoari bultzada ematen jarraitzen du, 2005ean Mugikortasun Jasangarriaren aldeko Tokiko Ituna bultzatuta eta ondoren 2009an Klimaren aldeko Alkateen Ituna sinatuz, eta hurrengo urtean Iruñean ibilgailu elektrikoa sartzeko planarekin (PIVEP) hartutako bideari eutsiz.
 

Horrez gain, Europako Batzordearekin batera finantzatzen duen Stardust proiektu europarreko bazkide da. Proiektu horren xede nagusia da hiri-eredu adimentsuago, eraginkorrago eta humanoagoetarantz eramatea hiria, eta berariazko helburuetako bat da Iruñean mugikortasun elektrikoa bultzatzea Smart Cities (hiri adimendunak) deiturikoen esparruan. Iruñeak hiri aitzindari moduan parte hartzen du Finlandiako Tampere eta Italiako Trentorekin batera, etorkizuneko hirien erronkei erantzuteko irtenbide adimentsu eta berritzaileak diseinatu eta garatzen.
 

Berrikiago, joan den negu amaieran, Iruñeko Udalak 'Go Green Iruña’ estrategia aurkeztu zuen, Iruñeko Energia Diagnostikoak bermatutako Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategia, zeinaren xede nagusia baita hiriko isuri kutsagarriak drastikoki murriztea.  Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoak ere helburu nagusien artean du “Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua” lortzea.
 

Ildo beretik, ordenantza fiskalak eta prezio publikoak arautzen dituen araudiaren aldaketak ingurumen- eta gizarte-esparruko zerga-pizgarri berriak sartu zituen tributuen eta prezio publikoen araudian. Esate baterako, EKO eta “0 isurketa” motako ibilgailuen zergan hobariak ematen hasi zen, eta “0 isurketa” motakoak, gainera, eremu urdinean ordaintzetik salbuetsi ditu.
 

Energia-hornidura % 100 berriztagarria, gehieneko tarifak eta app bidezko ordainketa
 

Bi emakidak arautzen dituzten baldintza tekniko eta ekonomikoak berdinak dira. Kargaguneak kontratua formalizatu eta 8 hilabeteko epean instalatu beharko dira, eta ondorengo ustiapen-epea 8 urtekoa izanen da. Emakiden esleipendunek haien gain hartu beharko dituzte sistema abian jartzeko beharrezkoak diren gastu eta inbertsio guztiak, baita ondorengo kudeaketa eta mantentze-lanak ere, eta Iruñeko Udalari urteko kanona ordaindu beharko diote gune publikoa erabiltzearen truke. Kanona urtean eginiko kargen ordainketatik eskuratzen dituzten mozkinen araberakoa izanen da. Emakidadunek % 100 jatorri berriztagarriko energia elektrikoa hornitu beharko dute. Emakida amaitzean kargaguneak Udalaren eskuetara itzuliko dira. Gainera, kasua bada, emakidaren xedea handitu egin ahal izanen da, sistemaren kargagune-kopurua handituz. Sistema hau kontratatzen duten erabiltzaileek ibilgailuen kargaren truke eginiko ordainketak enpresa esleipendunari jasanaraziko zaizkio.
 

Erabiltzaileek zutoin horietan kontsumitutako energiaren truke Udalak urtero onetsiko dituen tarifak ordainduko dituzte, emakidadunek eskatuta, betiere pleguetan adierazitako gehienekoa gainditu gabe (0,50 €/kW kargagune azkarretan, eta 0,35 €/kW kargagune erdiazkarretan). Kargagune azkarretan kargatzeko denbora ordubetekoa izanen da gehienez ere, eta erdiazkarretan bi ordukoa, salbu eta gaueko ordutegian (22:00etatik 08:00etara) non ez den denbora mugarik izanen kargagune erdiazkarretan. Enpresen eskaintzen arabera, kargaguneak aurrez erreserbatzea ahalbidetuko duen sistema bat ezartzeko aukera izanen da.
 

Sisteman alta ematea nahiz kargen kontratazioa eta ordainketa emakidadunek erabiltzaileen eskura jarriko duten telefonoko aplikazio baten bidez egin ahal izanen dira. App honei esker kargaguneen okupazioa kontsultatzen ahalko da, kargatzeko erreserbak aurrez egin, erabiltzaileei mezuak bidali, intzidentzien berri eman, txata erabili, eta abar. Horrez gain enpresa emakidadunek 24 orduko arreta-zerbitzu bat eduki beharko dute eta mantentze-lanetarako eta gorabeherak konpontzeko beste bat.
 

Lizitazioan interesa duten enpresek 35 egun natural izanen dituzte lizitazioaren iragarkia argitara eman eta biharamunetik hasita haien eskaintzak aurkezteko. Ez dago inolako mugarik; hortaz, enpresa bera izan daiteke bi emakiden esleipenduna.
 

Ibilgailu elektriko gehiago udal-ibilgailuen flotan ere
 

Nafarroan urtean matrikulatzen diren ibilgailu elektrikoen kopurua 17tik 223ra igo da datuak bildu diren azken lau urteetan; horrela, 17 izan ziren 2015ean; 30, 2016an; 81, 2017an, eta 223, 2018an. Iruñeari dagokionez, 0 isurketakoak diren  ibilgailuentzat (% 100 elektrikoak) araututako eremuetan doan aparkatzeko 181 txartel eman dira 2011tik hona; goranzko joera progresiboa izan da, eta oso adierazgarria azken bi urteetan: 9, 2015ean; 16, 2016an; 30, 2017an, eta 81, 2019an. Era berean, Udalak berak 2019. urtearen amaieran ezaugarri horietako bi ibilgailu erosi zituen: ordenantzendako furgoneta bat, eta Hiri Kontserbazioko zerbitzurako ibilgailu bat, udal-ibilgailuen flota berritzen jarraitze aldera. Ildo horretan, udal-ibilgailuen auditoria bat egitea aurreikusita dago, arian-arian elektrifikatzen joateko.
 

Garraioko isuriak murriztea Udalaren apustu estrategikoa da. Kontuan hartzen du joan den astean aurkeztutako hiriko Energia Diagnostikoaren arabera, Iruñeak urtero 4.435 GWh energia kontsumitzen dituela eta horren % 56k petrolioaren produktu deribatuak dituela oinarri. Energia horren erdia baino gehiago, % 53,1, garraioaren sektoreari lotuta dago. Energia-eskari horrek esan nahi du hiriak 1.133.200 tona CO2 baino gehiago isurtzen dituela, 5,7 tona biztanle bakoitzeko. Errekuntza arrunteko ibilgailuak pixkanaka ibilgailu elektrikoekin ordezkatzeak, eta eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletaz eta garraio publikoa erabiliz egitea bultzatzen duten neurriek aldaketa klimatikoa saihesten laguntzen dute, eta hiri garbi eta osasungarria bermatzen.

¿Te ha sido útil esta página?